Kolore bizi-biziak, mota guztietako tipografiak eta bata bestearen gainean ipinitako elementu mordoa. Zuriune bat bera ere ez. Egin ariketa: horrelako zenbat kartel ikus daitezke herrietako hormetan eta saltokietan zintzilik? Adimen artifizialez sortutako afixak dira, eta han-hemen topa daitezke. Guztiak, gainera, oso antzekoak dira; izan ere, izan ekitaldi bat iragartzeko edota izan jatetxe bateko menua azaltzeko, tipografia eta elementu berak erabiltzen ditu.
Adimen artifizial sortzaile izenekoak egiten ditu diseinuak, eta, besteak beste, irudiak, testuak eta bideoak sortzen ditu. Laida Ruizek kartelak, ilustrazioak eta komikietako irudiak egiten ditu, eta ongi ezagutzen du adimen artifizialaren arlo hori: ez sorkuntzarako erabili duelako, baizik eta berak eta beste hainbat diseinatzaile grafikok urteetan egindako lanak «lapurtu» dituelako. «Urte mordoa egon da leku askotatik jende askoren lanak biltzen: sortzaileen irudiak eta bideoak, argazkilarienak, estudioenak… Zertarako? Bada, zuk nahi duzun diseinua sortzeko garaian, lan horien guztien arteko nahasketa bat egin dezan», azaldu du.
Lan guztiak inoren baimenik gabe hartu ditu adimen artifizialak. Are, Xabier Barcina diseinatzaile grafikoak adierazi du adimen artifizialaren sortzaileek ere hori aitortu zutela: «Adimen artifizial sortzailea trebatzeko, Interneteko material guztia hartu zuten, baimenik gabe, eta euren produktua garatzeko erabili». Irakasle ari da Barcina, eta diseinatzaile grafiko gisa zuen egoerak bultzatu zuen jauzi hori egitera. «Beti egon izan da izugarrizko lehia sektore honetan, baina, adimen artifiziala etorrita, zalantzan jarri dut nire lana».
Diseinu on baten garrantzia
Kartel bat egiteko enkargua jasotzean, ikerketa lan bat abiatzen dute diseinatzaile grafikoek: norentzat egingo duten, irudiak zer transmititu behar duen, zer estilo izan behar duen, zer kolore… Denbora eskaintzen diote ikertzeari, emaitza ahalik eta egokiena izan dadin. «Azken finean, diseinu bat egitea da jakitea ideia eta helburu batzuk nola transmititu ditzakezun irudi bakar baten bidez. Horretarako, sinplifikazio lan bat egin behar da, irudien esanahi hori eraginkorra eta erakargarria izan dadin», azaldu du Barcinak.
Diseinatzaile grafikoen ustez, diseinu on bat egiteko originaltasuna eta garbitasuna izan behar dira kontuan, bai eta zentzua ere. Izan ere, diseinuetan zentzu falta sumatzen dute gehienbat. «Kartel bat aztertzen baduzu, segituan ikusiko duzu pertsona batek hiru beso dituela edo beso bat ezerezetik ateratzen dela. Batzuek ez dute inolako logikarik», adierazi du Ruizek. Testuaren garrantzia ere nabarmendu du, bai eta testua bera eta irudia koordinatuta egotearena ere.
Baina zergatik eskatzen dio jendeak adimen artifizialari kartelak egiteko, gizaki bati eskatu beharrean? Ruizek dio alferkeriagatik dela, bai eta dirua aurrezteko ere: «Kartel bat egin nahi dute, baina ez dute inor kontratatu nahi. Adimen artifiziala eskura dutenez, horra jotzen dute». Barcinaren iritziz, erraza, azkarra eta merkea delako jotzen dute hara.
«Sortzen dituen kartelak sexistak eta arrazistak dira, eta ez-binarioak ez ditu pertsonatzat hartzen. Beti dira edo emakumeak edo gizonak, generoak oso ongi bereizita»
LAIDA RUIZ Diseinatzaile grafikoa
Komenigarria eta erosoa den bideari heltzean, baina, beste zenbait arlo bidetik kanpo gera daitezke. Adimen artifizial sortzailearen kasuan, esaterako, aniztasuna eta berdintasuna dira. «Sortzen dituen kartelak sexistak eta arrazistak dira, eta ez-binarioak ez ditu pertsonatzat hartzen. Beti dira edo emakumeak edo gizonak, generoak oso ongi bereizita», azaldu du Ruizek.
