benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Irakasleon tentazioa

2026ko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Interesgarria izan daiteke ChatGPT eta antzeko AA sortzaileen atzean dagoenaz hitz egitea gaurkoan. Tresna horien oinarrian Hizkuntza Eredu Handiak (HEH) daude. Esan dezakegu HEH dela txateatzen dugun tresnaren burmuina. Eta eredu horiek sortzearen atzean dagoen prozesua, funtsean, kalkulu estatistiko masibo bat da. Laburbilduz, sekuentzia batean hurrengo hitza zein izango den iragartzen dute burmuin horiek.

Baina zeren arabera eskaintzen dizkigute erantzunak? Bada, haiek entrenatuak izan diren datuen arabera. Hau da, sortu diren burmuin horien entrenamenduan joera zehatz bateko informazioa jaso badute, alborapenek horra joko dute. Bestetik, eredu horiek sortzeko entrenamenduan gai zehatz batzuen inguruko informazioa urria bada, sarri, eskainiko diguten erantzuna asmatua izango da. Sekulako gezurra erantzun diezagukete txatbotek, hitz ponpoxoen artean ezkutatuta.

Zergatik dakargu hau guztia hona? Esperientziatik diogu, irakasleentzat AAren inguruko ikastaroak eskatu dizkigutenean, eskaera gehienak tresnen erabileran zentratu izan dira. Denok jakin nahi dugu nola erraztuko digun AAk gure lana. Jakin nahi dugu burokrazia nola arinduko digun. Nahi duguna da lan nekeza automatizatzea. Eta hein batean, horrela izango da.

Baina argi esango dugu: irakasleok jasotzen ditugun ikasleen ebidentziak adimen artifizialaren esku uztea legez kanpokoa eta metodologikoki deitoragarria da. Azter ditzagun hori adierazteko arrazoiak. Lehenik, Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorrak debekatu egiten du eragin juridikoa duten erabaki erabat automatizatuak hartzea (kalifikazio akademikoa barne). Horrez gain, ikasleek sortutako testu eta irudiak baimenik gabe eredu horietan prozesatzeak ikasleen jabetza intelektuala eta pribatutasuna urratzen ditu.

Bestetik, AA horien arkitektura estokastikoa eta opakoa da; horrek ezinezko egiten du ebaluazioak eskatzen duen arrazoitze logiko eta trazagarria bermatzea. Eta amaitzeko, ebidentzia zientifikoak frogatu du sistema horiek ezegonkorrak direla eta alborapen algoritmikoak dituztela. Horrek guztiak ezabatu egiten du ebaluazio objektibo batek ezinbesteko dituen berdintasun-printzipioa eta segurtasun juridikoa. Kontuz ba, aurrez aurre irakasle gisa jaso ditzakegun tentazio teknologikoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA