Atlantikoko hegalaburra, iparralderantz ihesi

AZTIko ikertzaileek gidatutako nazioarteko ikerketa baten bidez, aztertu dute klima aldaketak nola bultzatzen dituen hegalaburrak ur hotzetara. Haien harrapakinak ere iparraldera mugituko direla ondorioztatu dute.

Hegalabur batzuk itsasoan. IÑIGO ONANDIA
Hegalabur batzuk itsasoan. IÑIGO ONANDIA
itsaso jauregi 2
2026ko otsailaren 27a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atlantikoko hegalaburra (Thunnus thynnus) mundu osoan itsas espezie enblematikoa da askorentzat: ur gazitan bizi den arrain urdin bat da, eta 3,65 metroko luzera eta 600 kiloko pisua ere izan dezake. Diseinu hidrodinamikoa duenez, orduko 70 kilometroko abiaduran igeri egiteko gai da, eta 1.000 metroko sakoneran ere murgiltzen da. Beste arrain gehienek ez bezala, odol beroko zirkulazio sistema du hegalaburrak, eta horrek ur tenperatura desberdinetara egokitzeko gaitasun handia ematen dio: arrain horrek aukera du Artikoko ur izoztuetatik tropikoko ur beroetara igeri egiteko. Ingurunera egokitzeko gai izan arren, hegalaburraren ohiturak arriskuan daudela azaldu dute AZTIkoek argitaratutako ikerlanean. Ozeanoaren tenperatura berotzen ari dela eta, moldatu egingo dira espezie horrek elikatzeko, ugaltzeko eta harrapatzeko dituen eremuak.

AZTI zentroko ikerketa, Navigating future waters: the resilience of the Atlantic Bluefin tuna under climate change (Etorkizuneko urak nabigatzen: Atlantikoko hegalaburraren erresilientzia klima aldaketari begira), Fish and Fisheries aldizkarian argitaratu dute. Maite Erauskin-Extramiana AZTIko ikertzaile eta ikerketaren egile nagusiak egindako aurreikuspenen arabera, ozeanoa berotzen den heinean, hegalaburrak pixkanaka iparralderantz desplazatzeko joera izango du: ur hotzagoen eta produktiboagoen bila. «Egia da espeziea oso migratzailea dela. Kilometro asko egiten ditu, eta batez ere Atlantikoko iparraldean mugitzen da», azaldu du ikerlariak. 

«Klima aldaketak ez die ekosistemei bakarrik eragiten: itsas baliabideak kudeatzeko modua ere eraldatzen du» 

MAITE ERAUSKIN-EXTRAMIANA AZTIko ikertzailea

Baliteke arrainaren ugaltze gune nagusiak «arazo larria» izatea, Erauskin-Extramianaren ustez. Litekeena da hegalaburraren bi ugalketa eremu nagusiak —Mediterraneo itsasoa eta Mexikoko golkoa— askoz ere desegokiagoak bihurtzea ale helduentzat. Atmosferara isurtzen diren berotegi gasen ondorioz, baliteke Mediterraneoko habitata %27 desegokiagoa izatea, eta Mexikoko golkokoarena, berriz, %70 desegokiagoa; horrek arriskuan jarriko luke espeziearen ugalketa arrakasta luzera begira.

AZTIko ikerlanean mende amaierarako estimazioak egin dituzte, eta, haien arabera, hegalaburra progresiboki iparralderantz mugituko da, babesleku klimatiko berrien bila. Europako iparraldea, Groenlandiako ingurunea eta ipar-ekialdeko Atlantikoa izango dira arrainek bisitatuko dituzten gune berriak. «Nahiz eta berotze globalaren eragina sumatu, eremu horiek oraindik hotzak izango dira, eta hegalaburrentzat ezaugarri onuragarriak izango dituzte», gehitu du ikerlariak.

Ikerketa prozesua

Azterlanak ingurumen datuak, hegalaburraren presentzia, harrapakinen banaketa eta arrantza jarduera uztartzen dituzten eredu aurreratuak ditu oinarri, eta mende amaierara arte hainbat klima egoera proiektatzen ditu. «Zera egin genuen, ikusi klima egoera berrietan zer espero den hegalaburrarentzat», azaldu du ikerlariak. 

Mende amaierarako estimazioak egiteko, hegalaburren gaur egungo presentzia hartu dute aintzat, baita ozeanoan barna mugitzeko duten ohitura ere. Hala ere, beste lantalde batzuekin elkarlanean aritu dela azpimarratu du Erauskin-Extramianak: «Beste lantalde batzuek hainbat egoera planteatu dituzte gasen isurketa kontuan hartuz, eta tenperaturaren proiekzioak ere egin dituzte». Proiekzio horietan oinarrituta sortu dute ikerketan erabilitako modeloa, ikerlariaren hitzetan: «Modelo horrek esaten digu zer eremu izango litzatekeen ingurune berria, ikusita zeintzuk diren espeziaren lehentasunak».

