Atzekoz aurrera

Babarrunak, haizea eta perkusioa

Santa Zezilia egunarekin bat egin du aurten babarrunaren festak. Giro hotzari aurre egiteko epela nahi, eta indaben lurrun berora eta lurrin gozora arrimatu da jendea Tolosan.

Jendea babarrunak jaten, Tolosako festan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Jendea babarrunak jaten, Tolosako festan. AITOR KARASATORRE / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Tolosa
2025eko azaroaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erraz jarri du egunak jokorako eta txantxetarako aukera. Musikaren egunean, babarrunarena. Elkarri eragiten dioten bi egun, alegia. Bataren ondorioak bestearen soinu direla esatea litzateke errazena. Baina bor-bor eta pol-pol ere izan litezke notak. Eta salda lodiarenak eta ale samurrenak doinuak.

Babarrunaren festa egin dute Tolosan (Gipuzkoa), Santa Zezilia egunean. Lau gradu 10:30ean, eta elur geruza fin bat Uzturren. Laino artetik agertzen hasi den hori eguzkia da. Euskal Herria plazako larunbateroko azokan arrakastarik handiena duen hori orburua da. Zerkausian dabilena, berriz, jendea. Errezil sagarrak, intxaurrak eta kiwiak. Bezeroek gaztari diote estimua. Onddoak erosteko dago ilararik luzeena. Noiz agertuko, eta elurrarekin batera agertu ez dira ba! Negu giroa dago. Brokoliak, eskarola eta romaneskua. Tolosako babarruna Simon Aizpururen postuan. «Hauek jandakoan, berriro etorriko haiz», konbentzitu du bezeroa. 18 euroan kiloa. «Iazko prezio berean. Uzta ona izan dugu, oparoa. Beroak ez digu erasan. Kostaldetik gertu gaude, Errezilen, eta horrek badu eragina», azaldu du Mugarrieta baserrikoak.

Ekoizleen lehiaketara aurkeztutako babarrunak. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ekoizleen lehiaketara aurkeztutako babarrunak. AITOR KARASATORRE / FOKU

Babarrunak konpainia behar izaten du: Beasaingoak dira odolkiak, eta Ibarrakoak piperrak (Gipuzkoa). Urremairen postuan, indabak prestatuta saltzen dituzte, kristalezko potoetan. Angelukoak eta Donibane Lohizunekoak dira ahatekiak (Lapurdi). Segurakoak (Gipuzkoa) eta Leitzakoak (Nafarroa) taloak: eskuak eta barrena berotzeko. Dultzaina eta atabala: badatoz erraldoiak. Haizea eta perkusioa Santa Zezilia egunean. Babarrun lehiaketakoak 06:30etik dituzte eltzeak su geldoan. Pol-pol eta bor-bor. Kofradiakoak familia argazkia ateratzen ari dira.

Egun osoko festa

Sukaldaritza lehiaketa da bata, eta babarrun ekoizleena da bestea. Epaimahaikoak hasita daude lanean. Roberto Ruiz Hika txakolindegiko sukaldaria da. Ekoizleek lehiaketara aurkeztutako babarrunak ari da kozinatzen, eltzeak eta xehetasunak zaintzen. Ezagun du badakiela zeri buruz ari den: «Babarrun txikia da Tolosakoa, beltza eta distira handikoa. Kozinatutakoan, salda bereziki krematsua sortzen du. Beste eltzekari batzuekin konparatuz, oso berezia da. Gainera, proteina askoko elikagaia da».

Roberto Ruiz sukaldaria, txapelarekin, babarrunak prestatzen. AITOR KARASATORRE / FOKU
Roberto Ruiz sukaldaria, txapelarekin, babarrunak prestatzen. AITOR KARASATORRE / FOKU

Gustura hartzen da babarrunen lurrun beroa, baita lurrin gozoa ere. Nola prestatu behar diren galdetuta, sekretu gutxi duela dio Ruizek: «Apenas bota behar zaien ezer. Urarekin eta olioarekin egosi, eta gatz apur bat bota amaieran. Etxean jateko badira, sakramentuak ere jar daitezke, baina aparte egosita». Eta xehetasun garrantzitsu bat: ura. «Kalitate oneko ura erabili behar da. Gerta liteke babarruna ona izatea, baina egosteko erabilitako urak hondatzea. Hemen kalitate oneko ura daukagu, baina lehiaketan ur minerala ari gara erabiltzen, guztiak baldintza beretan kozinatu daitezen». Alberto Labakak irabazi du ekoizleen lehiaketa (Albiztur, Gipuzkoa). Sukaldaritza lehiaketa Rosa Maria San Josek eta Rafael Diazek.

Prestatu, lehiatu, eta guztien artean jan. Horixe da eguerdiko errituala. Jainekin txarangaren eta Gozategiren doinuak. Horixe da goizaldera arteko errituala. Babarrunak, haizea eta perkusioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.