Langar lainoa eta lanbroa baino zerbait gehiago da ikusten den itsaso hori, goizean begiratuta besterik badirudi ere. Bai, han goitik itsasoa ikusten da, eta Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museotik ikusten den itsaso hori askoz gehiago da. «Itsasoan urak handi dire murgildu nahi dutenentzat», abestu du Eñaut Elorrietak, Julen Lekuona zenaren hitzak bere eginda. Eta bada Getarian parrilla usaina darion itsaso bat, murgildu nahi duenarentzat. Horixe egin dute Euskal Gastronomiaren Topaketan: itsasoan murgildu, eta kresalez zipriztindu, blai egin arte.
Mantalak antolatuta, euskal gastronomiaren «ekosistemako» 250 kide baino gehiago bildu dira museoan lehendabizi, eta arrantzaleen kofradian emandako bazkarian ondoren. Han aritu dira itsasoak bertako kulturaren, ekonomiaren eta gastronomiaren motor gisa duen egitekoaz hizketan. «Malko haiei esker orain itsasoa gara», abestu du Elorrietak, sarrerakoan.
Hitzaldiak izan dira, mahai inguruak eta omenaldiak. «Euskal gastronomia ezin dugu ulertu itsasoarekin izan duen harremana kontuan hartu gabe», azaldu du Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxemari Aizegak: «Itsasoak konektatzen ditu lehenaldia, orainaldia eta etorkizuna». Beste horrenbeste esan du Imanol Zubelzu Mantalako koordinatzaileak: «Itsasoz ezagutu ditugu beste herriak, eta bertatik ekarri ditugu haziak». Gogora ekarri du Sebastian Lizasok 1989an botatako bertso baten amaiera: «Lurrean ere zer janik ez da itsasoak ematen ez badu».

Martin Berasategiri egin diote aurreneko omenaldia. Haren mende erdiko jarduna goratu dute sukaldari gazteenek, belaunaldi berriek. «Laguntzen ari zaigu. Deitzen diogu, eta beti hartzen digu telefonoa. Bere etxeko ateak irekitzen dizkigu, zabal-zabalik. Eskuzabaltasunez». «Zu zara honen guztiaren erruduna». Berasategik hunkituta jaso ditu loreak eta omenak. Eta bere ibilbidearen errepasoa egin du: Bodegon Alejandroko 23 eskailera mailetan beheraka hasi, eta Dubaiko etxe orratz batean goraka amaitu. «Ofizio hau konpartitzeko da», esan du, besteak beste.
Itsasoa eta nortasuna
Mahai baten inguruan jarri dituzte Aitor Arregi Elkano jatetxeko arduraduna, Xabier Agote Albaola Itsas Kultur Faktoriako zuzendaria, eta Xabier Alberdi Euskal Itsas Museokoa. Solasaldiaren izenburua: Itsasoa eta nortasuna. Agoteren gogoeta: «Izan ere, itsaso kontuak ez dira itsasbazterrekoen kontuak bakarrik. Basoak, meategiak, burdinolak eta itzainak ere badira itsastarrak». Zer den itsasoa Alberdirentzat: «Munduan egoteko eta mundua ulertzeko modu bat». Agoterena da aldarria: «Lurraldetasunaz horrenbeste hitz egiten den honetan, itsasotasuna aldarrikatzen dut».
Edariaren joerak zeintzuk diren eta horiek itsasoarekin duten lotura zein den aztertu dute hurrengo solasaldian. Ekaitz Apraizek Itsas Etxea Kofradia ekinbidea zer den azaldu du ondoren, eta Zuhaitz Gurrutxagak itsasoarekin zer harreman duen esplikatu du, umorez: «Gaztetan, Txitxarro izeneko dantzalekura joaten nintzen». Edorta Lamo sukaldariak kontatu du Arabako mendialdeko batek zer lotura duen itsasoarekin: «Kanpezukoei txirrikeroak garela esaten digute, itsasontzietan erabiltzen ziren txirrikak han egiten zirelako, ezpelaren egurra erabilita».

Ezkutuko lanari omenaldia
Unerik hunkigarriena, amaieran. Getariako Elkano jatetxeko Maria Jose Artanori eta Kaia jatetxeko Maria Rosa Larrañagari egindako omenaldia, aitortza eta maitasun adierazpena, «urteetan egindako ezkutuko lanarengatik». Euren semeek eman diete lore sorta bana, aurreskuaren aurretik. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzak izan dira azkenak: «Bada esamolde bat dioena: ‘Zer jan, hura izan’. Eta aldatuko bagenu: ‘Zer izan, hura jan’. Zer garen kontatzen du gure gastronomiak».
Getariako Salbatore Deuna abesbatzaren doinuekin amaitu da bazkaldu aurrekoa: «Boga, boga, marinela. Joan behar dugu urrutira». Nora? Han urrutira: itsasora. Langar lainoa eta lanbroa baino zerbait gehiago da, eta parrilla usaina dario.
