Aktoreen bidelagunak

Pertsonaiak eraikitzeko orduan, aktoreek eskertu ohi dute kanpo begiradaren bat izatea, eta hori ematen diete aktore zuzendariek: haien alboan egoten dira platoan, haiek babesten, zaintzen, eta magia egiten laguntzen.

Erika Olaizola aktore zuzendaria pantailatxoari begira, 'Irabazi arte' telesaila grabatzen. NAHIA SILLEROK UTZIA
Erika Olaizola aktore zuzendaria pantailatxoari begira, 'Irabazi arte' telesaila grabatzen. NAHIA SILLEROK UTZIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kamerak bere lekuan? Bai. Argia ondo? Ondo! Soinua? Baita ere. Aktoreak, prest? Bai! Ea, ba, goazen. Hiru, bi, bat... Grabatzen!». Horrela sortzen dute zinemaren magia platoetan, filmatzeen tripak ezagutzen ez dituztenen irudiko; akaso filmek berek horrela erakusten dituztelako filmaketak. Eszena hori fikziogintzaren errealitatetik oso urrun ez badago ere, bada hain ezaguna ez den pertsonaia bat, filmetan agertzen ez dena, baina funtsezkoa: aktore zuzendaria. 

«Aktorea pantailan beti biluzik dago, nahiz eta jantzita egon». Harvey Keitel aktore estatubatuarrak esandako hori jada esaera bihurtua da, eta, esaera guztiek bezala, ñabardurak ditu. Izan ere, jantzitegikoak arduratzen dira aktoreak (literalki) janzteaz, baina aktore zuzendarien ardura da haiek hain biluzik ez sentitzea. «Aktore zuzendariari esker lortzen dugu askotan kamera aurrean bakarrik ez sentitzea», adierazi du Nahia Sillero aktoreak. Horixe, bada: aktoreen bidelagunak dira aktore zuzendariak.

Batzuetan antzezlanen, filmen edota telesailen zuzendariek egiten dute aktoreak propio zuzentzeko lana ere, baina beste hainbat zeregin dituztenez, aktoreekin berariaz arituko diren zuzendariak gero eta ohikoagoak dira filmatzeetan. «Zuzendariak asko dauka buruan; berak kontrolatu behar du dena. Gu aktorearekin gaude zehazki», nabarmendu du Ainhoa Aierbek. Aktorea izateaz gain, aktore zuzendaria ere bada; zeregin hori izan du ETBren Go!azen eta Desagertuta telesailetan, adibidez.

«Aktore zuzendariok saiatzen gara aktoreari bere lana eraginkorrago eginarazten. Guk testuinguru osoaren irudia daukagu»

AINHOA AIERBE Aktore zuzendaria

«Aktore zuzendariok saiatzen gara aktoreari bere lana eraginkorrago eginarazten. Aktore zuzendariok pantailatxoan ikusten dugu grabatzen ari dena, monitorean. Orduan, emaitza zein izango den ikusten dugu. Zertan ari den kanpotik ikusten duen norbait izatea garrantzitsua izaten da aktoreentzat. Guk testuinguru osoaren irudia daukagu», azaldu du Aierbek.

Testua zukutzen

Aierbe Kaka antzezlana prestatzen ari da Mikel Laskurainekin, Xanti Agirrezabalarekin eta Erika Olaizolarekin. Azken biak, Agirrezabala eta Olaizola, ETBren Irabazi arte telesaileko aktore zuzendariak izan dira azken hilabeteotan. «Gure lana aktoreen zerbitzura egotea izan da. Grabaketa ez denez lineala, set-era iritsi orduko, grabatzea tokatzen zen sekuentziaren testuinguruan kokatzen laguntzen genien aktoreei, eta, ondoren, testua errepasatu eta finkatzen genuen haiekin. Aktoreei proposamenak egin, haienak ere jaso, eta elkarrekin eszena eraikitzea izan da gure lana, paperean dagoenari bizia emateko», kontatu du Olaizolak.

Hori bai, Olaizolaren arabera, «oso azkar» doa dena. Gainera, departamentu asko aritzen dira aldi berean lanean, eta denen artean lortu behar dute emaitza. «Ezinbestekoa da gu aktoreekin eta aktoreentzat egotea, haien beharrei erantzuteko, eta garrantzitsua da beraiei zu hor zaudela transmititzea, aktore zuzendari nahiz pertsona moduan. Baita besarkada bat emateko bada ere».

«Pertsona gisa, babesleku gara, aktoreen ondoan egoten gara, haiek zaintzen, haiei laguntzen… Hor egote hutsa garrantzitsua izan da beraientzat»

ERIKA OLAIZOLA Aktore zuzendaria

Noski, zuzendariarekin ere elkarlan handia dute. «Gauzak era askotara egin daitezke. Era askotara esan daiteke esaldi bera, eta era askotakoa izan daiteke eztabaida bat: lasaia, ozena... Guretzat interesgarriena den egiteko modua aurkitzen saiatzen gara. Zuzendariak ematen digu lehenbiziko eredua. Zuzendariak ez badu guk esandakoa ontzat ematen, beste bide bat bilatzen dugu. Saiatzen gara zuzendariaren eta aktorearen arteko bitartekariak izaten, aktoreari jarraibideak ematen bere lana ahalik eta finena izan dadin», azaldu du Aierbek.

