Bilboko Konpartsek 600 jarduera baino gehiago aurkeztu dituzte Aste Nagusirako

Txosna guztiek lelo bat izango dute diseinurako inspirazio iturri: 'Txosnak. Gureak, danonak'. Txosnaguneko programazio musikalak ia 250 kontzertu bilduko dituela jakinarazi dute. Tartean dira Skabidean, Eire, Kiliki eta Mirua taldeen kontzertuak.

Iazko Bilboko Aste Nagusiaren hasiera. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iazko Bilboko Aste Nagusiaren hasiera. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Leire Rodero
2025eko abuztuaren 4a
16:22
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamabi egun baino ez dira falta Bilboko Aste Nagusia hasteko, eta Bilboko Konpartsek aurkeztu dute beren programazioa. Haurrek, gazteek, helduek eta adinekoek jai giroaz gozatzeko aukera ematea izan dute helburu, eta sarean jarria dute egitarau osoa.

Seiehun jarduera baino gehiago izango dira. Kirolak eta gastronomiak ez ezik, musikak ere izango du parte garrantzitsua. Talde nabarmenen artean, Kaskagorri konpartsak Naxker eta Sukena aurkeztuko ditu; Euskalgunek, Eire eta Skabidean; Kulturgunek, Chuleria Joder eta Kaparrak; Algarak, Xiberoots, Bad Sound, Kiliki eta Mirua; eta Aixeberrik, Bengo. Baina horiek ez dira izango konpartsa bakoitzaren emanaldi bakarrak. Konpartsa guztiek beste talde, DJ eta disko jartze ugari ere antolatuko dituzte, estilo eta giro askotariko programazio batean, txosna guztietan musika eta festa giroa bermaturik.

Haurrentzat ere ia egunero prestatu dituzte jarduerak: arte eta sukaldaritza tailerrak, puzgarriak, txotxongiloak eta pailazoak, besteak beste. Gazteentzat, berriz, bueltan dira azken urteetan arrakastatsuak izan diren bi tailer: skate tailerra eta rap tailer emanaldia; azken horretan rap kantariak eta bertsolariak izango dira.

Kirola eta jana

Kirolak ere leku nabarmena izango du. Xake lehiaketa antolatu dute, eta piragua lasterketak ere izango dira. Ur jolasak, waterpolo partidak eta Rubik lehiaketa ere biltzen ditu programak. Hiri krosa ostiralean egingo dute, abuztuaren 22an, 17:00etan, eta saskibaloi lehiaketa Arriaga plazan izango da  aurten.

Gastronomiazaleentzat, urtero bezala, Areatzan egingo dira lehiaketak. Abuztuaren 17an, esaterako, arroza izango du protagonista munduko plateraren lehiaketak. Eta 24an, buztan gisatu lehiaketa bueltan izango da Areatzan.

Ekintza guztiak kontsulta daitezke eskuorri ofizialean eta iaz martxan jarritako web aplikazioan. Aplikazioan, besteak beste, programazioa jasoa dago egunez egun, txosnen mapa, AstenagusiPedia eta erasoen aurkako protokoloak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.