Herri Sanferminak plataformak sanferminetako egitaraua aurkeztu du

Uztailaren 6tik 14ra, Iruñeko O-ko Andre Maria plazara itzuliko dira Herri Sanferminak, eta jarduerak egingo dituzte egunero. Kontzertuen artean, Skabidean, Streetwise, Zaunka eta Borla izango dira, besteak beste.

Herri Sanferminak plataformak bere sanferminetako egitaraua aurkeztu du gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Herri Sanferminak plataformak bere sanferminetako egitaraua aurkeztu du gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2025eko ekainaren 13a
19:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurten ere, Iruñeko O-ko Andre Maria plazan txosnak jarriko ditu Herri Sanferminak plataformak. «Egitarau zabala eta askotarikoa izan dadin saiatu gara. Kontzertuetatik harago eskaintza askotarikoagoa lortu nahi dugulako», azaldu dute, gaur eman duten prentsaurrekoan.

Bazkariak, antzerkiak, olinpiadak, pilota txapelketa eta bertso saioak izango dira aurtengo sanferminetan. Asmoa arratsaldeko egitaraua indartzea dela adierazi dute. Horretarako, hainbat kontzertu antolatu dituzte: uztailaren 6an Los Tirris, Skabidean, The Trikiteens eta DJ Pibikens ariko dira; hurrengo egunean, La Bahia eta Zaunka, besteak beste; uztailaren 8an, Apotheke eta Borlaren doinuek beteko dute plaza; uztailaren 9an, Irunyard eta Perlata izango dira oholtzan, eta 10ean, Malakias eta DK Kabia, besteak beste. Asteburuan Streetwise, DJ Pezon, Islada, Zazu Rumba eta Aingura izango dira, eskaintza zabal baten artean; eta, amaitzeko, uztailaren 14an Katu eta DJ Barbarie izango dira.

Oholtza gainean emakumeen presentzia indartzeko saiakera egin dutela adierazi dute plataformako kideek, baita euskara lehen lerroan jartzekoa ere. Kontzertuez gain, egunero antolatu dituzte arratsalde antitaurinoak, zezen plazatik kanpo beste aukera kultural bat eskaintzeko asmoz. Iaz bezala, herri txupinazoa jaurtiko dute uztailaren 6an, O-ko Andre Maria plazatik, eta aurten kale saltzaile batek jaurtiko du.

Erdigunetik at

Iazko emaitzarekin «pozik» geratu zirela esan du Irune Azkoiti Herri Sanferminak plataformako kideak: «Aurten gogotsu hasi gara lanean. Balorazio positiboa egin genuen joan den urtean, ikusirik txosnak beteta zeudela. Horregatik, espazioa irekitzeko apustua egin dugu». Txosnak Iruñeko erdigunean egotea zen asmoa, eta Iruñeko Udalarekin hitz egin zuten bi txosnagune jartzeko: bata O-ko Andre Maria plazan, eta bestea Baratxurien plazan, 2016tik 2019ra bitartean han egin baitziren kontzertuak. Ezezkoa jaso zuten, osasun zerbitzuen gunea kokatu behar dutelako bertan, iaz bezala. Azkoiti: «Herri Sanferminetakook aldarrikatu nahi duguna da ezinbestekoa dela erdigunean egotea eta herri mugimenduak aukera izatea bere espazioa handitzeko».

Herri Sanferminak plataformak aurkeztutako egitaraua. IÑIGO URIZ / FOKU
Herri Sanferminak plataformak aurkeztutako egitaraua. IÑIGO URIZ / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.