Nora Fernandez
EHUko Genetika irakaslea

Boikot akademikoa medikuntzan

2025eko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hegoafrikako apartheidaren kontrako boikota indarra hartuz joan zen hamarkadaz hamarkada, eta, erregimenaren azken urteetan, nazioartean haren bakartze politiko eta morala eragin zuten neurrietan eraginkorrenetakoa izan zen. Bereziki azken urteetan, Israeli boikot egiteko ekimenak esparru batera baino gehiagotara zabaldu dira eta horrek fruituak eman ditu Europako hainbat unibertsitatetan. Esaterako, iaz, Irlandako Trinity College-k erabaki zuen Israelgo unibertsitate eta enpresekin loturak haustea eta Ganteko unibertsitateak lankidetza eten zuen Israelgo zenbait erakunderekin. Herberehetako Erasmus eta Amsterdam unibertsitateek, bestetik, hainbat lankidetza eta truke programa bertan behera utzi zituzten. Gurean, EHUk hainbat proiektutan parte hartzeari uko egin dio eta CAFekin zituen zenbait akordio bertan behera geratu dira. Estatu Batuetan eta Kanadan, ikasle mugimendu oso aktiboak ikusi dira boikot akademikoa egiteko eskatzen, baina presio horrek ez du, momentuz behintzat, erabaki instituzionalik ekarri.

Eta, gaur egun, zer-nolako babesa du Israelekiko boikot akademikoak? Oraingoz, zabalkunde eta adostasunaren aldetik Hegoafrikako erregimenaren kontra izandakoarekin konparagarria ez bada ere, nonbaitetik abiatu zen hura ere, eta hamarkadetako ibilbidea egin zuen erabakigarria izatera iritsi zen arte. Azken urteetan argia ikusi duten nazioarteko hainbat mandatu bide horretatik doaz, zalantzarik gabe. Azpimarragarrienak, Nazioarteko Justizia Auzitegiak 2024ko uztailean plazaratutakoak hain zuzen, Palestinako lurralde okupatuetan Israelen presentzia ilegala dela eta Nazio Batuetako estatuek egoera hori mantentzen lagun dezakeen ekintzarik egin behar ez dutela dio.

Boikotak koherentea ematen du, eta are gehiago giza osasunaz ari bagara. Osasunarentzat genozidioa baino kaltegarriagoa denik ez dago. Genozidioetan osasun langileen eta baliabideen, haurren eta amen osasunaren eta egitura akademikoen kontra gogor jarduten da, horiek baitira edozein gizarteren etorkizunaren oinarririk funtsezkoenak. Ildo horretan sortu da Researchers for Peace ekimena, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Ikerketako Institutuetan Israelekiko boikot akademikoa bultzatzea xede duen ikertzaileen bilgunea. Israelekin dituzten proiektuak etetea, berririk ez eratzea, ikertzaileei kontzientzia eragozpenerako eskubidea bermatzea eta Israelgo hornitzaileek egindako material suntsigarri biosanitarioaren erosketa kontratuak berrikustea eskatzen du taldeak. Era berean, azpimarratzen du boikota pertsonala ez dela: ez da naziotasun arrazoiengatik norbanakoen kontra egindako ekimena, okupazioa eta gizateriaren kontrako krimenak gauzatzeko beharrezko baliabide zientifiko, teoriko, ekonomiko eta materialak sortu, garatu eta kudeatuko dituzten erakundeen kontrakoa baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.