Azken basazaldiak

Przewalski arrazakoak basazaldi askeak dira, eta ez dira inoiz etxekotuak izan. Stefan Schomann kazetari eta idazle alemaniarra zaldi horiek eragiten dien liluraz aritu da kaleratu berri duen liburuan, 'Auf der Suche nach den wilden Pferden' izenekoan.

Stefan Schomann kazetari eta idazle alemaniarra, przewalski arrazako zaldiekin batera. STEFAN SCHOMANN
Stefan Schomann kazetari eta idazle alemaniarra, przewalski arrazako zaldiekin batera. STEFAN SCHOMANN
unai etxenausia
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Azkenak dira, basatienak, denboran iraun duten bakarrak. Przewalski zaldi arraza, takhi ere esaten zaiona, ez da inoiz etxekotua izan: gaur egun bizirik dirauen benetako azken basazaldia da. Gizakiak ez du inoiz lanerako edo lagun gisa erabiltzeko egokitu. Loturarik barik, trostan aske ibili dira beti.

Oro har, antzina etxekotu zituzten eta gaur egun aske bizi diren zaldi arraza guztiei deitzen zaie basazaldi. Egoera erdi basatietan larretzen dira batzuk, gizakiaren eragin txikiarekin. Beste zenbait kasutan, berriz, gizakiak aspaldi leku isolatu batean askatu zituelako bihurtu dira basati. Bi multzotan sailkatuta daude: populazio erabat basatiak (Banker poney-a, Brumby-a, Chincoteague poney-a...) eta populazio erdi basatiak (Camargako zaldia, Dartmoor poney-a, Exmoor poney-a, pottoka...).

Przewalskiak erabat basatiak izan arren, sailkapen horretatik kanpo daude. Zaldi arraza gehienak baino txikiagoa da; halaber, gorpuzkera trinkoagoa du, hanka motzagoekin. Lepo nabarmen mardula eta motza du, eta, tamainagatik, poney-en sailkapen taldean dago.

HUNGRÍA-CABALLOS
Przewalski zaldi basatiak, trostan. TIBOR OLAH / EFE

Asia erdialdeko lautada zabaletan aurkitu daitezke przewalski arrazako zaldi gehienak, batez ere Mongolian. Erresistentziaren sinbolo bizidun bilakatu dira. Stefan Schomann kazetari eta idazle alemaniarra zaldi horiek eragiten dien liluraz aritu da kaleratu berri duen liburuan, Auf der Suche nach den wilden Pferden (Basazaldien bila), Libros del Jata argitaletxean argitaraturikoan. Przewalskien bila Munichetik (Alemania) Txinaraino egindako abentura kontatzen du liburuan. Bertan idatzitakoak eta beste aletu dizkio BERRIAri: «Gizakiarekin batera idatzi dute historia».

Schomannek aspalditik izan du zaldi basatienganako interesa. Gizakien eta zaldien arteko harremanaren historian sakondu zuen heinean, bi espezieen arteko lotura sakon horren jatorria zein zen jakin nahi izan zuen, eta liburua idazteak balio izan dio zaldi basatiak hobeto ulertzeko: «Zaldi basatiekin lan egitea esperientzia gogoangarriz betetako bidaia izan da. Naturan dituzten portaera naturalak behatzetik hasi eta konfiantzazko eta errespetuzko loturak osatzeraino, une bakoitza aberasgarria eta ahaztezina izan da», azaldu du Schomannek.

Przewalski zaldiekin enpatizatzeak, arraza «askoz hobeto ulertzeko gaitasuna» eman diola aitortu du. «Identifikatuta» ere sentitu da: «Animalia lotsatiak dira berez, eta ni ere nahiko lotsatia naiz. Elkarrengana ohitu behar izan genuen. Aldi berean, bitxiak eta ederrak dira zaldi horiek».

Gizakiarekin, ez gizakiarenak

Przewalskiaren arbaso izan daiteken zaldia sarritan margotuta azaltzen da Europako labar artean, bereziki Euskal Herria hartzen duen eremuko harpetan. Jesus Altuna arkeozoologoaren iritziz, Altxerrin edo Ekainen margotutako zaldiek egungo przewalskien antz handia daukate, eta espezie berberatzat jo zituen hark. Nahiz eta aditu guztiak ez datozen bat iritzi horrekin.

