Ahaztuetan ahaztuenak, argitara

Aitzol Arroyok eta Aitor Azurkik 'Euzkadiko borrokalarietako bat naiz' liburua egin dute. Frogatu dute 36ko gerraren hasieran gutxienez 180 internazionalista aritu zirela Gipuzkoan errepublikazaleekin borrokan. Nazioarteko Brigaden aurrekariak dira.

Irungo fronteko argazki bat; erdian ageri den andrea Estera Zilberberg 'Estoucha' da. AITZOL ARROYOREN ETA AITOR AZURKIREN FUNTSA
Irungo fronteko argazki bat; erdian ageri den andrea Estera Zilberberg 'Estoucha' da. AITZOL ARROYOREN ETA AITOR AZURKIREN FUNTSA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2026ko irailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lviv (Ukraina), 1940ko ekainaren 12a. Abram Gostynski praktikante judu komunistak papera eta boligrafoa hartu zituen gutun bat idazteko. 1939ko irailetik bizi zen Lviven, medikuntzako ikasketak Lausanan (Suitza) bukatu eta Bigarren Mundu Gerra hasi zenetik; gurasoekin biltzera joan zen bertara. Polonian jaio zen arren, faxismotik ihesi Frantziara erbesteratu zen 20 urte zituela, eta gero Belgikan finkatu zen; Belgikako Alderdi Komunistako kide egin zen. «Dolores Ibarruri Pasionaria burkide maitea», hasi zuen gutuna. «Euzkadiko borrokalarietako bat naiz. 1936ko abuztuaren 8an etorri naiz Irunera».

Gostynski, ordea, hiltzat jotzen zuen historiografiak gutun hori idatzi zuenerako: 36ko gerraren hasieran Irungo frontean (Gipuzkoa) hil zutela uste zuten. Beste bederatzi boluntario belgikarrekin joan zen Gipuzkoara, osasun laguntzaile moduan, Espainiako Bigarren Errepublikaren alde borrokatzera. Andoaingo frontean aritu ostean, hiltzat jo zuten Irungo frontean. Bizirik atera zen, ordea, eta borrokan segitu zuen Asturiasen (Espainia), Legution (Araba) eta Bilboko Artxandan, besteak beste. Euskal Herrian urtebete pasatuta, 1937ko abuztuaren 25ean Parisera joan zen; han atxilotu egin zuten, eta askatu zutenean joan zen Lausanara; handik, Lvivera.

Gostynski ordurako hiltzat joko zuen historiak, baldin eta Aitor Azurki kazetaria eta Aitzol Arroyo historialaria artxiboz artxibo aritu izan ez balira «ahaztuetan ahaztuenak» gogoratzen. Halaxe aurkitu zuten Gostynskik Pasionariari bidalitako gutuna, non-eta Errusiako artxibo batean; horrela jakin zuten bizirik atera zela. Eta egin berri duten ikerketa lan mardula biltzen duen liburuaren izenburua borrokalari horri zor zioten: Euzkadiko borrokalarietako bat naiz. Internazionalistak Gipuzkoan 1936ko gerran. Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu die, eta herriz herri ari dira aurkezten.

«Frontea berriro antolatzen lagundu zuten: hesiak non jarri eta metrailadoreak nola kokatu erabakitzen. Frontea goitik behera berrantolatu zuten»

AITZOL ARROYOHistorialaria

Hain zuzen, 36ko gerra hasi berritan Gipuzkoan errepublikazaleei laguntzen aritu ziren internazionalistak ekarri dituzte gogora liburuan: haien nondik norakoak, gerran eduki zuten parte hartzea eta haien elkartasun konprometituak gerrako lehen borrokei egin zien ekarpen esanguratsua. «Gaia ez zegoen sakonki ikertuta. Eusko Gudarosteak ikerketa asko falta dituen moduan, zer esanik ez internazionalista hauek: ahaztuetan ahaztuenak dira», nabarmendu du Arroyok. Areago, orain arte uste zen soilik 60 internazionalista inguru aritu zirela Gipuzkoan; bada, Arroyok eta Azurkik dokumentalki frogatu ahal izan dute gutxienez 180 aritu zirela. Gutxienez. Beste hainbat izen azaldu zaizkie, baina ezin izan dute dokumentazioaren bidez frogatu Gipuzkoan borrokan aritu zirenik gerrako lehen hilabeteetan. «Metodologia oso zurruna baliatu dugu», aitortu du Arroyok; 1936ko uztailaren aurretik iritsitakoak kanpoan utzi dituzte, kasurako.

