Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak bere 25. urteurrena ospatu zuen atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Zentroaren ibilbidea errepasatu zuten ekitaldian, sorrerako ideietatik abiatuta etorkizuneko erronketaraino. Besteren artean, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, erakundeetako eta erakunde laguntzaileetako ordezkariak, DIPCko komunitate zientifikoa eta hainbat eta hainbat herritar izan ziren ekitaldian.
Donostiako zentroak egiten duen «abangoardiako» ikerketaren garrantzia aitortu zuen Pradalesek bere hasierako hitzaldian: «Munduko zientziaren mapan kokatzeko erabakigarria izan da DIPC. Bikaintasunaren erreferente da munduan. Herri proiektua eta harrotasun iturria da gure herriarentzat».
Ekitaldian mende laurdeneko mugarri garrantzitsuenak aurkeztu zituzten zentroko zuzendaritzako kideek, eta kontakizuna ikus-entzunezko piezekin txandakatu zuten. Haien bidez, DIPCren une historikoak gogora ekarri zituzten, laborategi aurreratuetan barrena ibiliz.
Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendariak pertsona eta erakunde ugariren lankidetza «sakon» eta «eskuzabala» azpimarratu zuen, eta ikerketa zentroaren arrakasta «lorpen kolektiboa» dela adierazi zuen. Bestalde, Aran Garcia Lekue proiektu estrategikoen zuzendariak agerian jarri zuen oinarrizko ikerketak zer garrantzi duen aplikazio berriak garatzeko motor gisa, eta nabarmendu zuen zentroak funtsezko hainbat ikerketa ildo dituela «etorkizuneko harrobi zientifikoa osatzen laguntzeko», ikertzaile gazteen parte hartze aktiboan oinarrituta. Nora Gonzalez dibulgazio eta komunikazioko zuzendariaren arabera, ezagutza gizartean zabaltzeko konpromisoa hartu du DIPCk.
Etorkizunari begira
Bestalde, emanaldi artistikoak ere izan ziren. Izarren Hautsa kanta jo zuten Eñaut Elorrieta musikariak eta Iñar Sastre piano jotzaileak. Maialen Lujanbio bertsolariaren ezusteko saioa izan zen unerik txalotuenetako bat, bertso bana eskaini baitzien DIPCri eta Pedro Miguel Etxenike zentroko presidente eta proiektuaren bultzatzaile nagusiari.
Lortutakoa omentzeaz gain, ospakizun ekitaldian azpimarratu zuten garrantzitsua dela zentroaren etorkizuna eraikitzen jarraitzea, askotariko proiektuen bidez; besteak beste, eraikin berria aipatu zuten.
Etxenikek azken hitzaldian nabarmendu zuenez, politika zientifiko on batek «epe luzea» behar du, «jarraipena». Haren hitzetan, DIPC «politika horren emaitza» da, «bata bestearen atzetik etorri diren gobernu guztiek bultzatu eta sostengatu dutena. Laster inauguratuko dugun DIPCren eraikin berria erabakigarria izango da munduko abangoardian jarraitzeko».