IRABAZI ARTE
Joana Garitano aktorea eta Eriz Alberdi aktore zuzendaria, 'Irabazi arte'-n entseatzen. NAHIA SILLEROK UTZIA

Sillerok Irabazi arte telesailean aktore zuzendari asko izan ditu, eta balio handia ematen dio haien lanari. «Gaitasuna dute ez bakarrik pertsona bat ulertzeko, baizik eta aldi berean hamabost pertsona ulertzeko. Bakoitzak bere beharrak ditu. Gure aktore zuzendariak beti izan dira aktoreak, eta uste dut hori garrantzitsua dela; beste edonor baino askoz errazago jarriko dira gure azalean. Nahiz eta garrantzitsua den aktorea izatea, uste dut eduki behar duzula bestelako gaitasun sekretu bat», esan du, irriz.

Aierberen ustez, garrantzitsua da aktoreak norbait izatea kanpoan, esango diona ea ondo egin duen, ea beste bide bat hartu behar duen... Ildo horretan, oso gogoan du Kontxu Odriozola aktoreak Goenkale telesaila egiten zuten garaian esan ohi ziona: «Kontxu Odriozolak batzuetan esaten zuen irudipena zuela bonbilla bat gu baino garrantzitsuagoa zela. Bonbilla bat hausten bazen, sekuentzia eteten zen, eta berriz grabatzen. Baina, haren ustez, aktoreekin ez zuten berdin jokatzen. Egindakoa egina da, eta eginda zegoen moduan geratzen zen. ‘Bale, ona!’. Baina aktorearentzat agian ez da ona izan. Eta ondo dator ondoan norbait izatea lasai egoteko esaten dizuna: ‘Agian hau ez da onena izan, baina justu zure hau ez dute hartuko, bestearena hartuko dute, beste plano batetik, eta beste horretan oso ondo zeunden’. Ba, lasaitasuna ematen du».

Laguntza eta babesa

Lasaitasuna baino gehiago ematen dute aktore zuzendariek, Silleroren iritziz. «Ni honetan lanean hasi nintzenean, uste nuen aktore zuzendariaren zeregina zela pertsonaia eraikitzea, alde batetik, eta beste aldetik, eszena muntatzea, ikus-entzunezkoetan bereziki. Baina denborarekin konturatu naiz aktore zuzendariaren lana gehiago dela aktoreari laguntzea eta hura babestea. Badute psikologo puntu bat: ulertzen dute aktoreek momentu horretan zer behar duten eszena hori egiteko. Agian aktore bat teknikoagoa da, eta baliabide teknikoagoak behar ditu —esateko moduaren edo pausen arabera ulertuko du hobeto eszenaren ibilbidea—, baina beste aktore batek agian nahiago du jakitea pertsonaiaren aurreko pausoak zein izan diren. Eta horretarako dago».

Hori da zailena eta politena, Aierberen ustez: «Bakoitzak lan egiteko bere modua dauka, eta oso interesgarria da ikustea nola bideratu bat eta nola bestea». Gainera, kapitulu askotako telesailetan testuingurua izatea ezinbestekoa da aktoreentzat, pertsonaia ondo eraiki ahal izateko. «Haiek egunean ez dakit zenbat eszena grabatzen dituzte, eta guk kokatzen laguntzen diegu: hemendik zatoz, hau gertatu berri da… Kronologia horretan kokatzen ditugu, eta, pertsona gisa, babesleku gara, aktoreen ondoan egoten gara, haiek zaintzen, haiei laguntzen… Hor egote hutsa garrantzitsua izan da beraientzat», azpimarratu du Olaizolak.

Ainhoa Larrañaga eta Ainhoa Aierbe, 'Desagertuta'-ren grabazioan. AINHOA AIERBEK UTZIA
Ainhoa Larrañaga eta Ainhoa Aierbe, 'Desagertuta' telesailaren grabazioan. AINHOA AIERBEK UTZIA

Hori ez ezik, euskara zuzentzaile ere aritu ohi dira gaur egun aktore zuzendariak, Aierbek azaldu duenez: «Goenkale-n bi euskara arduradun zeuden: bat entsegu gelan, eta bestea, platoan. Baina aurrekontuek ez dute gehiagorako ematen, eta azkenean gu aritzen gara horretan. Berez ez luke gure lana izan behar, baina egin egiten dugu. Ez gara horretan adituak, baina saiatzen gara ahalik eta hobekien egiten».

«Gaitasuna dute ez bakarrik pertsona bat ulertzeko, baizik eta hamabost ulertzeko. Bakoitzak bere beharrak ditu»

NAHIA SILLERO Aktorea

Aktore zuzendari izateko era asko daude, gainera. Sillerok maite du Olaizolaren lan egiteko «modu dinamikoa». Hori zertan datzan azaldu du Olaizolak: «Xanti Agirrezabala eta biok oso momentukoak gara: 'Zer ari da gertatzen orain eta hemen? Jo hortik'. Ez gara hain arrazionalak izan eszenak sortzeko orduan. Noski, aurretik prestatzen dugu, kokatzeko, baina gero, set-era joaten zara, eta han gertatzen da magia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.