NASA AEBetako Espazio Agentziaren Artemis II misio espaziala Ilargiaren orbitara abiatuko da gaur gauean, eguraldiak eragozten ez badu. Ilargiaren orbitara egingo den lehen bidaia tripulatua izango da 1972az geroztik, eta hamar egun iraungo du. NASAren arabera, misioaren helburu nagusiak dira aurkikuntza zientifikoak egitea, etekin ekonomikoak lortzea eta Marteko lehen misio tripulatuak sustatzea.
Christina Koch NASAko astronautak parte hartuko du misioan. Artemis II misioko espezialista izango da, eta Ilargiaren inguruan orbitatuko duen lehen emakumea. Beste hiru tripulatzaileak Reid Wiseman komandantea, Victor Glover gidaria eta Jeremy Hansen CSA Kanadako Espazio Agentziako astronauta izango dira.
SLS (Espazio Jaurtiketako Sistema) suziriak abiaraziko du Orion ontzia espaziora. Abiatu ostean, bi aldiz orbitatuko du Lurraren inguruan, ontziaren sistema guztiek ondo funtzionatzen dutela bermatzeko. Bidaiaren laugarren egunean, Ilargiaren eragin eremuan sartuko da, eta zazpigarren egunean irtengo da. Astronautak ez dira ilargiratuko, baina Ilargiaren alderik urrunenetik 7.400 kilometro ingurura igaroko dira, misioaren seigarren egunean.
Misioa Kennedy zentro espazialetik abiatuko da (Florida, AEB). Zentro espazialean egongo dira Lehorreko Esplorazio Sistemako (EGS) langileak. NASAren Artemis misioetarako suziriak eta ontziak prozesatzeko eta jaurtitzeko behar diren sistemak eta instalazioak garatzen ditu EGSk.
Hainbat proba egingo dituzte
Beste helburuetako bat da frogatzea Orion ontziko sistema guztiek ondo funtzionatzen dutela espazio sakoneko misioetan —jaurtiketan, hegaldian eta berreskurapenean—. Frogatu nahi dute ontziko sistemak eta ekipoak gai direla tripulazioa sostengatzeko, hegaldiaren hardwarea eta datuak berreskuratzeko. Larrialdi sistemen inguruko probak ere egin nahi dituzte.
Orion ontziak tripulazio modulu bat eta zerbitzu modulu bat ditu. Lehen moduluan tripulazioa bizi da, eta bigarrenak indarra, propultsioa eta kontrol termikoa eskaintzen ditu. Gainera, jaurtitzeko ihes sistema bat ere badu, zeinak tripulazioaren modulua suziritik urrundu dezakeen larrialdi batean.
SLS sistema, ordea, NASAren Orion ontzia abiarazi dezakeen suziri bakarra da. Karga erabilgarrirako, bolumenerako eta irteera energiarako gaitasun handiagoa dauka beste suziriek baino; hori dela eta, misioen konplexutasuna murrizten du. 98 metro baino gehiagoko altuera du, eta eurite handiak eta orduko 136 kilometroko haizeak jasateko gai da.
2022ko azaroan abiatu zen Artemis I misioa, bosgarren saiakeran. Bidaia horretan, SLS suziriaren eta Orion ontziaren gaitasunak probatu zituzten.