Iruñeko sanferminak

Erretratuaren trazuak aldatuta

1925ean emandako 'Auzo madarikatua' eleberrian, Felix Urabaien idazleak xehe deskribatu zituen XX. mendearen hasierako sanferminak. Gaur egungo festekin konparatuta, diferentziak hamaika dira, baina aise antzeman daiteke oraingoen zirriborro bat ere.

Sanferminei hasiera emateko ekitaldi xumea Gazteluko plazan, XX. mendearen hasieran. G. ZARAGUETA / NAFARROAKO MUSEOA
Sanferminei hasiera emateko ekitaldi xumea Gazteluko plazan, XX. mendearen hasieran. G. ZARAGUETA / NAFARROAKO MUSEOA
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko uztailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pentsaezina irudi lezake, baina egia-egia izan zen inoiz. Izan baitzen garai bat non suziri bat zeruratuta ez, bonba japoniarrak botata ematen zitzaien hasiera Iruñeko sanferminei. Are gehiago: orduko hartan, Udaletxe plazan ez, Gazteluko plazan izaten zen txupinazoa uztailaren 6an, xume-xume, eta festaren lehenbiziko eztanda ikustera joaten zirenak haurrak izaten ziren batik bat. Pentsaezina irudi lezake, baina egia-egia izan zen XX. mendearen hasieran. Hain justu, Felix Urabaien idazleak (Ultzurrun, Nafarroa, 1883) orain dela ehun urte Auzo madarikatua nobelan islaturik utzi zuen garai harexetan. Bistan da: kontrastean, orduko festek deus gutxi dute ikustekorik gaur egungoekin. Baina, hala eta guztiz, horra salbuespenetako bat: orduan eta orain, sanferminek nabarmen ezartzen dute parentesi bat Iruñean. Bada haririk.

Txupinazoetan antzeman daitezkeen diferentziez harago ere, Urabaienek 1925ean kaleratutako eleberriak zinez balio dezake iragan mende pasan Iruñeko sanferminetan izandako bestelako aldaketa asko bistara uzteko. Idazlea Iruñera joan zen bizitzera mutil koskorra zelarik, eta, hortaz, sakon ezagutu zituen hiriko karrikak eta uztail parteko festak; bazeukan nobela batean haiei buruz idazteko aski informazio.

Edonola ere, artean 30.000 biztanle inguru zituen Iruñe hura izan zuen bizitoki Urabaienek —Alde Zaharrera mugatua zegoen—. Hiriaren zabalkundea gerora iritsiko zen, eta harekin helduko ziren sanferminen itxuraldaketa eta nazioartekotzea ere, besteak beste. Idazlearen arabera, urteen joan-etorrian festek franko egin zuten okerrera. Nobelako protagonista Pedro Mari Etxenike arizkundarraren pausoei segika azaleratu zituen iritzi horren zantzuak.

Sanfermin motzagoak

Ironia aire batekin, honelaxe deskribatzen du Urabaienek San Fermin egunaren bezpera: «Eromenak bere huntz orri-makila dantzatzen zuen; Bakok korrok egiten zuen demokratikoki; Apolok, berriz, irri murritz, eta are aita Jupiter ere bere izpiak alde batera uztera makurtzen zen zilipurdi bat egiteko gauza zela erakutsi beharrez...».

Festetan kaleek hartzen duten itxura «ikaragarria» zela esplikatzen du, eta xehe egin zuen, adibidez, «aldian behin etortzen zen orro sor, konpasatu, ulu baten gisakoa» zen zera horren kontakizuna; Riau-riau-arena. Gainera, aurkitu zuen sanferminen giroa esaldi bakarrean laburtzeko modurik ere: «Uztailaren 6tik 12ra, bakanalak ez zuen akabailarik». Hara, horra hor diferentzia garbi bat; iraupenarena. XX. mendearen hasierako iragarki batean baino gehiagotan ageri da idatzirik sanferminek uztailaren 6tik 18ra bitarte irauten zutela. Halere, hori ganadu feriari zegokion zehazki. Parrandarako egunak 6tik 12ra artekoak ziren, eta ez egunero.

XX. mendearen hasierako iragarki batean baino gehiagotan ageri da idatzirik sanferminek uztailaren 6tik 18ra bitarte irauten zutela. Halere, hori ganadu feriari zegokion zehazki. Parrandarako egunak 6tik 12ra artekoak ziren, eta ez egunero.

Orain dela ehun urteko sanferminetan ez zen zuri-gorriaren arrastorik. Horren adibide da hau: «Jende gaztea, atorra mahuka-has edo brusa zuri-zuri luzeetan, kuadrillaka edo taldeka ibilki ziren», dago idatzirik liburuko pasarte batean, eta, bestela ere, brusa ilunez jantzitako gazterik ere bada aipatua nobelan, eta kontakizunean franko dira txapela buruan eta oinetan espartinak dituztelarik aritzen direnak han-hemenka.

Espartinekin lasterka

Auzo madarikatua-n agerian gelditzen denez, gazteek espartinekin egiten zuten lasterka entzierroetan. Eta, izatez, eleberriaren hainbat pasartetan dago horren frogarik, Urabaienek tarte handia eskaini baitzien entzierroei nobelan —entzierroko zati bakoitzari buruzko deskribapena ere egiten du lanean, besteak beste—.

(ID_17520475690805) Entzierroa Mercaderes kalean, XX: mendearen hasierako irudi bate
Entzierroa Iruñeko Mercaderes kalean, XX. mendearen hasieran. JAVIER MANEROK UTZIA

Alderdi horretan garbi ikus daiteke mende batean izan den eboluzioa, egun inor ez baita halako oinetakoekin aritzen entzierroan. Eta, nolabait, uztailaren 7tik 14ra bitarte goizero Casino Berriko elkartean antolatzen duten Espartinen Dantzaldia da usadio horren aztarna bakarrenetakoa.

Bestalde, kontraste hau ere uzten du agerian Urabaienen kontakizunak: haren garaian, erlojuan seiak izatean irekitzen zizkieten ateak zezenei —nahiz eta urteko sasoiaren arabera argi orduetara moldatzeko neurririk ezak zerikusia duen horretan—; egun, entzierroa 08:00etan hasten da beti. Baita uztailaren 15ean egiten den Billabesaren entzierroa ere. Baina halakorik, jakina, ez zuen ezagutu Urabaienek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.