Aktorea, gidoilaria eta umorista izateaz gain, pirata da Maialen Sorzabalbere (Donostia, 1996). Halaber, ETBko Mihiluze saioan gidoilari aritzen da, eta adierazi du Donostiako Aste Nagusian «lana eta festa uztartzeko prest» dagoela.
Donostiako Aste Nagusiko pelikula bat egingo balute, zer izenburu jarriko zenioke?
Hemen gaude oraindik.
Zerbait aldatuko zenioke gidoiari?
Gauza asko kenduko nizkioke: esate baterako, zezenak, izozkiak eta bidegorri erdian tentelduta geratzen diren oinezkoak.
Pirata zara. Ondo ibili ziren abordatzean?
Aurreko urteetako abordatzeetan kaiko irratian lanean aritu nintzen, mikrofonoa eskuan hartuta, abordatzea komentatzen. Aurtengoak lanean harrapatu nau [Mihiluze saioan, ETBn], eta ezin izan nintzen joan. Sekulako pena eman zidan. Baina, lanetik irten, eta zuzenean joan nintzen hara.
Ezpata zorroztuta daukazu?
Oraingoz ez: ez dut beharrik ikusten. Kaian bertan oso giro ona daukagu. Espero dut zorroztu beharrik ez izatea.
Eta ron botila beteta?
Bai, noski! Hala ere, nahiago dut garagardoa.
Zenbat egunetan nabigatuko duzu?
Jada 29 urte ditut, eta ez naiz 18 urte genituenean bezainbeste ateratzen. Gainera, lana daukat, baina lana eta festa uztartzen saiatzen ari naiz. Beraz, aterako naizen egunetan, bete-betean aterako naiz.
Parrandarako txokorik gustukoena?
Flamenka. Han beti dago giro ona, eta jende ezaguna. Hiriko turismoaren eta interes guztien gainean dagoen babesleku bat da. Oso komunitate polita daukagu bertan: euskalduna, gaztea, parte hartzailea.... Zaindu beharrekoa da!
Umorista, gidoilari, aktore, parrandazale… Zer rol beteko duzu?
Kalepoza kofradiako kidea naiz, eta beti saiatzen gara gure ekintzekin umore ona zabaltzen. Kofradiak beti izan du umore onaren leloa. Hori dela eta, bakarrizketa batzuk antolatu genituen kaian, eta baita play-back txapelketa ere. Norbaitek tontakeriak eta pailazokeriak egitera irten behar badu, ni hor ibiliko naiz beti.
«[Udalaren egitaraua] urte osoan antzerkiari eman zaion garrantziaren isla da. Gehiago egin daiteke, eta jendea gogotsu dago gauzak egiteko eta ikusteko»
MAIALEN SORZABALBERE Aktorea, umorista eta gidoilaria
Zuk, Maialen, bakarrizketarik egin zenuen?
Bai, igandean egin nuen. Hasieran, hiru edo lau lagunek egin behar genuen bakarrizketa. Baina, azkenean, jendea gogotsu zegoela ikusita, sei lagunek egin genuen; bakoitzak sei minutu izan zituen hitz egiteko. Nire bakarrizketaren gaia zera zen, bizitzan orokorrean askotan nahastu naizela.
Nola hasi zinen bakarrizketak egiten?
Hiru Damatxori esker. Beti ibili naiz umorearekin lotutako proiektuak eta antzerkiak egiten, eta Barrexerka antzerki konpainiako kidea naiz. Emanaldi bakoitzean, esketxak proiektatu eta zuzeneko antzerki laburrekin tartekatzen ditugu. Emanaldiaren hasieran bakarrizketak egiten hasi nintzen Mikel Irazustarekin, publikoa berotzeko: binologo deitzen genion. Asko gozatzen nuen parte hori. Duela urte batzuk, Hiru Damatxok Egin Kar Kar antolatu zuen: bost pertsona inguru elkartu ginen bakarrizketak egiteko. Aspalditik nuen probatzeko gogoa; probatu, eta emanaldiak egin eta egin ibili nintzen. Urte hauetan pila bat ikasi dut, eta jende pila bat ezagutu; oso esperientzia polita izan da. Etorkizunean ere arituko naiz bakarrizketak egiten.
Udalaren hamar eguneko egitarauan, hiru antzerki…
Urtean osoan antzerkiari ematen zaion garrantziaren isla da. Gehiago egin daiteke, eta jendea gogotsu dago gauzak egiteko eta ikusteko.
Hirutik hiru gaztelaniaz. Horietako bat euskaraz ere bai.
Horrek izugarrizko pena ematen dit. Izan ere, jendeak gustura ikusiko lituzkeen antzerki asko daude. Baina horiek ez dute lekurik. Beti ematen zaie lekua gaztelaniazko emanaldiei, bertakoen aurretik. Horrek kalte handia egiten dio bertakoari: herritarrek ez dute beren hizkuntzan kontsumitzeko aukerarik. Iruditzen zait nahitaez aldatu beharreko zerbait dela. Denetarik egon behar du: herriko antzerki taldeak, amateurrak, profesionalagoak... Bestela, berberak izaten dira beti, eta gero, kexatzen gara inor ez delako antzerkia ikustera joaten. Bada, saiatu eskaintza zabaltzen.
Umore emanaldirik ere ez.
Bakarrizketekin, herriz herri, ikusi dugu publikoaren erantzuna oso ona izaten dela beti. Batzuetan hobeto, beste batzuetan okerrago, baina jendeak ikuskizun mota hori kontsumitu nahi du. Gugan konfiantza izan duten eta plaza utzi diguten herrietan oso ondo pasatu dugu: bai herritarrek, bai bakarrizketa egin dugunek eta bai antolatzaileek, hau da, den-denek.
Zer alternatiba proposatzen duzue piratek?
Piratak ere halako plaza bat dira, non lekua ematen zaion jende guztiari. Horren adierazle da igandean bakarrizketetan parte hartu zutenetatik bik lehenengo aldia zutela. Plaza hori herrikoia eta parte hartzailea da: beharrezkoa.
Irrikitaldian parte hartuko duzu?
Denboraz larri ibiltzen naiz beti. Antzerkia Aste Nagusian prestatzen da, eta ez dakit denborarik aterako dudan. Urteren batean parte hartu izan dut, eta oso ondo pasatu dut, baina publiko gisa ere bai. Publiko ona naiz ni, erraz egiten baitut barre.
LOTSABAKO
Huts egingo ez duzun kontzertu bat?
Euskoprincess [Atzo izan zen].Artillari bazina, zeri emango zenioke su?
Eskatzen didan edonori, metxero bat lortzen badut.