Haurdun nago. Laster, Osakidetzak Streptococcus agalactiae (B taldeko estreptokokoa) detektatzeko testa egiteko zitatuko nau. Positibo emanez gero, erditzeko garaian antibiotiko tratamendu bat eskainiko didate bakterio horrek umea kolonizatu ez dezan. Protokolo hori gurean arrunta den arren, munduko beste latitude batzuetan ez dago eskuragarri, eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) azpimarratu du txerto baten premia dagoela edozein herrialdetako jaioberriak babesturik egon daitezen.
Lehen kasuak 1931n identifikatu zituzten arren, urte asko pasatu ziren jaioberriengan bakterio horrek sortzen dituen ondorioak ulertu arte. 1970eko hamarkadan sepsiak eta meningitisak eragindako jaioberrien heriotza kausa nagusi gisa izendatu zen, eta infekzio bidea amagandiko transmisioa zela zehaztu. Horrela, 1990eko hamarkadan arrisku taldeko haurdun batzuekin aipaturiko antibiotikoaren protokoloa ezarri zuten, eta Espainian 2003tik hona haurdun guztiei modu estandarizatuan egiten zaie. Espainiako Osasun Ministerioaren datuen arabera protokolo horrek infekzioen %85Â murrizteko balio izan du.
Oro har, protokoloari jarraitzen dioten herrialdeetako datuek ere beherako joera bera erakusten duten arren, OMEk dio S. agalactiae oraindik ere jaioberrien sepsi eta meningitis kasuen eragile nagusia dela mundu mailan. 2020an munduan 360.000 jaioberri gaixotu eta horietatik 91.900 hil ziren. Kasu gehienak Saharaz hegoaldeko Afrikan gertatu ziren, bakterio horren presentzia lurralde batzuetan arruntagoa delako besteetan baino, baita antibiotikoen eskuragarritasuna eta gaixotutako jaioberriak artatzeko instalazioak ere. Adituek diote errealitatea are gordinagoa izan daitekeela, fetuen eta jaioberrien datu bilketa ez baita beti modu egokian egiten.
Haurdun guztien jarraipena eta antibiotikoaren administrazioa ez da herrialde guztientzat bideragarria. Gainera, OMEk dioenez, erditzeko momentuan jasotako antibiotikoa umearen lehen egunetarako babesgarria da, baina ez du infekzio berantiarrarengandik babesten eta antibiotikoekiko erresistenteak diren anduiak ere azaldu dira. Bestetik, antibiotikoak amaren mikrobiotan sortzen dituen kalteak umearen immunitatean eragin kaltegarriak izan ditzakeela dioten ikerketak ere agertu dira. Adituen arabera, jaioberria babesteko modu eraginkorrena amaren sistema immunea txerto bidez indartzea litzateke.
B taldeko estreptokokoaren aurka haurdunak txertatzea proposatu zenetik 37 urte luze igaro dira (atzerapenaren arrazoiek beste artikulu baterako emango lukete). Dena den, munduko edozein haurdun txertatzeko aukera gero eta gertuago dago bi proba kliniko martxan baitaude txerto seguru eta eskuragarri bat lortzeko eta bertan lanean dihardutenen arabera urte gutxiren buruan mundu osoko fetu eta jaioberriak babesteko moduan izango baikara.