«Bi eredu daude: minotauroa eta zentauroa. Zentauroaren metaforan, piztia adimen artifiziala da; gizakia zentauroaren gainean jartzen da, bultza egiten du, eta lau hankatan joaten da, askoz azkarrago. Minotauroarekin, berriz, gizakia itsu geratzen da, eta piztia buruan jartzen du; alegia, zenbait gauza eraginkorragoak dira automatizatuz gero eta ondoren pertsona batek azken orraztua emanda». Erich Eichstetterren hitzak dira, GOe Tech Centerreko eraldaketa digitalaren arduradunarenak. Minotauroaren eta zentauroaren dikotomia baliatu zitekeen adimen artifizialaren aukerez eta mehatxuez jarduteko, baina Eichstetterrek hizpidera ekarri duen metafora ez da arre edo iso egiteko proposamen bat, errealitatearen argazki bat baizik.
Yuval Noah Hararik Homo Deus-en iragarritakoa gertatu da: adimen artifizialak gizadia hackeatu du ja. Ez da etorkizuneko kontu bat: gaur eta hemen ari da gertatzen. Eta badago zer ikertua, baita gastronomiaren ikuspegitik ere. Basque Culinary Centerrek berriki sortutako GOe Global Open Ecosystem-en zentro teknologikoak txosten batean bildu du adimen artifizialak gastronomian daukan eragina. Bai baitauka: adimen artifizialaren bidez diseinatu dituzte dagoeneko elikagaiak, menuak, zaporeak, sukaldeak, jatetxeak, supermerkatuak… «Txosten honetan orainaldiaz ari gara», nabarmendu du Eichstetterrek: adimen artifiziala jan ere egin daiteke ja.
Adimen artifizialak gastronomian daukan erabilera bi eratakoa izan daiteke nagusiki, Eichstetterren arabera, eta minotauroaren eta zentauroaren metaforak azaltzen du hobekien. AAri esker, kalkuluak azkartu daitezke, datu bolumen handiak azter daitezke eta alternatibak ezagut daitezke, betiere irizpideak, sormena eta interpretazioa gizakien esku badaude. Hori da zentauroa, txostenaren arabera: gastronomiako profesionalentzako laguntza bat, bultzada bat; ez ordezko bat. «Txantxetan, zera esaten dut: AA bekadun bat dela, bekadun oso eraginkor bat, baina ezin duzu dena haren eskuetan jarri. Zuk zeuk berrikusi behar duzu hark egin duena, finean zure erantzukizuna delako», azaldu du Eichstetterrek.

Beste eredu bat ere badago, ordea: «Supermerkatuetan gehien aldatzen ari dena atzealdekoa da: logistika kontuetan automatizazio oso handia dago, eskarietan, mezuen erantzunetan…». Eta hori adimen artifizialaren bidez egiten hasiak dira ja; minotauroaz ari da. Baina minotauroak sukaldea bere egiten badu? «Ez dut uste sukaldaritza artisaua desagertuko denik, baina paradigma berriak sor daitezke. Elkarrekin bizi dira bi gauzak, eta batak ez du bestea kentzen», nabarmendu du ikertzaileak; bada nor, teknologiak gastronomian daukan eragina eta haren joerak ikertzea baita haren lana. «Azkenean, benetako arrisku bat robotak izango lirateke —adimen artifiziala daukate—, baina uste dut hortik oso urrun gaudela. Ez dut uste iritsiko denik robotek jatetxe gehienak osorik ordezkatuko dituzten garai bat», adierazi du, lasai.
Bi segundoz isilik geratu da, buruko datu basean arakatzen ariko balitz bezala, eta honela segitu du: «Zalantzarik gabe, Burger King eta McDonald’s bezalako kateetan bai; halako lekuek pertsonarik gabe bukatzea saihetsezina da; edo pertsona bakarrarekin, kontrolatzeko. Hori badator». Tankera horretako jatetxeetan izan ezik, besteetan ez du arriskurik ikusten: «Jatetxeez ari bagara, jendeak elikatzea baino gehiago bilatzen du. Egin ariketa mental hau: taberna batera zoaz, eta han vending bat dago, koktel perfektuak egiten dituena, edo beste batera, bar tender batekin. Nire ustez, mundu guztiak bar tender-a duena aukeratuko du. Giza interakzioa, giza geruza hori, funtsezkoa da esperientzian».
AAk egindako gazta
Esperientzia horrek protagonista bat baldin badauka, horixe janaria da. Beganoek ez dute animaliarik eta haietatik eratorritakorik jaten, eta, merkatuan dauden gainerako elikagaiak jateaz gain, haiek jateko moduko bestelako produktuak egiten hasiak dira enpresa batzuk; adibidez, gazta beganoa. Noski, ez da esneki bat, baina gaztaren zapore eta testura bera du; oso antzekoa, bederen. Gazta beganoaren diseinua findu duen enpresa bat Climax Foods da; hark egindako gazta urdinak arrakasta handia izan du mundu osoan. Stephen Colbertek berak jan zuen gazta hura AEBetako CBS katean iazko udara arte izan zuen late show arrakastatsuan, txantxa artean. Bada, hau ez da txantxa bat: adimen artifizialaren bidez diseinatua da.