Izenak eta aurpegiak

Ikertzaileek aurrez bazuten internazionalista haien berri —Miguel Usabiagaren Flores de la repĂºblica (Errepublikako loreak) liburuaren bitartez, adibidez—, baina 2018an Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroan ikertzen ari zirela, Salamancan (Espainia), internazionalisten hainbat izen agertu zitzaizkien, eta apuntatzea erabaki zuten. 2023an erabaki zuten ikerketari heltzea, eta hala iritsi dira 180 internazionalista identifikatzera. Haien denen izen-abizenak jaso dituzte, eta aurpegia ere jarri diete: denen bizitza azaltzen duen hiztegi biografiko batek osatu du liburua.

«Kontuan hartu behar da etorri zirenak ez zirela edonor», zehaztu du Azurkik. «Lehen Mundu Gerran egonak ziren, edo zerbitzu militarra egina zuten bere herrialdeetan, eta esperientzia zeukaten gerran. Beste asko militante erbesteratuak ziren, hainbat kartzelatatik pasatutakoak. Tartean, beren herrialdeetatik ihesi zebiltzan alemaniarrak, italiarrak eta poloniarrak; asko Internazional Komunistan lerrotutakoak ziren, eta oso prestatuta zeuden. Anarkistak, sozialistak eta troskistak ere etorri ziren. Filiazio argirik gabekoak ere bai: oro har antifaxistak ziren».

USAFeko belgikarrak, beste kide batzuekin, Donostiako portuko sarreran. JANKEW WINKERREN ARTXIBO PRIBATUA
USAFeko belgikarrak beste kide batzuekin, Donostiako portuko sarreran. JANKEW WINKERREN ARTXIBO PRIBATUA

1936an Bartzelonan antolatu zituzten Herri Olinpiar Jokoetan aritutako asko boluntario gisa joan ziren Aragoiko (Espainia) guduetara, gerra hasi eta gutxira. Hala ere, atzerritik propio gerrara etorritako lehenak Euskal Herrian aritutakoak izan ziren, hain zuzen gerrako lehen borrokak Gipuzkoan egin zituztelako. Zergatik? «Emilio Mola jeneral faxistak Irungo muga itxi egin nahi zuen, kanpo laguntzarik ez iristeko: ez hornidurarik, ez materialik, ez pertsonarik», azaldu du Arroyok.

Faxisten buruzagi nagusietako bat izan zen Mola, eta Alfonso Beorlegi koronela ere bai. Hark gidatu zituen faxistak Irungo borroketan. «Eta internazionalista batek zauritu egin zuen», erantsi du Azurkik. Izan ere, internazionalista haiek Irungo frontean izan zuten rola ez zen anekdotikoa izan. 180 internazionalistetatik 155ek gutxienez borroka egin zuten Irungo guduan. «Kalkulatzen da Irunen errepublikaren alde 2.000 edo 3.000 aritu zirela borrokan. %5a baino gehiago izan ziren internazionalistak. Irunen, lehenengo egunetan, lehen hilabetean, gerra hasi eta hilabetera ja bertan zeuden. Multzo handi bat da, kontuan hartzekoa», azaldu du Arroyok.

Laguntza esanguratsua

«Internazionalistek metrailadoreak eta botikak ekarri zituzten: laguntza militarra eta sanitarioa izan zen», zehaztu du Azurkik, eta hala segitu du Arroyok: «Frontea berriro antolatzen lagundu zuten: hesiak non jarri eta metrailadoreak nola kokatu erabakitzen. Frontea goitik behera berrantolatu zuten». Horregatik, nabarmendu dute internazionalista haiek Gipuzkoan esanguratsuak izan zirela, baina ez erabakigarriak; alde faxistan, berriz, nazioarteko laguntza —Alemaniarena eta Italiarena, batez ere— «erabakigarria» izan zela ziurtatu dute: «Faxismoa munduko potentzia nagusia zen armagintzan. Desoreka handia zegoen bi aldeen artean».

