Gizakion garuna naturako egitura konplexuenetakoa da. Nola funtzionatzen duen ulertzeko gero eta gertuago egon arren, oraindik oso urrun gaude. Bide horretan, ezinbestekoa da garunaren osaera zehatz-mehatz ezagutzea, eta, azken urteotan, neurozientzialariak ikaragarrizko aurrerapenak egiten ari dira.
Badakigu garunean askotariko zelulak ditugula, baina guztien artean ezagunenak neuronak dira, haiek baitira informazioa jaso, prozesatu eta transmititzeaz arduratzen direnak. Horretarako, neuronak elkarren artean konektatzen dira, eta hiri bateko argiak lotzen dituen azpiegitura erraldoiaren antzera, konexio sare izugarri konplexuak eratzen dituzte. Konplexutasun horren neurria hartzeko, nahikoa da berriki argitaratutako lan bateko datuei erreparatzea: saguen ikusmen kortexaren milimetro kubiko bakar batean, 200.000 zelula aurki daitezke; horietatik 75.000 neuronak dira, eta guztien artean 500 milioi konexio puntu baino gehiago sortzen dituzte, lau kilometrotik gorako luzera metatua duen neurona sare batean. Eta hori guztia azukre ale baten tamainako garun zati batean; alegia, saguaren garun osoaren % 0,2an. Beraz, pentsa ezazue zer nolako katramila izango den garun oso bat!
Hala ere, benetan harrigarria dena ez da garun helduaren konplexutasuna, baizik eta garapenaren hasierako etapetan are konplexuagoa dela. Izan ere, hasieran, behar direnak baino askoz neurona gehiago sortzen dira. Kalkulatzen da fetu batek dituen neuronen %20tik %50era bitarte ezabatu egiten direla jaiotzaren aurretiko eta ondorengo lehen etapetan. Urte luzez pentsatu izan da neuronen heriotza programatu hori garunaren kableatua fintzeko mekanismo bat zela. Baina ikerketa berriek erakutsi dute garbiketa horrek baduela beste helburu garrantzitsu bat ere: kalitate genetikoaren kontrola.
Zelulak zatitzen direnean, beren material genetikoa kopiatu behar dute. Prozesu hori ez da beti perfektua izaten, eta, batzuetan, kromosoma zatiak galdu edo bikoiztu egiten dira. Ondorioz, gene batzuk faltan eta beste batzuk sobera egon daitezke. Garunaren garapenean, horrelako akatsek ondorio garrantzitsuak izan ditzakete. Izan ere, alterazio horietako batzuk autismoarekin, eskizofreniarekin eta neurogarapeneko hainbat nahasmendurekin lotu dira.
Berriki argitaratutako lan batek aurkitu du fetu garaian neuronen laurdenak baino gehiagok akats genetiko larriak izaten dituela. Aitzitik, jaio ostean, proportzio hori bost aldiz txikiagoa izaten da. Horrek erakusten du neurona akastunak garunetik ezabatzen direla jaiotzaren inguruan. Badirudi garunak, neurona sareak eraikitzen dituen bitartean, ikuskapen moduko bat egiten duela, eta ondo funtzionatzeko gaitasunik ez duten zelulak heriotzara bideratzen dituela.
Baliteke mekanismo horrek huts egiten duenean neurogarapeneko nahasmendu batzuk agertzea. Horregatik, garunak bere burua nola garbitzen duen ulertzea funtsezkoa izan daiteke etorkizunean gaixotasun neurologikoak eta psikiatrikoak hobeto ezagutzeko. Azken finean, naturak argi dauka: garunaren garapenean gakoa ez da neurona kopurua, haien kalitatea baizik.