Ez dago artasororik Donostiako gain hartan. Artatxoriak bai, paumei lapurretan. Ez dago artaberderik gain hartan, ez artaburu eta ez basartorik artalor ez den gain hartan. Ez ditu artakokoak jan argazkietako artalore eta artagarak. Artarea pasatu dute, eta artapasa egin. Artamairu aleak jaso dituzte, arto bihiak artabahean: Tokiko artoak. Kristinaeneko ingurumen baliabideen etxean jarri dute erakusketa. Basaburu Ttikian, Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan (Nafarroa) oraindik ere erabiltzen dituzten 27 arto aldaera identifikatu dituzte, eta argazkietan jarri, artazuriketan aletzeko.
Cristina Enea fundazioak ondutako erakusketa bat da, Haziera proiektuaren bidez gauzatua, eta abenduaren 21era arte egongo da ikusgai. Edorta A. Muruak eta Marc Badalek egin dituzte prospekzio lanak, eta Maria Azkaratek argazkiak. Artoaren tokiko aldaerak, kokalekuak eta berezitasunak nabarmentzeko ahalegin bat da. «Artoa elementu inportantea izan da Euskal Herriko isurialde atlantikoan: laborantzan eta sukaldaritzan. Hondarreko urteetan, ordea, azkarki apaldu da labore gisa, eta gero eta gutiago kontsumitzen da», azaldu dute erakusketaren antolatzaileek. Arto aldaera asko desagertzen ari dira, mendeetan bertakotuz joan direnak, ibarrez ibar eta herriz herri. «Ikusirik gero eta jende gutiagok eusten diela tokian tokiko aldaerei», prospekzio lan hori egin zuten 2025ean: lehendabiziko karakterizazio bat egin, eta aldaera bakoitzaren kalteberatasuna zenbatekoa den aztertu dute. «Lurraldeotako girora ongi egokitutako aldaerak dira, eta biziki interesgarriak diren ezaugarri organoleptikoak dituzte hemengo ekoizleentzat: aroma, zaporea eta kolorea».
Herriz herri, etxez etxe
Laranja, hori, horixka, gorri, gorrixka, more, morexka eta beltz. Luzaxka zein moztaka. Aleak estutuago eta aleak sueltoago. Eder eta lerden ageri dira artoak argazkietan. Fitxa bat dute denek: etxea, herria, zaindariak, zaindarien adina, nondik etorria, noiztik etxean, eta zenbat etxetan. Aldaerek etxeen izenak dituzte. Irungarai aldaera Irungarai etxekoa da, Gartzainen dago (Nafarroa); Patxi Azkarate, Jose Mari Azkarate eta Juan Mari Urrutia dira zaintzaileak; lehenak 65 urte ditu, bigarrenak 64, eta hirugarrenak 58; ez dakite artoa nondik etorritakoa den, duela ehun urtetik dute etxean, bi etxetan aldatzen dute, eta aldaera horrek bi buru mota ditu. Horrela aletu dituzte 27 aldaerak: herriz herri eta etxez etxe. Baserritarrekin eta errotariekin hizketan.

Eratsungo artaburu hori txikia da, Gartzaingo beste hori beltza. Saldiasko Jurdanea, Urrozko Garazenea, Labaiengo Iturraldea, Lesakako Errotaldea, Zubietako Domintxenea, eta Iruritako Santxotena. Gorrittiko borda, Migelteneko borda, eta Aurkidiko borda. Zaldizuriko bordako artoaren zaindariak Antonio Etxeberria eta Dominika Arburua dira: Etxeberriak 86 urte ditu, eta Arburuak 88. Haien arto aldaerak ehun urte baino gehiago daramatza etxean. Zubietako Olaseneango bordako zaindariak hil egin ziren, baina haien artoa izoztuta utzi zuten, eta bizi da oraindik. Horregatik dio Marc Badalek jaso dituzten aldaera horiek guztiak «mirari txiki bat» direla. Haziera proiektuaren arduraduna da Badal, eta nabarmendu du barietate gutxi horiek «zaintzen» dituztenak adinean aurrera doazela, gaur egun etxe gutxitan egiten dela artoa, eta horregatik, tokiko artoa arrisku larrian dagoela. Alde horretatik, Badalek Zubietako herri errotaren lana goraipatu du: «Ezaugarri horiek dituen adibide bakarra da Euskal Herrian, eta ziurrenik Europan ere bai, gehienak erabilera pribatukoak baitira». Artaloreek artalorrean segi dezaten.