«Energiarik gabe, baina pilak kargatuta» itzuli ziren Oskitz Ruiz (Iruñea, 1996) eta Asier Cabodevilla (Iruñea, 1996) Paristik, abuztuaren hasieran, haien esanetan nekagarriak bezain aberasgarriak izan baitziren han emandako egunak. Iruñeko Koadro Eskola antolakundeko kideak dira Ruiz eta Cabodevilla, eta udaro brigadak antolatzen dituzte Europan barrena. 11 eragilerekin elkartu ziren Parisen.
Zer moduz joan dira brigadak aurten?
ASIER CABODEVILLA: Balorazio oso ona egin genuen. Parisko kideengandik ikasitako guztiagatik, eta inoiz egin dugun brigadarik handiena izateagatik. 38 kide joan ginen Iruñetik, eta horrelako talde handietan beti izaten dugu beldurra, ongi moldatuko ote garen, baina oso ongi joan zen, eta talde harreman estua sortu genuen.
OSKITZ RUIZ: 38 horietaz gain, Italiako kide batzuk ere etorri ziren gurekin. 2022an Erroman izan ginen, eta oso harreman ona egin genuen haiekin. Harrezkeroztik, gurekin izan dira zenbaitetan. Brigadek balio dute Europan kontaktu sare bat egiteko, eta erreferentzia politiko eta praktikoak izateko.
Zer da Koadro Eskola?
RUIZ: Formakuntza politikorako antolakunde bat da, Iruñerrian finkatuta dagoena. Haren helburua da herri mugimenduko kolektibo eta sektoreei formakuntza eskaintzea. Horretarako, pedagogia ireki bat aplikatzen da, alternatiboa, formakuntza magistraletik aldentzen dena. Ikasteko orduan, autoformakuntza eta formakuntza kolektiboa bultzatzen dira. Talde txikiak osatzen dira, eta hiru urteko formakuntza plana egiten dute. Formakuntza hori aberasteko, urtero brigadak egiten ditugu udan.
«Brigadek balio dute Europan kontaktu sare bat egiteko, eta erreferentzia politiko eta praktikoak izateko»
OSKITZ RUIZ Koadro Eskolako kidea
Eta zein da brigaden helburua?
RUIZ: Bisitatzen ditugun herrialdeetako praktika konkretuetatik ikastea da helburu nagusia, eta eztabaidatzea, gero, Iruñera bueltatzean, herri mugimendu horietako kideek beren praktika politikoa aberastu dezaten.
Zer kolektiborekin elkartu zineten Parisen?
RUIZ: 11 kolektiborekin elkartu ginen. Lehenengo egunean, La Parole Errante gunea eta Luta Social Club kirol taldea ezagutu genituen. Bigarrenean, Europako Young Struggle gazte antolakundearekin eta AFA talde antifaxistarekin izan ginen. Gainontzeko egunetan, paperik gabeko kideek bultzatutako Marche des Solidarites erakundea, Irene Garcia Galan militante feminista, Assamblee des Quartiers gunea, Menilmontant kluba eta Menilmontanteko kooperatiba bat ezagutu genituen.
CABODEVILLA: Azken egunean, zinemaren arloan lan egiten duten bi kolektibo ezagutu genituen: Decolonial Film Festival eta Collectif 1871.
Nola jarri zineten harremanetan eragile horiekin?
RUIZ: Brigadak antolatzean, ikertzen dugu zer kolektibo dauden joango garen lekuan eta norekin elkartu gaitezkeen.
CABODEVILLA: Iaz Tolosan [Okzitania] egon ginen, eta oso lagungarria izan da hori, Tolosakoek Parisko jendea ezagutzen zuten eta. Beti lotura lana egiten duen talde bat egoten da bisitatzen dugun herrialdean; kasu honetan, AFA izan da, eta haiek antolatu zituzten hitzordu guztiak.
Aipatu duzue kirol talde batzuekin elkartu zinetela. Zenbateraino eragin dezake politikoki kirol talde batek herri edo auzo batean?
RUIZ: Horrek balio dit erakusteko brigadek zertarako balio duten. Erroman izan ginenean, San Lorenzo Football Club taldea ezagutu genuen, Erromako San Lorenzo auzoko herri klub bat. Proiektu hori ezagutu ostean, pentsatu genuen Iruñean ere horrelako zerbait egin genezakeela. Urte batzuen buruan, Alde Zaharreko Kirol Kluba sortu genuen.
CABODEVILLA: Kirolaren bitartez, borroka sozialetara hurbildu zaitezke, eta gai politikoak landu. Horrez gain, kirola zure auzoan eta doan egin ahal izatea, AZ klubean egiten den moduan, politikoa da.
Zer dauka Frantziako militantziak Euskal Herrikoak ez daukana? Eta alderantziz?
RUIZ: Bertako kolektiboetako kideek kontatu digute mobilizatzeko gaitasun handia dutela, matxinadaren kultura oso atxikita baitago Frantziako kulturan, baina mobilizazio horietatik at gauzak antolatzea tokatzen zaienean zailtasun handiak dituztela. Guk ikusten genuen Euskal Herrian badaukagula gaitasun hori: auzolanaren kultura baitaukagu, eta antolakuntzarako kultura politiko orokortu bat.
CABODEVILLA: Matxinatzeko gaitasun hori oso koiunturala da, baina urtero eztanda egiten du modu batean edo bestean. Horren adibide dira Jaka Horien mugimendua, edo Poliziak gazte bat hil zueneko mobilizazioak. Urtero izaten da eztanda handi bat, eta hemen halakoak gertatzea, neurri horretan, pentsaezina da.
Eta hainbeste jende astebetez elkarrekin, egon al zen tirabiraren bat?
CABODEVILLA: Hori izan zen harrigarriena. Ez zen tirabirarik egon, eta oso giro ona izan genuen denon artean.
Eta anekdotaren bat?
CABODEVILLA: Kontatu daitezkeenak... Zeren parrandan...
Parranda ere egin zenuten, orduan.
RUIZ: Bai, aisialdirako denbora ere egon zen, noski. Anekdota edo gauza aipagarriena izan daiteke Marche des Solidaritesekoek beren mobilizazioan parte hartzen utzi izana. Paperik gabeko kideek bultzatzen dute kolektiboa, eta astero mobilizatzen dira. Gainera, hitza eman ziguten, eta sekulako ohorea izan zen guretzat.
CABODEVILLA: Senegaldarrak ziren guztiak, eta haien mobilizazioak oso desberdinak dira: zirkulu bat egin zuten, eta jendea dantzatzen hasi zen. Haiekin dantzatzera sartu ginen, eta oso harrituta geratu ziren, zuri bakarrak baikinen.
LOTSABAKO
Brigadak hitz batean definitzekotan?
RUIZ: Bi dira... Inflexio puntua. CABODEVILLA: Baliagarriak.Etorkizunerako beste helmuga bat?
RUIZ: Ideia asko ditugu: Herrialde Katalanak, Grezia... CABODEVILLA: Nik Atenas esango dut, Grezian.