Lide Arana
Kimika Aplikatua saileko irakasle titularra

Usaimena deskodifikatzen

2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Usaimenak memoriaren zoko ezkutuak astintzen omen ditu, baina zein da usainaren kode molekularra, zehazki? Zein da garuna pizten duen molekula konbinazioa? Ikerketa berri batek usaimena deskodifikatzeko metodologia berri bat plazaratu du.

Gaur egun jakina da lurrin molekulek, airearen bidez, sudur barneko zelula sentsorialetara iritsi eta zelula horien kanpoaldean dauden usaimen-hartzaileekin batzen direla. Batura horrek usaimen-neuronak aktibatzen ditu eta seinalea garunera iristen da.

2004an Fisiologiako Nobel sariak usaimen hartzaile horien aurkikuntza saritu zuen, proteina horiek kodetzen dituen gene familia identifikatu eta karakterizatu izana hain zuzen ere. Aurkikuntza hura usaimen prozesua ulertzeko giltzarri izan zen arren, gaur egun hainbat gako argitzeko daude oraindik ere. Izan ere, gaur-gaurkoz, gene-familia identifikatuta izan arren, oraindik ez dakigu zeintzuk diren hartzaile horietako bakoitzari batzen zaion edo zaizkion molekulak, ez eta batura horren mekanismoak ere. Horretaz gain, erantzun gabeko galdera horien atzean ikerketa gehiago egiteko zailtasunak daude; izan ere, hartzaile horiek adierazten dituzten zelulak laborategian haztea ez da erraza, eta animaliekin lan egiteak muga nabarmenak ditu, zer esanik ez giza neuronekin lan egin nahi bada. 

Testuinguru horretan, Suitzako lurrin enpresa bateko ikerlariek metodologia berri bat garatu dute laborategian erabiltzen errazak diren eredu zelular arrunt batean usaimen-hartzaile horiek adierazteko eta aztertzeko. Teknologia berri horri esker, animalia edo bestelako eredu konplexuetan garatu edo frogatu ezin diren oinarrizko esperimentuak egin ahal izan dituzte giza usaimen-hartzaileekin. Urriaren 10ean Current Biology aldizkarian argitaratu duten ikerketaren arabera, hainbat lurrin ezagunentzat usaimen-hartzaile berriak identifikatu dituzte metodo horri esker. Aurkikuntza txikia dirudien arren, aurrerapauso horrek usaimen-hartzaileei buruzko hainbat galdera erantzuten lagun dezake.

Erantzunen bila

Galdera horietako bat da, adibidez, zergatik agertzen ote diren usaimen-hartzaileak sudur epiteliotik at. Izan ere, aipaturiko hartzaileak topa ditzakegu azalean, hesteetan, odol-kapilaretan… eta usaimenarekin zerikusirik ez duten arren funtzio fisiologikoren bat betetzen dutela uste dute zientzialariek. Oraindik ez da ondo ulertzen proteina horien funtzioa zein den, ez eta zein molekula batzen diren bertara horiek aktibatzeko. Dena den, aditu askoren ustez, terapia berriak garatzeko itu-molekula aproposak izan daitezke.

Lurrin enpresako ikertzailek lana lurrinen azterketara bideratu duten arren, teknika berrien garapena beti izaten da lagungarri aurkikuntza berriak egiteko. Erabilgarri suertatzen bada, usaimena hobeto ulertzeaz gain, gaixotasun konplexuentzat terapia berriak garatzen ere lagun dezake. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.