Hori horrela dela baieztatzeko, adimen artifizialak egindako benetako kasuak kontatu ditu Barcinak. «Enpresa munduan lan egiten duen pertsona garrantzitsu bat egiteko eskatzen badiozu, gizon zuri bat egingo dizu». Eta irudiak berrinterpretatzeko garaian ere ageriko akatsak egiten ditu: «Pertsona beltz bat ageri den irudi pixelatu bat ematen diozu, eta, kalitatea hobetzeko eskatzean, pertsona zuri bat bihurtzen dizu». Akatsak gorabehera, Ruizek dio herritar gehienei ez zaiela axola: «Jendeari berdin zaio kartela originala den edo ez. Besterik gabe, orri bat da, zerbait aurkezten duena, eta batzuei berdin zaie nola eginda dagoen».
Ondorioak, han-hemenka
Emaitzei horrenbesteko garrantzia eman ordez, Barcinak iritzi dio adimen artifizialaren erabilerak dakartzan ondorioetan jarri behar dela arreta. «Duela urte batzuk, esaterako, akats askorekin egiten zituen pertsonak, baina denbora oso laburrean hori konpondu egin da. Arazoa ez da ondo edo gaizki egiten duen, baizik eta tresna horrek zer kalte eragiten dituen».
Adimen artifiziala trebatzen duten datu zentroek energia eta ura behar dute. Ondorioz, kalterik handienak ekosisteman nabaritu direla jakinarazi dute diseinatzaile grafikoek. Ondorioez mintzatu da Barcina: «Datu zentroak eraikitzen dituzten lekuetan lehorteak daude, eta ura kutsatu dute. Horrez gain, zarata asko ateratzen dute halako zentroek, eta, diotenez, faunan ere eragina dute. Eremu oso handiak behar dira halakoak sortzeko, eta ur gutxi dagoen lekuetan ari dira sortzen, biztanle gutxiago dagoelako».
«Datu zentroak eraikitzen dituzten lekuetan lehorteak daude, eta ura kutsatu dute. Horrez gain, zarata asko ateratzen dute halako zentroek, eta, diotenez, faunan ere eragina dute»
XABIER BARCINA Diseinatzaile grafikoa
Gizartean ere eragina duela ohartarazi dute, Barcinak dioenez «bere kabuz pentsatzeko gai ez den gizarte bat sortzen ari baitira». Irakaslea da, eta hezkuntzan ikusi ditu ondorioak: «Ez dute iritzirik garatzen. Erronka baten aurrean, zuzenean adimen artifizialera jotzen dute». Gehienei axola zaien gauza bakarra adimen artifizialak emandako emaitza dela uste du, eta kezka agertu dute horren inguruan. Izan ere, haien ustez, kartel bat egiteak duen alderdirik garrantzitsuena, eta adimen artifizialak ordezka ezin dezakeena, prozesua da.
Ruizen arabera, kartel bat egin behar denean, nori egin behar zaion ikertu behar da. «Adimen artifiziala erabiltzen duzunean, berriz, prozesu hori guztia galdu egiten da. Hau da, sortze prozesua galtzen da: ikastearen prozesua eta humanizazioa».
Barcina ere bat dator harekin: «Helburua ez da irudi bat sortzea soilik: helburua da lan hori egiten duzun bitartean ikastea». Horregatik, hausnarketarako tartea utzi du: «Galdera hau da: zergatik erabiltzen duzu adimen artifiziala, mundu hobeago bat egiteko edo epe motzean zuretzako onura bat ikusteko? Hori da arazoa, epe motzeko onurei soilik begiratzen diegula: epe motzean kartel bat daukat. Baina gero horrek dituen ondorio guztiak ez ditugu ikusten».
