Ilegorriak populazioaren %1 baino gutxiago dira, Irlandan eta Eskozian izan ezik, non haien intzidentzia %10etik gorakoa den. Ilearen kolorearekin zerikusirik ez duten hainbat berezitasun dituzte ilegorriek. Eta horien atzean MC1R genearen aldaera berezi bat dago.
Gizakiok 25.000 gene inguru ditugu, eta horietatik 650ek —besteak beste, MC1R geneak— gure azalaren eta ilearen kolorea erregulatzen dute. Ekoizten dugun pigmenturik ugariena melanina da, larruazala eguzkiaren erradiazio ultramorearen kalteetatik babesten duena. Bi melanina mota daude: eumelanina, kolore ilunekoa, eta feomelanina, kolore gorrixkakoa. Eta biak molekula beretik abiatuta ekoizten dira: tirosinatik. Zelulan dauden seinaleen arabera, bata edo bestea ekoizten da. Eta zeinek atzematen dituen zelulan dauden seinaleak? Melanokortina hartzaileak, MC1R genetik abiatuta sintetizatzen den detektoreak.Â
Melanokortina hartzailea (MC1R) melanina ekoizten duten zelulen gainazalean kokatzen da, kanporantz begira. Inguruan zer dagoen ikusten du, eta, lotzen zaion molekularen arabera, aktibatu edo blokeatu egiten da. Esaterako, alfa-MSH hormona MC1R-ri lotzen zaionean, MC1R aktibatu egiten da; eta zelulek eumelanina pigmentu iluna sintetizatzen dute. ASP molekulak, aldiz, MC1R blokeatu egiten du, eta zelulek feomelanina ekoizten dute, pigmentu gorrixka.Â
Gizakiok bi melaninak —eumelanina eta feomelanina— ekoizten ditugu. Azalaren eta ilearen kolore ezberdinak bi horien kantitatearen araberakoak dira. Ilegorriek MC1R genea mutatua dute, eta melanokortina hartzaileak ez du berdin funtzionatzen. Hori dela eta, zelularen inguruko seinaleak edozein izanda ere, soilik fenomelanina ekoizteko gaitasuna dute; hortik ilearen kolore laranja-gorrixka.Â
Ilegorriak oso urriak dira. Ilegorria izateko, MC1R genearen bi kopiak —aitarengandik eta amarengandik jasotakoak— mutatuta egon behar dira. Kopia bakarra mutatua dutenak ez dira ilegorriak izango, baina ondorengo ilegorria izan dezakete MC1R gene mutatua duen bikote batekin elkartzen badira.
Ilegorriak D bitamina ekoizten oso eraginkorrak dira. Hala ere, eguzkiaren erradiazioaren aurkako babes txikiagoa dute. Gainera, feomelanina pigmentua fotosentikorra denez, larruazala errazago erretzen zaie, eta melanoma izateko arrisku handiagoa dute.
Eta ez hori bakarrik. Ilegorriek minaren pertzepzio ezberdina dute. MC1R azaleko zeluletan ez ezik, nerbio sistemako zeluletan ere badago, eta hor, minaren transmisioan parte hartzen du. Ilegorriek MC1R mutatuta dutenez, min mota batzuk —beroa eta deskarga elektrikoak— gehiago sentitzen dituzte. Gainera, analgesiko batzuekiko tolerantzia handiagoa dute. Zenbait lanen arabera, efektu bera lortzeko, ilegorriei analgesiko gehiago eman behar zaizkie. Â
Ilegorrien berezkotasuna ez da kanpoko itxurara mugatzen; barruko funtzionamenduari dagokionez ere, badute berezitasunik!Â