Aingeru Epaltza itzultzailearen (Iruñea, 1960) lanari esker irakur daiteke Felix Urabaienen Auzo madarikatua euskaraz, jatorrizko bertsioa plazaratu eta ehun urte geroago. Pamiela argitaletxeak plazaratu du euskarazko itzulpena, Iruñeko Komunikabideak fundazioarekin elkarlanean. Nobelako protagonista Pedro Mari Etxenike arizkundarraren pausoei segika, duela mende bateko festak ezagutzeko aukera izan du Epaltzak, eta «deigarriak» iruditu zaizkio orriotan irakurritako zenbait kontu.
Ikusi gehiago
Noiz irakurri zenuen liburua lehen aldiz?
Liburuaren berri banuen, baina ez nuen irakurria Kike Diez de Ulzurrun Iruñeko Komunikabideak fundaziokoa nirekin harremanetan jarri zen arte. Orduan pentsatu nuen: «Irakurri beharko dut!». Ez nuen uste horrelako liburu batekin topatuko nintzenik; liburuak lehendabiziko irakurketan pista batzuk ematen dizkizu azpian zer dagoen ikusteko. Tonuari erreparatzen ez badiozu, pentsatzen duzu panegiriko bat dela, hau da, laudorio bat.
Eta guztiz kontrakoa da?
Bai. Gero ohartzen zara maiz azpian kritika zorrotz bat dagoela, batez ere ironiaz mozorrotua. Gainera, kontatzen duen istorioa kuriosoa da; badu puntu harrigarri bat, badu puntu txundigarri bat, eta batez ere gure mendetik irakurrita.
Liburuari esker, aurreko mendeko sanferminetan murgiltzeko aukera izan duzu. Ezer harrigarririk topatu al duzu?
Liburua ez dago sanferminetan ardaztuta, baina Pedro Mari Etxenike pertsonaiaren pasarte batzuk bertan gertatzen dira. Protagonista Iruñera joaten da, eta egonaldi horrek hainbat urte irauten du; horrek ematen dio aitzakia idazleari sanferminei hiru edo lau kapitulu eskaintzeko. Deskribapen literario bat egiten du; ez da kazetaritza lana. Deigarria da, alde batetik, ikustea zenbat aldatu diren sanferminak, eta, beste aldetik, zer gutxi.
Zer ez da aldatu batere?
Benetan harrigarria iruditu zait ikustea sanferminak mende hasieran besta basa batzuk zirela. Belaunaldi guztietan gertatzen da aurreko sanferminen halako mitifikazio bat, eta batzuei galdetuta beti esaten dute: «Lehenagoko sanferminak finagoak ziren; ez ziren gaur egun bezain basak». Ez, basakeria hori bazegoen duela mende bateko sanferminetan, eta hori ez da aldatu. Kaleko festak ziren, zarata handikoak.
Zer aldatu da?
Kanpoko elementuen presentzia masiboa. Horrek eman dio bestelako nortasun bat. Batzuek esaten dute nortasuna galdu dutela; nik erranen nuke nortasun berezi bat eman diela kanpoko jendeak. Nazioarteko bestak bihurtu dira sanferminak. Beste faktore garrantzitsu bat da duela mende bateko sanferminak %99 maskulinoak zirela.
Non ziren emakumeak?
Karrikan lorik egin gabe eta parranda etengabean dabiltzanak gizonezkoak dira. Emakumeen rola zein zen? Gizonak kanpoan ibiltzen diren bitartean etxea gordetzea eta jan-edanak segurtatzea. Hori ikaragarri aldatu da, zorionez. Eta gehiago aldatu beharko litzateke, eta segur aski gizonezkook elementu zentral bat gara gaur egun ere; entzierroetan ikus daiteke, adibidez. Entzierroan neska gutxi ikusten dira; horrek zerbait adierazten du nesken alde. Zer nezesidade duzu hor egoteko? Emakumeen bizi itxaropena horregatik da gizonezkoena baino luzeagoa.
Liburua duela mende bat argitaratu zen. Garai hartako sanferminak deskribatzen ditu, edo idazlearen haurtzarokoak?
Badago eztabaida horren inguruan. Orduko sanferminak dira, edo lehenagokoak? Segur aski idazleak bere gaztaroko oroitzapenak nahasi zituen kondairan, ez baitago erreportaje bat bezala idatzita.
Zer harik lotzen ditu duela ehun urteko sanferminak eta gaur egungoak?
Kutsu basa hori mantendu dela uste dut. Hori da gehien errepikatzen dena, eta kale giroa. Puntu basa hori ez da Euskal Herriko beste festa batzuetan ikusten. Anarkia kontrolatua da.
Urabainen hitzetan maitasuna eta gorrotoa nahasten dira?
Bai. Iruñekoa ez den pertsonaia baten bizialdia da; hasieran txundituta geratzen da, ez zuelako halakorik espero. Baina gero, helduaroan —askori gertatzen zaigun bezala—, gehiegizkoa iruditzen zaio. Beraz, aro horretako bere sanferminak ere kontatzen ditu.
Zure kasuan ere biak nahasten dira?
Izan daiteke, baina batez ere maitasunez begiratzen ditut. Uztailaren 6a ikaragarria da; sanferminetan ditudan oroitzapenik onenak egun horretakoak dira. 18 urte inguru dituzunean, txupinazoa baino lehenagoko minutu horietan iruditzen zaizu dena posible dela. Gero espektatibak apaldu behar dituzu, baina garai horretan dena ikaragarria da. Lehen leherketa horretan, inguruan dituzun senideen parte sentitzen zara, bizi propioa hartu duen zerbaiten parte; gorputz baten zelula, alegia. Orain ez nuke horrela biziko, baina oroitzapenetan hori dut. Gaur egun gustatzen zait sentsazio hura gaztetxoetan ikustea, nostalgia puntu batekin, noski.
Zergatik da garrantzitsua garai horretako sanferminak ezagutaraztea?
Uste dut gure iraganak erakusten diola aurreari nola dantzatu. Iraganaren berri izateak eta nolakoak izan ginen jakiteak nolakoak izan beharko genukeen esaten digu. Iraganaz kontzienteak ez direnak aise galduago aritzen dira beren bizitzarekin eta gaurkotasunarekin, eta aise ere ahalmen gutxiago dute haien etorkizunaz pentsatzeko. Gauzak aldatu diren bezala, gaur egun ere aldatu ahal dira, edo gehiago aldatzen ahal dira. Jakin behar dugu gaur egun zeri esker gauden hemen.
Liburuan esaten da herritarrek txakolina edaten zutela festetan, baina ez zela gaur egungo likoreen arrastorik. Nolakoa izango zen haien bestondoa, zure ustez?
Zer-nolako txakolina izanen zen? Batek daki! Kaskarra seguru. Iruñea inguruko txakolina izango zen, mahats kaskar batzuekin egina; benetan ardo txarra edango zuten. Segur aski orduko urdailek prestakuntza handiagoa izango zuten horretarako, baina bestondo mortalak izanen zituzten.