«Galdera hau da: zergatik erabiltzen duzu adimen artifiziala, mundu hobeago bat egiteko edo epe motzean zuretzako onura bat ikusteko?»
XABIER BARCINA Diseinatzaile grafikoa
Hortaz, adimen artifizialak diseinatzaile grafikoen lana ordezkatuko al du? Barcinaren iritziz, bai, eta jada hala egiten duela gaineratu du. Horren erantzukizuna enpresen gain jarri du, eta esan du haiek ahalbidetzen duten heinean gauzak bere horretan geldituko direla.
Egoerari buelta emateko, aldaketak erakundeetatik hasi behar duela adierazi du Barcinak. «Ikastaro asko antolatzen dituzte adimen artifiziala nola erabili behar den erakusteko. Gainera, esaten dute adimen artifiziala izango dela etorkizuna. Etorkizuna norena? Bada, justu kontrakoa egin behar dute: adimen artifiziala erabili gabe nola bizi daitekeen erakutsi. Erabiltzen ikastea erraza da; justu aurkakoa da orain behar duguna». Horregatik, mugak jartzeko eskatu dute biek ala biek. Izan ere, tresna hori enpresen eskuetan dagoen bitartean helburua ekonomikoa izango dela ohartarazi du Barcinak, «inoiz ez soziala edo etikoa». Hortaz, zera eskatu du: «Behar duenak soilik erabiltzeko, baina benetan behar duelako, eta ez komeni zaiolako».
Lehengora bueltatzea
Egoerak berdin jarraitzen badu etorkizun zaila izango dutela uste dute diseinatzaile grafikoek. «Fama handia duten sortzaile gutxi batzuk geratuko dira sektorean, eta besteak kanpoan geldituko dira», azaldu du Barcinak. Hori gerta ez dadin, diseinatzaile grafikoen lana baloratu dezatela eskatu du Ruizek: «Adimen artifizialak egindako kartel batek edo pertsona batek egindakoak gauza ezberdinak transmititzen ditu. Adimen artifizialarena imitazio lan bat da, lapurretan oinarritu dena». Gizaki batek egindako lanak, berriz, beste egitura bat duela aldarrikatu du: «Xehetasun bakoitza zainduta eta pentsatuta dago, eta irudiak ere bere osoan zentzua du».
Herritar askok adimen artifiziala sorkuntzarako tresna gisa ikusten badute ere, Ruizek iritzi dio ez dela hala: «Artea sortzeko tresna bat arkatza da, pintzela, 3D inprimagailua edota argazki kamera, ez adimen artifiziala». Are, «kulturaren aurkako tresnarik erraldoiena» da Barcinaren ustez, eta biek salatu dute ikusi dutela kultura bultzatzeko ekimen baten berri ematen duen kartelen bat edo beste adimen artifizialarekin eginda.
«Artea sortzeko tresna bat arkatza da, pintzela, 3D inprimagailua edota argazki kamera, ez adimen artifiziala»
LAIDA RUIZÂ Diseinatzaile grafikoa
Adimen artifizialarekin egindako kartelen gorakada honetan, eskuz egindakoaren bat ikustea eskertzen dute diseinatzaile grafikoek. «Nahiz eta diseinua txarra eta zabarra izan, pertsona batek egin izana eskertzen dugu. Lehen ikusten bagenuen diseinu bat Comic Sans tipografiarekin egindakoa, oso zabarra zela pentsatzen genuen, eta zera esan: ‘Pertsona honek dirua irabazi du kartel hau egiteagatik’», azaldu du Barcinak. Orain, berriz, «gustura» ikusiko lituzkete halako kartelak.
Dena dela, diseinatzaile grafikoek argi izpi txiki bat ikusten dute tunelaren amaieran: adimen artifizialak egindako kartelak ikusteaz nekatu da jendea, eta itxaropena dute erakundeek pixkanaka giza sormenaren alde egingo dutela. Adimen artifiziala beharrezkoa dela normalizatu dela adierazi du Barcinak, baina ez du uste haren premia hainbestekoa denik: «Askok diote: ‘Ezin naiz adimen artifizialik gabe bizi’. Nik diot: ‘Eta nola bizi ginen, bada, orain arte?’».