(ID_17719316048875) (/EZEZAGUNA)
Ingurunearen egokitasuna. Hegalaburraren etorkizuneko ingurunearen estimazioa / MAITE ERAUSKIN-EXTRAMIANAK UTZITAKOA

Lehen, Mediterraneo itsasoa eta Mexikoko golkoa ziren hegalaburraren babesleku eta ugalketa guneak; AZTIko ikerlariak egindako estimazioen arabera, gune horiek ez dira onuragarriak izango arrainarentzat mende amaieran. Bi mapatan ilustratu dute etorkizuneko egoera: lehendabiziko mapan hegalaburraren etorkizuneko ingurunea zein izango den bildu du ikerlariak, eta berotegi efektuaren kasu okerrenean zer gerta daitekeen erakusten du. Mende amaieran, berdez margotuta dagoen gunea izango da egokiena hegalaburrarentzat, eta morea, berriz, kaltegarriena. 

(ID_17719316196395) (/EZEZAGUNA)
Baldintzen bilakaera. Kolore berdez, aldaketa onuragarriak izango dituzten tokiak, eta gorrian,
galerak izango dituztenak / MAITE ERAUSKIN-EXTRAMIANAK UTZITAKOA

Klima aldaketaren ondorioz hegalaburraren babeslekuak aldatu egingo dira, beraz. Mende amaieran, Mexikoko golkoko eta Mediterraneoko uretan ibili ordez, Groenlandiako ur hotzetan ibiliko da arrain urdina. Han ere sumatuko da berotze globalaren eragina, baina hegalaburraren habitat nagusia izango dela aurreikusi du ikerlariak. Bigarren mapan, kolore berdez, mende amaieran ingurune aldaketa onuragarriak izango dituzten tokiak agertzen dira, eta kolore gorriz, berriz, galerak izango dituzten eremuak.

Harrapakinei begira

Hegalaburra ikertzeaz gain, lanaren beste atal batek arrain horrek jaten dituen espezieen bilakaera ere aztertzen du, hala nola sardinarena, berdelarena edo txipiroiarena. Espezie horiek ere latitude altuagoetara mugituko direla erakusten du, eta horrek eremu berriak sortzen ditu, non atuna eta haren harrapakin nagusiak gainjarri egiten diren, bereziki eskualde borealetan. Eremu horiek «babesleku klimatiko» gisa balio dezakete, edo etorkizunean bereziki egokiak izango diren eremu berri gisa.

«Modelo bat egin dugu animalia horiek janaria balira bezala ikertuz, eta ikusi dugu harrapakin horiek guztiek ere badutela joera bera, hau da, iparralderantz joango direla», ziurtatu du ikerlariak. Egindako estimazioen arabera, espero da hegalaburra eta haren harrapakinak iparraldeko gune beretan elkartzea, hau da, haien ingurunea egokia izango den guneetan. «Beraz, alde horretatik badirudi egoera egokia izango dela hegalaburrarentzat», ondorioztatu du Erauskin-Extramianak.

«Norberak egunero har ditzake erabaki txiki batzuk, eta horrek ere eragin handia du, asko gara eta» 

MAITE ERAUSKIN-EXTRAMIANA AZTIko ikerlaria

Mende amaierarako aurreikuspenak egitea erronka bat izan dela azaldu du ikerlariak, baina zailena «albiste txarren mezularia» izatea dela ere aitortu du: «Klima aldaketak ez die ekosistemei bakarrik eragiten: itsas baliabideak kudeatzeko modua ere eraldatzen du». Desplazamendu horiei aurrea hartzea «funtsezkoa» dela azpimarratu du Erauskin-Extramianak, biodibertsitatea eta haren mendeko bizibideak babesteko. Bestetik, ikerlanaren arabera, «premiazkoa» da arrantza kudeaketa «malgua eta klima aldaketara egokitua» izatea, eta «muga tradizionalak errespetatzen ez dituzten espezieei erantzuteko gai izatea».

Nahiz eta berri txarren mezularia izan, ikerlariak ez du mezu ezkorrik zabaldu nahi: «Norberak egunero har ditzake erabaki txiki batzuk, eta horrek ere eragin handia du, asko gara eta». Baina gehitu du azken finean «oso zaila» dela klima aldaketari tokian-tokian aurre egitea, eta mundu osoan biodibertsitatea babesteko erabakiak hartu behar direla ondorioztatu du. Berotze globalaren eragina ez da bakarrik hegalaburretan sumatzen: ekaitzetan, poloetako izotza urtzean eta beste animalietan ere ikus daiteke, ikerlariak azaldu duenez: «Batzuetan ahaztu egiten zaigu zer arazo ditugun gainean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.