Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Berta Valgañonen bikaintasuna

2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Berta Valgañon nekazaritza teknikaria da formazioz. Eraikuntzaren alorrean lan egiten zuen, baina 2019an errotik aldatu nahi izan zuen bere bizitza profesionala: familiaren ehun urteko mahastiak zaindu eta lantzeari ekin zion, eta, modu horretan, mahastiok kentzea eragotzi.

Villasecakoa da familia, Fonzaleche herrikoa (Errioxa, Espainia), Haroko eskualdean. Valgaño laugarren belaunaldikoa da. Cuzcurrita del Rio Tironeko upategien auzoan osabak zuen lur azpiko koba antzeko bat berreskuratu eta han hasi zen bi multzotan sailkatu daitezkeen ardoak lantzen: Pretium eta Berta Valgañon. Ehun urteko mahastiei dagokien marka da Pretium, eta txandakatze handiagoa duten ardoei dagokiena Berta Valgañon.

Esan daiteke Valgañonek egiten dituela mahastietako eta upategiko ia lan guztiak, mahats bilketarako eta ardoa botilatzeko aldizkako laguntza jasotzen badu ere.

Mahastiz osatutako hamar hektarea ditu, ekologikoan lantzen dituenak. Horietako batzuk Bertak berak landatutakoak dira; bederatzi mahats mota desberdin dauzka Villasecan eta Fonzalechen. 500-600 metroko altueran landatuta daude mahastiok, paraje hotz batean. Egunaren eta gauaren arteko tenperatura kontrastea oso nabarmena da. Bost hektareatan jasotzen duten mahatsa saldu egiten dute, eta beste guztiarekin egiten ditu Valgañonek gaur egungo zazpi ardoak, guztira 17.000 botila.

Berta Valgañon multzoari erreparatuz, gorria da lehenengo azaltzen zaiguna; garnatxa beltza (%80), malvasia (%10) eta calagraño (%10) mahatsak nahasiz egindakoa.

Berta Valgañon zuriaren oinarria viura mahatsa da, baina calagraño mahatsa ere badauka, malvasia eta tempranillo zuriarekin batera.

Berta Valgañon beltza batez ere tempranillo mahatsez egina dago, baina graciano, garnatxa eta maturana pixka bat ere badauka. 2019ra arte monobarietala bazen ere, 2020tik aurrera beste mahats horiek gehitzea erabaki zuen Bertak, konplexutasuna eta freskotasuna irabazteko.

Multzo horretan, Berta Valgañon Maturana da ardorik berriena. Maturana mahatsez soilik egindakoa da, porlanezko deposituetan, Bertak berak landatutako mahastietako mahatsekin.

Pretium multzoa, berriz, hiru ardoz osatuta dago. Zuria sekain lurretako viura (%60), malvasia (%20) eta calagraño (%20) mahatsez egina dago; XX. mendearen hasieran landatutakoak dira mahasti horiek.

Pretium Etiqueta Negrak tempranilloa darama gehien, garnatxa batekin eta graciano pixka batekin. Sorta osoko ardorik klasikoena dela esan daiteke.

Azkena eta bikainena, aldiz, Pretium Garnacha da, ehun urteko mahastietako mahatsez egina, La Hontanilla lursailekoa. Buztinezko tresketan egiten da ardo hori eta fruta heldu ugari dauka, baina ez zaio sakontasunik eta freskotasunik falta. Bikaina da!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.