Korrika martxoan amaitzen dela uste duena oker dago. Euskara Erriberan (Nafarroa) amaitzen dela pentsatzen duena, berriz, are nahasiago. Izan ere, 24. Korrikak Errigora egitasmoa omendu du aurten, Nafarroa hegoaldean euskararen alde egindako lana aitortzeko; eta, sei hilabete geroago, Arguedas (Nafarroa) lekukoa hartzeko prest dago berriz. Agerraldia eta Union Tutera elkarteek Santxikorrota lasterketa antolatu dute urriaren 3rako, Bardean barrena Erribera euskalduna aldarrikatzen jarraitzeko. Aurtengoa laugarren aldia izanen da, eta Agerraldiko kide Ibai Sueskunek (Iruñea, 1985) eta Olaia Cosmek (Iruñea, 1997) azaldu dute jadanik izena eman daitekeela Agerraldia.eus webgunean, eta egunean bertan ere posible izanen dela.
Korrikalariak Arguedasen elkartzekoak dira. Zer ibilbide edukiko dute zain?
OLAIA COSME: Herriko kiroldegian Bardeara gerturatzeko busa hartuko dute, eta Bardean barrena izango dira bi ibilbideak. Lekurik deigarriena Castildetierra deituriko muinoa da.
IBAI SUESKUN: Bardeak xarma berezia dauka, eta zona polit hau ez da asko ezagutzen. 21 kilometroko karrera luzea kirolarientzat da, eta zazpi kilometroko beste bat ere antolatu dugu, herri lasterketaren kutsua hartzeko.
Antolakuntzak ere herri kutsua du, ezta?
SUESKUN: Egunean bertan laurogei boluntariok baino gehiagok parte hartzen dute, eta udalak ere ekarpena egiten du, non eta Arguedasen, eta euskararen alde.
COSME: Askotan, aldentzeko arrazoi bat izan daiteke euskara, baina, kasu honetan, gerturatzeko eta elkartzeko balio du. Urtean zehar bospasei pertsona gaude antolakuntzan, baina babesik gabe oso zaila izango litzateke.
«Askotan, aldentzeko arrazoi bat izan daiteke euskara, baina, kasu honetan, gerturatzeko eta elkartzeko balio du»
OLAIA COSME Agerraldia elkarteko kidea
Espainiak gune militarizatua du Bardean. Trabarik eduki duzue horregatik?
SUESKUN: Hasieran zona militar horretatik pasatu nahi genuen, baina ez ziguten utzi, eta ibilbidea moldatu behar izan genuen. Kontuan hartu behar da, era berean, Bardea natur babesgunea dela, eta hegaztien migrazioak eta abar errespetatzeko muga batzuk ditugu; adibidez, ezin dute laurehun korrikalarik baino gehiagok parte hartu. Hasieran trabak jarri zituzten, baina gero ikusi zuten lehenengo aldia nahiko txukun egin genuela, eta, gainera, bertako jendea eta udala zeudela inplikatuta. Auzolanaren kutsu hori duen arren, karrera profesionala da: baimen bereziak eskatu dizkiogu Bardeako batzarrari eta Nafarroako Gobernuari, eta aseguru bat daukagu, baita babesletzak ere.
Zein da zuen helburua?
SUESKUN: Xedea da Erriberan euskara bultzatzea, normalizatzea, eta hizkuntzari bere tokia ematea. Ez dugu bereizteko egiten, batzeko baizik. Ez da aldarri soil bat ere; antolaketa eta babesletza dago atzean. BERRIA aukeratzea, adibidez, ez zen kasualitatea izan. Gurekin euskarazko egunkari bat egotea nahi genuen. Boluntarioak ere euskaraz aritzen dira, eta, agian, udaleko batzuek ez dakite euskaraz, baina hurbilketa dago behintzat.
COSME: Euskara eta kirola uztartzeko beharra ikusi genuen, kirola orain gorantz egiten ari baita. Egia da euskarak Nafarroa erdialdetik behera indarra hartu duela azken urteetan.
Nolakoa da, beraz, euskararen egoera Erriberan?
SUESKUN: Baztanen edo Arguedasen ez zaio estatus bera ematen euskarari, hemen ofiziala ez denez administraziotik ez delako batere laguntzen. Baina euskara nafar guztiona da, eta guk nahi duguna da hemen ogia euskaraz erosi ahal izatea, kaleen izenak euskaraz egotea, eta euskaraz normaltasunez bizitzea. Badakigu egoera ez dela erraza, baina baikorrak gara. Azken urteetan ilusioa piztu da Agerraldiak antolatutako jardueren inguruan.
«Euskara nafar guztiona da, eta guk nahi duguna da hemen ogia euskaraz erosi ahal izatea, kaleen izenak euskaraz egotea, eta euskaraz normaltasunez bizitzea»
IBAI SUESKUN Agerraldia elkarteko kidea
Agerraldiko kide zarete biak. Zer bertze jarduera antolatzen dituzue?
COSME: Agerraldia Errigoratik sortutako mugimendua da, Erriberan eta Nafarroa erdialdean euskarari bere tokia emateko, eta azkenaldian jarduerek gora egin dutela nabaritu dugu; herriz herri ari gara zabaltzen, eta gero eta beherago. Erriberako Euskararen Eguna antolatu genuen pasa den urtean Arguedasen, eta ipuin lehiaketak, euskal jaiak eta herri-kirol txapelketak ere egin ditugu. Jolasteka ere aipagarria da.
SUESKUN: Jolastekaren bidez, 23 herritako 350 umek baino gehiagok aisialdia euskaraz egiten dute. A ereduko eta D ereduko umeak daude, eta elkarrekin euskaraz aritzen dira arratsaldeetan. Kaleen izenak ere euskaraz jarri ditugu Mendabian eta Azkoienen, udalekin batera. Bestalde, Errigoran 23 ekoizle inguru daude, eta horiek ere urrats bat egin zuten, eta beren enpresetan euskara plana garatzen hasi dira.
Hain zuzen, 24. Korrikak Errigora omendu du aurten. Nola hartu duzue aitortza hori?
SUESKUN: Hainbeste sentimendu pizten dituen horrelako egitasmo batek gu omentzea izugarria izan zen. Korrika bezalako ekinaldiek, gainera, euskarari sekulako hauspoa ematen diote inguru honetan.
Bultzada hori nabaritu al duzue izen emateetan?
COSME: Udan kostatu da erritmoa hartzea, baina bat-batean iraila iritsi, eta izugarrizko gorakada egon da azkeneko asteetan. Pasa den urtean 135 parte hartzaile inguru izan ziren. Aurten, azkeneko aldiz begiratu dugunean, aurreko urteko garai berean baino gehiago zeuden. Izen ematea oraindik irekia dago, eta kontuan hartzekoa da egunean bertan izena ematen ahalko dela.
Kirol probaz gain, bertze zerbait antolatu duzue egun horretarako?
COSME: Aurreko urtean kobetarako bisita bat egin genuen, eta aurten ere egiten saiatuko gara. Korrika egingo ez duen jendea erakarri nahi dugu, inguru honetara gerturatu, herria ikusi eta bertako historia ezagutu dezaten. Zenbat eta jende gehiago joan, orduan eta aberatsagoa da giroa; hortaz, espero dugu familiak ere animatzea egun-pasa etortzera.
LOTSABAKO
Ibilbide motza ala luzea nahiago?
BIEK: Motza.
Korrika egiteko abesti bat?
SUESKUN: Musikarik gabe nahiago.Santxikorrota bazinete, nori lapurtuko zeniokete?
COSME: Aberatsenei, behar dutenei emateko.