Afrika eta Europa ikusten dira lainoen azpian, baita Poloetako aurora borealak ere. «Fida zaitezte gutaz: itxura bikaina duzue; ederrak zaudete», adierazi zuen Victor Glover pilotuak Lurraren argazki berriak bidaltzearekin batera. Hainbat urtetako lanaren, eta arazo tekniko eta ezusteko askoren ondoren, NASAk pauso handia eman du Ilargia berriz konkistatzeko: Artemis II misioa. Azken 54 urtean astronautekin egin den Ilargiko lehen misioa da, eta helburu nagusia aurkikuntza zientifikoak egitea da. Misioak hamar eguneko iraupena du, eta ontzian dauden lau astronautek Lurraren eta Ilargiaren arteko ibilbide osoa egin dute, baita satelitearen aurpegi ezkutua behatu ere.
SLS (Espazio Jaurtiketako Sistema) suziriak abiarazi zuen apirilaren 1ean Orion ontzia espaziora. 9,34 metro kubikoko bolumena duen kapsula batean egongo dira lau astronautak hamar egunez: Christina Koch misioko espezialista, Reid Wiseman komandantea, Victor Glover pilotua —hirurak estatubatuarrak— eta Jeremy Hansen CSA Kanadako Espazio Agentziako astronauta dira misioko protagonistak. Misioa Kennedy zentro espazialetik abiatu zen (Florida, AEB), eta bi aldiz orbitatu zuen Lurraren inguruan, ontziaren sistema guztiek behar bezala funtzionatzen zutela bermatzeko. Bidaiaren laugarren egunean, Ilargiaren eragin eremuan sartu ziren, eta, handik, Lurra behatu.

Ontziaren leihoak Ilargiaren kraterrekin bete bezain pronto, astronautek ikertu beharreko zerrenda atera zuten. Kamera digitalen laguntzaz satelitearen xehetasunak erretratatu zituzten eta ikusten zutena deskribatzen zuten audioen bitartez. Misioaren asmoa ez da Ilargian lur hartzea, baizik eta bere alde ezkutuan hegan egitea, Lurretik ikusten ez den aldean. Satelitearen beste aldeko argazkiak jada atera zituzten Txinak 2019an abiatutako misioan, baina oraingo egitasmoan lehendabiziko aldiz ikusi dute astronauta batzuek bertatik bertara.
Faserik kritikoena Orion ontziak Ilargiaren atzeko bidea hartu zuenean gertatu zen, astelehen goizean. Misioa abiarazi zutenetik, tripulatzaileek etengabeko konexioa izan dute misioaren kontrol zentroarekin, Houstonekin (AEB). Baina Lurrarekin zituen irrati konexioak eten egin ziren satelitearen ertzetik igarotzean, eta lau astronautak bakarrik geratu ziren Ilargiaren alde ezkutuan 40 bat minutuz. Seinalea galdu baino lehen, Glover pilotuak mezu bat zabaldu zuen: «Irrati komunikaziotik ateratzeko prestatzen ari garen bitartean, Lurretik zuen maitasuna sentituko dugu oraindik. Eta Lurreko guztioi gure maitasuna bidaltzen dizuegu Ilargitik. Beste aldean ikusiko zaituztegu».
Espazioko lasterketa
Seinalea berreskuratu bezain pronto, Lurraren sateliteari buruzko informazioa bidaltzen jarraitu zuten, baita Eguzkiari buruzkoa ere. 53 minutuz, Ilargiaren behaketa eten zuten eta izar distiratsuari begira egon ziren: izan ere, Orion ontzitik eguzki eklipse totala ikusteko aukera izan zuten. Ilargia Eguzkiaren aurretik igaro zen ontziaren ikuspuntutik, eta haren argia blokeatu. Horrek aukera eman zien astronautei izarraren koroaren zati bat ikusteko, eguzkiaren kanpoko atmosfera.
«Urrats txiki bat gizakiarentzat, jauzi handi bat gizadiarentzat». Esaldi ospetsu hori Neil Armstrong astronauta estatubatuarrak esan zuen 1969ko uztailaren 20an, Apolo 11 misioan Ilargia zapaldu zuen lehen gizakia izan zenean. Gerra Hotzeko espazio lasterketaren puntu gorena izan zen hura, AEBen eta SESBen artekoa. Orain, beste urrats bat egin dute, baina oraingoan Txina eta AEBak dira inplikatuak.
Lehia atmosferatik harago eraman dute. Potentziek lasterketa espazialeko lidergoa lortu nahi dute; hala ere, Txinako espazio programak NASA aurreratu du: 2019an, Ilargiaren ezkutuko aurpegian lurreratzea lortu zuen lehen aldiz, Chang’e zundaren bidez. Bost urte geroago, 2024an, Chang’e 6 zunda Lurrera itzuli zen, Ilargiaren aurpegi ezkututik hartutako lehen laginekin: 1.935,3 gramo material.
Baina misio tripulatuetan AEBak dira irabazle. Izan ere, Artemis II misioan, gizakiek inoiz Lurretik egin duten distantziarik handienaren marka hautsi dute: 406.771 kilometro. Lorpena bere alde erabili du Donald Trump AEBetako presidenteak: «Estatu Batuetan asko daukagu azkenaldian harro egoteko». Ez dute baztertzen etorkizunean astronauta estatubatuarrek Ilargia berriz zapaltzea, baina, oraingoz, ostiralean Ozeano Barean egin behar duten lurreratzea da hurrengo erronka.