Labar arteari esker, Schomann azkar konturatu zen przewalskiek edo tankerako zaldi basatien arbasoek gizakiaren historiaurreko zati esanguratsu bat hartzen dutela. Zaldi basatiarekiko interesa areagotu zion horrek: «Antzinako zaldiekiko lilura, historiaurreko artea... Hor hasi zen guztia».

Przewalski motako zaldia, Okzitaniako Lascaux harpeko labar-margoetan. BERRIA
Przewalski motako zaldia, Okzitaniako Lascaux harpeko labar margoetan. BERRIA

Orokorrean, zaldiek historian izan duten garrantzia azpimarratu du kazetariak: «Laster konturatu nintzen liburu baterako gai bikaina zela. Ez da animalia bat bakarrik, gizateriaren historiaren erdia barne hartzen du. Zaldiarekiko lilura historiaurreko labar pintura kontaezinetan inskribatuta dago, ez da edozein animalia gizakiarentzat».

Leku horietako batzuk bisitatu ditu kazetariak, bereziki Frantziako hegoaldean eta Suabian (Alemania). Halere, oraindik bisitatu ez dituen arren, Espainiako iparraldean eta Euskal Herrian asko daudela baieztatu du: «Asko gustatuko litzaidake bisitatzea. Marrazkiek ekarri naute honaino; horien berri izan ez banu, ez nukeen libururik idatziko. Gehiago ikusi nahi ditut, przewalskiaren arbasoak gehiago ezagutzeko».

Zaldi horiek ehizatuak izan ziren, eta, Neoliotik aurrera, beren habitatak inbaditu zizkieten, bai gizakiek, bai animalia etxekotuek. Ondorioz, przewalskiak estepetara bultzatuak izan ziren, eta euren kopurua eta banaketa eremua gutxituz joan ziren pixkanaka.

Galdutakoa berreskuratzen

Przewalskia galtzeko arrisku larrian egon zen XX. mendearen erdialdean. Egungo egoera ez da hain kritikoa, baina, halere, Mongoliako hego-mendebaldeko Hustai parke nazionalean, Txinako Kalamery parke nazionalean, Errusiako Orenburgo erreserba naturalean eta beste herrialde batzuetako parke zoologikoetan bizi diren talde gutxi batzuetan pilatzen dira guztiak. 

2005eko ikerketa baten arabera, przewalski arrazako 248 zaldi zeuden aske, basa egoeran. Gaur egun, berriz, munduko populazioa 1.500 zaldi ingurukoa da. Galzorian dauden espezie horiek babesteko premiari ere heldu dio Schomannek liburuan. Haren iritziz, przewalski arraza zein beste zaldi basati espezie batzuk zaintzea ez da kontserbazio biologikoaren kontua bakarrik. «Kultura eta etika babesteko ekintza ere bada. Zaldi hauek gure planetako bizimodu guztiak babesteak eta balioesteak duen garrantziaren adibide dira. Lur planetako bizitzaren erresistentzia gaitasunaren erakusle dira», nabarmendu du.

«Zaldi hauek gure planetako bizimodu guztiak babesteak eta balioesteak duen garrantziaren adibide dira. Lur planetako bizitzaren erresistentzia gaitasunaren erakusle dira».

STEFAN SCHOMANN Kazetari eta idazle alemaniarra

Pixkanaka, przewalskien zein beste basazaldi arraza batzuen populazioa areagotzea da helburua, kazetariaren hitzetan. Baina Schomannek argi du birpopulatzeak askea izan behar duela, zaldiek orduan erakusten baitute haien benetako izaera: «Zoologikoetan edo ingurune etxekotuetan ikusten ditugunean, baliteke zaldi basatiek etxekotu gabeko kontraldeen ezaugarri berak ez erakustea. Hala ere, ezinbestekoa da animalia horiek noizbait erabat basatiak izan zirela eta bizi diren ekosistemetan berebiziko garrantzia izaten jarraitzen dutela onartzea».

Zaldi basatiak oraindik ibiltzen diren urrutiko kokalekuak ere esploratu zituen Schomannek bere ikerketa lanean. Przewalskiak gehiago ezagutzeak mundua hobeto ezagutzen lagundu ziola gaineratu du: «Zaldi basatiekin bidaiatzearen alderdi atsegingarrienetako bat da gizaki gutxik bizi izan dituzten urrutiko paisaiak eta ukitu gabeak esploratzeko aukera edukitzea. Zaldiek edertasun natural sakoneko eta esanahi historikoko lekuetara eraman naute, mundua, bertako biztanleak eta ekosistema sakonago ulertzeko aukera emanez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.