Kolektiboki ekitea eboluzioan onuragarria izan da bizidun askorentzat. Urriaren lehenean, Science aldizkarian argitaraturiko ikerketa batean azaldu dituzte bakterioek kolektiboaren onurarako birusen infekzioen aurka erabiltzen duten defentsa sistema baten mekanismoaren xehetasunak.
Mekanismo horrek oso izen teknikoa du: CBASS; ingelesez, Cyclic-oligonucleotide-based Anti-phage Signaling System; euskaraz, oligonukleotido ziklikoetan oinarritutako fagoen aurkako seinaleztapen sistema. Bakterioek birusei aurre egiteko modu bat deskribatzen du izenak, bakterioen immunitate sistemaren parte dena. CBASS mekanismoaren bidez, birusak infektaturiko bakterioak bere buruaz beste egiten du, birusak ugaltzen jarrai ez dezan, eta infekzioa beste bakterioetara zabal ez dadin.
Science aldizkariko ikerketak mekanismoa zein molekularen bidez aktibatzen den identifikatu du, eta bakterioen eta birusen arteko harremanak hobeto ulertzen lagundu du. Bakterioek sortutako infekzioei aurre egiteko, horien immunitate sistema ongi ezagutzea ezinbestekoa da, adibidez, etorkizunean bakterioen aurkako terapietan aplikatzeko.
Immunitate sistemak norbanakoarenak dira; patogenoei indibiduo moduan aurre egiteko baliagarriak. Baina badago immunitate mekanismo kolektibo bat ere. Izan ere, indibiduoek infekzioa geldiarazteak patogenoaren ugalketa eta garapena murrizten du, eta horrek patogenoa kolektiboan zabaltzea saihesten du. Gizakien artean ere, populazio batean nahikoa pertsona immunizatuta dagoenean (infekzioa geldiarazteko gai denean), transmisio kateak eten, eta immunizatuta ez dauden pertsonek patogeno baten aurkako zeharkako babesa jaso dezakete.Â
Elgorriaren kasuan, adibidez, Osasunaren Mundu Erakundeak zehaztu du zenbateko horrek gutxienez %95ekoa izan behar duela, eta, zenbaki horretara oraindik iritsi ez garen arren, estimazioen arabera, 2020Â eta 2024 artean 58 milioi heriotza eragotzi ziren munduko populazioaren %76 immunizatuta egonda. Ehuneko hori handitzeko zailtasun nagusia baliabide falta den arren, badira immunitate kolektibo horren aurka deliberatuki jokatzen ari diren norbanakoak ere.
Adibidez, Donald Trumpen administrazioak 2026an haurren txertaketa politikan egindako aldaketek, elgorriaren txertoaren administrazioa mantsotzea ez ezik, nahasmena eta konfiantza galera ere sor ditzakete. Esan beharra dago AEBetan 2026ko urrira arte 4.410 elgorri kasu detektatu direla —iazkoaren bikoitza—, eta horietako %96 txertatu gabe zeudela. Zoritxarrez, horietako bi elgorriak jota hil dira, bertako Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Erakundearen arabera.
Zelula banakoen heriotza erabiliz patogeno baten hedapena geldiaraztea oso zabaldutako estrategia da bizidunen artean, eta, bakterioak organismo zelulabakarrak izanik ere, kolektiboaren onurarako jardutea bizirauteko estrategia arrakastatsua dela ikusi da. Ekin diezaiogun, beraz, kolektiboki.