Familia ia osoa igo da saria jasotzera, baina Eli Gorrotxategik hartu du hitza. Hirugarren aldia du, baina lehena Xune biloba jaioberria besoetan duela. Beste sari bat ere badute: 2.000 euro, txapela, garaikurra eta 12.000 etiketa esaldi honekin: «La Leze, Ordiziako txapelduna».
Ikusi gehiago
Nolako gazta da?
Udaberriaren hasieran egindako gazta bat da. Zaporeari dagokionez, gazta borobila dela esango nuke. Gatzagiak ematen dion puntu horrekin, bai, baina gozotasun puntu batekin ere bai. Familian dastatu genuen, eta denon artean erabaki genuen gazta horrek izan behar zuela.
Familian ari zarete lanean. Aurrera egiteko indarra ematen dizue sari honek?
Zalantzarik gabe. Eguneroko lana da gurea, eta oso gogorra egiten da batzuetan. Halako sariek, ordea, asko laguntzen digute aurrera egiten.
Semea hemen duzu, biloba ere bai... Erreleboa ziurtatuta daukazue La Lezen?
Ikusiko dugu, baina baietz dirudi. Gu saiatuko gara dakiguna haiei irakasten, eta ea eurek ere aurrera egiten duten.
Urrezko saria ere zuena.
Hori sari gehigarri bat izan da; sekulakoa. Helburua zen gazta on bat aurkeztea, eta besteekin lehiatzea. Finalean sartzea guretzat jada sari handia zen, eta Urrezkoa irabaztea, zer esanik ez.
Saria berriro Arabara joan izana ere bada zerbaiten seinale.
Toki guztietan egiten dira gazta oso onak, baina egia da azken boladan asmatzen ari garela. La Leze Arabako gaztandegi bat da, eta garrantzitsua da beste herrialdeetako gaztandegiekin hor goian lehian aritzea.
Nahiz eta zuek goierritarrak zareten...
Hala da. Jose Mari senarra Lazkaokoa da, eta ni eta Harkaitz semea, Beasaingoak.