Jendetza Baionako herriko etxe aitzinean, eta tartean pankarta bat: Freedom for the Basque Country. Euskal Herria. Beste pankarta anitzen artean, Iruñeko sanferminetan agertu zen bera da, eta, hain zuzen, hiri buruzagiko udal ordezkariak balkoian zeudela eman diote hasiera aurten Baionako bestei. Pankarta gehiago ere agertu dira berantago, hala nola Canon français eskuin muturreko banketearen kontra agertu eta Faxismoaren kontra, klase batasuna aldarrikatu duena. Peio eta Pantxoak Azken dantza kantatu badute ere, herritarrek zapi gorria lotu dute lepoan, eta bost eguneko dantza eta kantu etengabeei ekin diete, su artifizial artean.
Omenaldirako tartea ere hartu dute herriko etxeko balkoitik egin duten ekitaldian, aurten izan baitu azken urtea Henri Lauque Baionako besta batzordeko lehendakariak. Azken urteetan egindako lana eskertu dio Yves Ugalde Baionako Kultura axuantak. «Hura da xuri-gorriz janztearen arduraduna, hari esker dute bestek gaur egun duten arrakasta». Txalo zaparrada handi batez hartu dute plazan bildutakoek.
Aurten ere, Baionako zenbait kirolari eta elkarte goraipatu dituzte irekieran, hala nola aurten ehun urte bete duen gaskoiaren akademiako kideak. Hiru izan dira, beste urte batzuetan bezala, bestei hasiera emateko hiriaren giltzak herritarren esku utzi dituzten pertsona ezagunak: Marie Darrieussecq idazlea —Baionan sortu zen—; Auberge du Cheval Blanc jatetxeko sukaldari izan ohi Jean-Claude Telletxea; eta Maya Lauque, Frantziako telebistako aurkezlea, Henri Lauqueren eta Christine Lauque hautetsiaren alaba.
Lasterketa eta moleta
Goizean goizetik animatu dira Baionako karrikak, orain ohiko bilakatu den bestazaleen lasterkaldiarekin. Ehunka jendek parte hartu dute, korrika edo oinez, Miarritzetik (Lapurdi) Baionaraino doan 14 kilometroko ibilbidean. Hamar mila korrikalarietatik David Gosse izan da lehen gizonezkoa, 44 minutuko denborarekin; lehen emakumea, berriz, Jeanne Garreau izan da: 50 minutu eta zazpi segundo. «Izerdia bota dugu, baina orain merezimendu handiagoz edanen ditugu garagarnoak», zioen parte hartzaile batek, irribarretsu, Baiona Txikiko ostatu bateko barran tragoaren beha zegoen bitartean.
Hortik hurbil, Piper Moletaren Munduko Txapelketa jokatzen ari ziren. Baionako elkarteak biltzen dituen lehiaketak 21. aldia izan du aurten. Pozik agertu da Philippe Darricau antolatzailea. Biper Eztia elkarteko kidea izateaz gain, Baionako Pintan baserriko baratzezaina ere bada. «Honekin hasi ginenean, gutxi batzuk ziren; aurten, 32 peñak parte hartu dute». Oroitarazi du Baionako familia anitzetan ohitura izan zela besten garaian piperrekin eginiko moletak prestatzeko; ideia horrekin abiatu zuten lehiaketa. «Piper ekoizpena desagertzen ari zen, eta guk bultzatu nahi izan genuen. Biziki ongi funtzionatu du, eta pozik gara orain ostalaritzan erabiltzen hasi direlako». Baina duela 40 urte piperra ekoizten zuten 70 baratzezain baino gehiago ziren Lapurdin eta Landetako hegoaldean; gaur egun, 11 gelditzen dira —haietarik lau bakarrik dira Baionakoak—.
Parte hartzaileen artean zegoen Haiz’Egoa peñako Fred. 52 urteko urketarraren esku uzten dituzte sukaldeko lanak, «amatxirekin ikasitakoa» berritu dezan. «Baina denek parte hartzen dute, e!», abisatu du. Haren sekretua: «Gatza eta piper hautsa neurrian ematea, eta ongi erretzea: barnetik samurra eta kanpotik ongi egina izan dadin». Bere errezetaz segur agertu bada ere, ez du irabaztea kausitu. Zirtzilak, Alorrean eta Leon Erregearen Gaiteroak elkarteetako kideak biltzen dituen Irukasko taldea gailendu da lehiaketan. «Piperrak konfitatu ditugu, eta Ezpeletako piperra eta trufa pixka bat gehitu dizkiogu», kontatu dute bi sukaldariek. «Ez da tranpa, e!, araudian ez du inon jartzen ezin zaionik bota».
Segurtasun neurri zorrotzak
Arratsaldean, Baionan izan da Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefeta, Damien Duhamel suprefetarekin eta Mariel Garrigos Baionako prokuradorearekin batera. Bestetarako prestatu duten segurtasun baliabideak aurkeztu dituzte. Ipar Euskal Herriko ohiko poliziez gain,Frantzia guztitik etorritako brigadak daude Baionako bestak zaintzeko. Milatik gora segurtasun indar denera: BACeko poliziak, zibilez jantzirik; poliziak eta jendarmeak, karriketan ibiltzeko eta inguruetan kontrolak egiteko; baita militarrak ere, «terrorismoaren» kontrako alertari erantzuteko. Azken urteetan ohiko bilakatu da bestazaleen artetik gerlako armak eskuetan dituztela patruilatzen ikustea. «Alerta gorenean gaude oraindik, eta mota anitzetako arrisku anitz dago», adierazi du prefetak. «Gu zaintzeko daude hor, segur dena ongi joanen dela».