Baionako herriko etxeak antolatzen duen egitarau ofizialaz gain, bada beste eredurik. Azken urteetan, Baionako Gazte Asanblada da horren bultzatzaile nagusia, Patxa plazan antolatzen duen txosnagunearen bidez. Besten hasiera alternatiboa ospatu dute aurten ere, baina lekuz aldatuta, txosnetako eszenatokitik bota baitute txupinazoa lehen aldiz. «Besta eredu kontsumista eta kapitalistaren kontra beste eredu bat proposatu nahi dugu, herritik eta herriarentzat», adierazi dute.
Gazte asanbladako kideek esplikatu dute faxismoa «indartzen» ari den garai hauetan ezinbestekoa dela erantzun bat ematea: «gure balio antifaxistak, transfeministak, herrikoiak, ekologistak eta euskaltzaleak zabaltzea». Bost egunez proposamen alternatibo bat dago Patxa plazan nahi duenarentzat, baina beste hainbat gune alternatibo ere sortzen eta garatzen ari dira Baionan zehar, eta horietara joatera ere gomitatu dituzte festazaleak.
Ipar Euskal Herriko Asanblada Transmaribibolloa gomitatu dute hasiera ekitaldira. Azken hilabeteetan sortu da talde hori, eta lehenengo Harrotasun Erradikala antolatzeko elkartu ziren hainbat pertsonak osatua da. Heldu den irailaren 19rako jarri dute zita. «Hilabete batzuk daramatzagu lan eta lan, era kolektiboan eta horizontalean, amesten dugun mundu horren alde, gure izatea aldarrikatzeko espazioak sortzen, ideiak loratzen».

Politikoki «anbiguotasunik gabe» kokatu beharra aldarrikatu dute, ikusirik estatuak faxismorantz «lerratzen» ari direla eta «muturreko prekarizazio eta genozidio» testuinguru bat dagoela. «Guk heteroarauari, patriarkatuari, sistema kolonialari eta kapitalismoari planto egiten diegu. Gure izatea bera delako politikoa. Gure gorputzak eta biziak politikoak baitira. Sistema honetan, ez dugu normalak izan nahi, ez dugu arauarekin bat egin nahi», oihukatu dute.
Nazio askapena ere izan dute hizpide: «Gorputz queerrek normalizazio heteroarautua ukatzen duten hein berean, euskal populuak bere izatea defendatu behar izan du historian zehar, ezabatzeari aurre eginez. Erakutsi nahi dugu queerrak eta euskaldunak izan gaitezkeela Ipar Euskal Herrian».
Eskerrak bidelagunei
Memoria lana egiteko ere baliatu dute ekitaldia Patxa plazan. Izan ere, azken hamar urteetan Les Pyrenees ostatuaren gaineko balkoitik egin izan dute besta alternatiboen irekiera, hura herriko etxe izendatuta. Baionako Udalak besten irekieratik bertsoa zentsuratzea erabaki zuenetik, handik entzun dira irekitzeko bertsoak.
Gazte Asanbladako kideek keinu bat egin diete Gilen Iribarren bertsolariari —2015ean azken bertsoa bota zuen herriko etxetik— eta Les Pyrenees eta Zamai ostatuetako jabeei. «Zuek ere eredu alternatiboa bultzatu zenuten, eta, hamar urte geroago, elkarlanean segitzen dugu, ostatu herrikoiekin, hainbat elkarte eta mugimendurekin». Beren balioekin bat egiten duen Baionako gazte zein herritar orori dei egin diote haiekin batera mobilizatzeko, ideia berriak garatzeko eta besta egiteko, «Baiona berri baten alde».