«Ez dut uste iritsiko denik robotek jatetxe gehienak osorik ordezkatuko dituzten garai bat»
ERICH EICHSTETTERGOe Tech Centerreko eraldaketa digitalaren arduraduna
«Duela gutxi hemen egon zen Eneko Axpe fisikaria, eta azaldu zigun Not Co start-up-ekoek algoritmo propioa sortu dutela, Giuseppe izenekoa. Haiek zera egiten hasi ziren: adibidez, esnea hartu, datuetan deseraiki —esnearen osaerari erreparatu—, eta horren erreplikak egin zerbait beganoa egiteko. Algoritmoak esan zien anana zuku pittin bat gehitu behar zitzaiola, ia atzeman ezina. Hala egindakoan, jabetu ziren zaporeak askoz antz handiagoa zuela ezagutzen dugun behi esnearen zaporearena. Halakoetara iristen da algoritmoa, eta akaso askoz zailagoa da horretara intuizioaren bidez iristea. Logika berari segituta diseinatu zuten gazta Climax Foodsekoek», azaldu du Eichstetterrek.
Axpek, hain zuzen, lan handia egin du adimen artifiziala eta gastronomia uztartzen. Eneko Atxa sukaldariarekin batera, Delicia.ai izeneko aplikazio bat sortu du, eta lehenak izan dira menu oso bat adimen artifizialaren bidez sortzen; zerbitzatu ere egin zuten jatetxe batean. «Sukaldari hauek eseri ziren, adimen artifizialarekin errezetak garatu zituzten, mundu errealean testatu zituzten, eta bueltak eman zituzten zerbitzatu zitekeen zerbaitekin topo egin arte. Hori duela pare bat urte egin zuten», kontatu du ikertzaileak.
ChatGPTn bila
Duela bi urte egin zutela nabarmendu du, arrazoi batengatik: «Gauzak oso azkar doaz. Aurtengo ChatGPT ez da duela bi urteko bera, eta bereziki kontu hauetan: errezetak, janaria... Gero eta hobea bihurtu da, gero eta akats gutxiago egiten ditu. Sukaldariek beren burua hezteko duten modua aldatu egin da, kontsultatzeko duten modua: ja ez dute Googlen begiratzen, baizik eta ChatGPTn, teknika edo erreakzio kimiko jakin baten berri izan nahi badute». AA gero eta gehiago baliatzen da, beraz, sukaldean; beste adibide bat eman du Eichstetterrek: «Duela gutxi, sukaldari batek azaldu zidan berak gozogintza munduan erabiltzen duela. Formulazio nahiko zehatzak behar dira, eta kopuru zehatzak jasotzen ditu adimen artifizialen bidez. Bestela, denbora izugarri pila pasatuko zuen diseinatzen, eta honekin, minutu gutxi batzuk. Orokorrean, hori da gehien aldatu dena: dena azkartu da. Denbora gutxiago behar da dena egiteko».
Baina horrek ez al dio kalte egiten sukaldarien sormenari? «Nire ustez, sormena indartu egiten du. Adimen artifizialari galdetzen badiozu ananarekin egin daitezkeen ehun gauzari buruz, haren erantzuna abiapuntu gisa baliatu dezakezu. Ehun aukera horien artean ez dagoen zerbait pentsatzen baduzu, eta egongo da, ja gainetik kendu dituzu bistakoak diren ehun, eta hortik abiatzen zara. Ideia batzuk oso onak iruditzen zaizkigu, baina Googlen bilatuta, jabetu gaitezke hori mila aldiz egin dutela; orduan, horrela, hori egiteko arriskua saihestu dezakezu», azaldu du ikertzaileak.
«AAren haluzinazioak hor daude: kontrastatu egin behar da esaten duena. Batzuetan gezurrak asmatzen ditu»
ERICH EICHSTETTERGOe Tech Centerreko eraldaketa digitalaren arduraduna
Oro ez da urre, eta arriskuak ere badaude: ilusioak eta haluzinazioak. «Profesional batzuek uste dute egin ditzaketen baino gauza gehiago egiten dakitela. Adimen artifizialaren bidez egiteko gai izanda, pentsa dezakezu zu zeu zarela hori egiteko gai, baina ez da egia: AA erabili duzu. AAren haluzinazioak ere hor daude: kontrastatu egin behar da AAk esaten duena. Batzuetan gezurrak asmatzen ditu», ohartarazi du.
Etxean ere egiten da gastronomia, eta adimen artifizialak ere aurkitu du bere harrobia etxetresnetan. Hozkailu adimendun bat, kasurako, hau da: hozkailua irekitzean, pantaila batek identifikatzen du zer elikagai dauden barruan, hiru errezeta proposatzen ditu, jango duen jende kopuruaren arabera antolatzen ditu zatiak, eta jarraibideak ematen dizkio labeari. Merkatuan dago dagoeneko. «Ja ez da zientzia fikzioa. Errealitatea izan daiteke hozkailura iristea eta hark zuri esatea badakiela zer egin zenuen goizaldeko ordu bietan... Labeak esan ziola», esan du Eichsteterrek, barrez.
Horixe, bada: zientzia fikzioa zirudiena, etxeko sukaldean dago ja. On egin!