Errepublikazale batzuk Irungo frontean, Bidasoa ibaiaren alboan. AITZOL ARROYOREN ETA AITOR AZURKIREN FUNTSA
Errepublikazale batzuk Irungo frontean, Bidasoa ibaiaren alboan. AITZOL ARROYOREN ETA AITOR AZURKIREN FUNTSA

Errepublikaren aldekoak Irunen gogor borrokatu eta bizia eman arren, faxistak jabetu ziren hiriaz, eta, gutxinaka-gutxinaka, Gipuzkoa osoaz. Gerrak aurrera segitu zuen, eta internazionalista haietako askok laguntzen segitu zuten. Izan ere, 1936ko urrian Nazioarteko Brigadak sortu zituzten Albaceten (Espainia), eta Gipuzkoan aritutako asko haietako kide egin ziren. Areago, Irungo eta Oriako fronteetan 1936ko udan aritutako borrokalariak brigaden aurrekaritzat jotzen dituzte.

Ia denak gizonak ziren arren, borrokan aritu zen emakume internazionalista bat identifikatu dute: Estera Zilberberg Estoucha. Gostynski bezala, hura ere Polonian jaio eta Belgikara erbesteratu zen; militante komunista zen, eta erizaina. Osasun laguntza ematen aritu zen Gipuzkoan, baina metrailadorea hartuta ere bai. Gipuzkoa faxisten eskuetan erori ostean borrokan segitu zuen, bi modutara: batetik, frontean; bestetik, Bilbon argitaratzen zuten Mujeres astekari antifaxistako erredaktore egin zen, eta emakumeei begirako hitzaldiak ematen aritu zen.

«Haien sakrifizio guztia goratu nahi izan dugu, modu boluntario eta altruistan beren bizitza eman zutelako. Zor diegu»

AITOR AZURKIKazetaria

«Emakume horrek Euskal Herrian duen ibilbidea itzela da», nabarmendu du Azurkik. Izan ere, Estouchak bere bizipenak semeari kontatu zizkion, eta hark argitaratu egin zituen liburu batean, frantsesez. Bada, gaztelaniara itzuli berri dute, eta dirua biltzen ari dira euskaratzeko; hari buruzko dokumental bat egitekoak ere badira. «Estoucha internazionalista haien guztien bozeramaile bihurtu da nolabait».

Izan ere, «gizarte indibidualista honetan, erreferenteak behar ditugu», uste du Arroyok, eta zera gaineratu du Azurkik: «Historia berreskuratuta, etorkizuna gorpuztu dezakegu. Haien sakrifizio guztia goratu nahi izan dugu, modu boluntario eta altruistan beren bizitza eman zutelako. Zor diegu».

liburuaren aurkezpenak

Euzkadiko borrokalarietako bat naiz. Internazionalistak Gipuzkoan 1936ko gerran liburua aurkeztu dute Hernanin (Gipuzkoa), Salamancan (Espainia), Madrilen, Donostian eta Azkoitian (Gipuzkoa), eta herri hauetan aurkeztuko dute datozen egunetan: urriaren 8an, Errenterian (Gipuzkoa); urriaren 14an, Irunen (Gipuzkoa); urriaren 16an, Hondarribian (Gipuzkoa); urriaren 22an, Urnietan (Gipuzkoa), urriaren 27an, Oñatin (Gipuzkoa); azaroaren 10ean, Durangon (Bizkaia); azaroaren 11n, Usansolon (Bizkaia); azaroaren 12an, Astigarragan (Gipuzkoa); azaroaren 18an, Andoainen (Gipuzkoa); azaroaren 19an, Usurbilen (Gipuzkoa); datorren urteko martxoan, Seguran (Gipuzkoa); eta apirilaren 15ean, Elgetan (Gipuzkoa). Herri askotan gertatutakoa ere ekarriko dute hizpidera. Hau da haien posta elektronikoa: internazionalistak@gmail.com.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA