Astelenitan, aterki artean dantzan

Neska-mutiko ugari irten ohi dira Tolosako inauterietako astelehenean kalera, baina gaur plastiko eta aterki artean ibili behar izan dute dantzan. Jaiekin gozatzen jarraitzeko gogoz dira herritarrak, edonola ere.

Tolosako inauteriak, Astelenita betean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Tolosako inauteriak, Astelenita betean. AITOR KARASATORRE / FOKU
urtzi urkizu
Tolosa
2026ko otsailaren 16a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aterki guztiak zabalik, une oro. Tolosako (Gipuzkoa) inauteriak aterkipean. Baina bada aterkiei jokoa topatu dienik. «Ikusita zer iragarpen zegoen emanda, azken unean aterkiak egokitu, eta marmokaz janztea erabaki dugu», esplikatu du Ainhoa Artolak. Hark eta bere senideek aterki bana daramate, mozorro bihurtu dutena: marmoka. «Praktikotasuna bilatu dugu. Umorea beti behar da inauterietan».

Astelenita egun garrantzitsua da Tolosako inauterietan, eta, eguraldiak laguntzen ez duen arren, aisialdi taldeetako karrozak San Frantzisko pasealekura atera dituzte. May Gorostiaga ipuin kontalaria semeak aisialdi talde batean nola parte hartzen duen ikustera joan da, eta ez du eguraldiaren aitzakiarik jarri nahi: «Hemen ikusten da benetako inauterizalea nor den. Goizean goizetik nor ari den karrozak eramaten, plastikoak jartzen plataformei... Maitasun handia dago hor atzean. Franco diktadoreak ezin izan zituen inauteriak bukatu, eta eguraldi txarrak ere ez».

Txilaba jantzita doa Juan Mari Gonzalez; 77 urte ditu, eta euri jasa haurrentzat «kaskarra» dela nabarmendu du. Hala ere, Gorostiagaren hitzei eman die segida: «Ez Francok, ez ETAk, ez inork ezin izan ditu inauteriak amaitu. Eguraldiak ere ez. Inauteriei gelditzen zaizkien orduak disfrutatuko ditugu, egunez eta gauez».

Ibarrako Txiribitu aisialdi taldeko Aiora Aristondo, Maddi Artetxe eta Aiora Altuna gazteak ere ondo pasatzeko gogoz daude —Ostegun Gizenean ere «ederki» ibili ziren: «Egunik onena izan zen»—. «Hainbeste denbora gaurko eguna itxoiten, eta eguraldi hau pena da, baina... hemen gaude», esan du Artetxek. Otsoz jantzita doa bera, eta Kupidoz Altuna, eta sorginez Aristondo. «Gai erakargarria da gurea. Otsoa gaiztoa da, baina herriak beti irabazi egiten du. Horrek adierazi nahi du denak batera baldin bagaude dena posible dela». Mozorroetatik harago ere modu berean ibili nahi dute egunerokoan, herrian «giro osasuntsu bat» izateko.

Tolosako Inauteriak. Astelehenita.
Tolosako Inauteriak. Astelenita. ARITZ KARASATORRE / FOKU

Handik gertu, aspaldi adinez gazte izandako batzuk bainujantzia eta igerilekuko txapela jantzita dabiltza. Musika hasi da, eta igeriketa sinkronizatuko ikuskizun xarmant bati ekin diote.

Mozorroen artean, izan ere, bada denetarik. Juan Carlos Borboikoaren rola antzeztu du baten batek, autobiografia saltzeko asmotan, Espainiako bandera handi bat atzean jarrita. Eta haren inguruko batek kartoizko pankarta txiki bat darama, eta esaldi hau irakur daiteke: Juan Kar, tú siempre serás mi rey (Juan Kar, zu beti izango zara nire erregea). Atzo, igandez, bestetik, zer esana eman zuten han eta hemen Maspalomas euskarazko filmaren bueltan inauteri zale batzuek asmatu zituzten mozorroek.

Klasikoago, txilabarekin jantzita doa Jose Artola tolosarra. «Inauterietan egunero ateratzen naiz bueltatxo bat ematera. Nire emaztea San Esteban elkarteko bazkidea da, eta esango nuke elkarteetan oso giro ona izaten dela».

Txarangen doinuak, kalez kale

Aisialdi taldeetako karrozetan ere denetarik bada. Bakeroak dira batzuk. AEBetako Chicago musikalari egiten dio erreferentzia beste karroza batek. Espaloian bada jenderik haien dantzak ikusten; aterkia zabalik dutela, denak ere. Eta dantzan ari diren gehientsuenak plastikoa soinean jantzita.

Tolosako Inauteriak. Astelehenita.
Neska-mutikoak Tolosako Inauterietan, Astelenitan. AITOR KARASATORRE / FOKU

Idiazabalen (Gipuzkoa) jaioa da Eider Aseginolaza, eta Tolosan bizi da. Inauterizalea da oso. Baina pena du eguraldi kaskarrarengatik. «Gogoko ditut inauteriak. Baina haurrak dauzkagu, eta eguna konplikatu egin da. Ostegun Gizena sekulakoa izan zen, egunez eta gauez ibili ginen». Bihar, asteartea, «giro polita» izango dela espero du. «Asteartean gehienbat bertan bizi garenak ibiltzen gara, baina oso giro ederra izaten da».

Datozen orduetarako ere bakoitzak bere plana egina du. Ibarrako Aristondo, Artetxe eta Altuna gazteek iragarri dute arratsaldean zezenetara joango direla. «Eta gauean parranda egingo dugu».

Tolosako Inauteriak. Astelehenita.
Aisialde taldeetako gazteak Tolosako Inauterietan, Astelenitan. AITOR KARASATORRE / FOKU

Parrandarako giroa txarangek jarri ohi dute, neurri handi batean. Euripean, baina Ero-Etxe elkarteko txarangakoak pauso sendoz dabiltza kalez kale. Haietako batek aipatu du ibilbide bat egin ohi dutela urtero. Eta horretan ari dira, kaleak alaitzen. 

Bihar, asteartea, aterako dira konpartsak. Aterako da sokamuturra. Egingo dute txarangen bilkura. Eta iluntzean dantzaldirik ez da faltako. Aterkia zabalik edo itxita, oraindik gelditzen zaizkie Tolosako inauteriei gozamenerako ordu batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.