Genetiko ebolutiboaren ikerlaria

Francesc Calafell: «Edozein espezietako indibiduo guztiak bizirik irautea lortu zuten arbasoen ondorengoak gara»

Genetikak osasunean duen eragina aztertu du Calafellek, baita gaixotasunen eboluzioa ere. DNA ikertzeko orduan argi du medikuntzako irakasleak: «Ez dugu inola ere gure ikerketa joera sozialen aurretik jarriko».

Francesc Calafell ikerlaria. FREDERIC CAMALLONGA
Francesc Calafell ikerlaria. FREDERIC CAMALLONGA
itsaso jauregi 2
2026ko otsailaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Darwinen Eguna otsailaren 12an ospatzen da urtero, eboluzioaren teoriaren «aita» den Charles Darwinen jaiotza ospatzeko. Naturalista ospetsuaren egunean, Francesc Calafell ikerlariak (Manresa, Herrialde Katalanak, 1966) Eboluzioak osasunari eta gaixotasunari buruz azaltzen duena hitzaldia eman zuen Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Pompeu Fabra Unibertsitateko medikuntzaren eta osasun zientzien saileko irakaslea da, baita Biologia Ebolutiboko Institutuko ikertzailea ere.

Zergatik erabaki zenuen genetika ebolutiboan murgiltzea?

Betidanik interesatu izan zait giza aniztasuna bere alderdi guztietan. Biologia edo filologia katalana ikasi nahi nituen, baina azkenean biak elkartzea lortu nuen. Baina, biologian hasi nintzenean, DNA ez zen ezagutzen edo ikertzen, oraindik ez genituelako eskura zuzenean aztertzeko behar ziren teknikak.

Aldaketa handia izan zen DNA aztertu ahal izatea, ezta?

Bai, noski. Hori egiteko modua ematen duten tekniketako bat PCRa da; fakultatean nengoenean asmatu zen. Hain zuzen, merkatuan arraina erosteko ilaran zeuden andreak PCRaz hitz egiten aditu nituenean konturatu nintzen COVID-19aren pandemia larria zela. Laborategiko teknika bat zen niretzat.

Pertsona batek zer karga genetiko du?

Y kromosoma dugu gizonok, aitak semeari transmititzen diona. Gero, DNA mitokondriala dago, gizonek eta emakumeek daramatena eta amarengandik bakarrik jasotzen dena. Eta, jakina, genetikaz ari naiz, eta ez nortasunaren eraikuntzaz eta generoaz. Bi gauza dira. Alde batetik, herentzia genetikoa dugu, eta, gero, kulturala: abizena. Aitaren abizena pasatu ohi da, baina orain gero eta gehiago jartzen da amarena. «Orain ikasten ari zaren hau hautsi egiten da amaren abizena jartzean», esaten didate batzuek. Berdin zait. Ez dugu inola ere gure ikerketa joera sozialen aurretik jarriko. Nik Y kromosoma daukat, teorian, nire familiako gizonek bezala eta Calafell izena dutenek bezala, eta, bestalde, DNA mitokondriala daukat, amaren familiaren berbera. Hau da, nirea da eta ez da aldi berean.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Leinu horiek nolabait pertsonalak dira eta aldi berean ez, gure familia osoarekin partekatzen ditugu ere. Eta horrek genetikaren alderdi bioetiko liluragarria eratzen du: nor da informazio genetikoaren jabea nire familiak ere hori bera baldin badu? Haur lapurtuak izan direnek beren senide guztiak identifikatu beharko dituzte genoma osoa partekatzeko baimena eskatzeko? Euren familia aurkitu besterik ez dute egin nahi. Eta etika zorrotzetik Kafkara pauso txiki bat dago.

«Oso zoriontsuak izango ginateke birusik gabe. Batetik onura ateratzen duen espeziea dago, parasitoa, eta, bestetik, espezie kaltetua, kutsatutako indibiduoa»

Genetikak zer eginkizun du osasunean?

Fibrosi kistikoaren adibidea jarri nuen solasaldian. Gaixotasun arraroa eta larria da; genea transmititu egiten da, eta osasun arazo handiak sortzen ditu. Beste muturra zera izango litzateke, kaletik oinez joan eta palmondo bat erortzea gainera, hor ez baitago generik inplikatuta; agian zuhurtziagabekeriaren genea. Baina osasun egoera batzuk benetan istripuak dira.

Alor genetikoak ez ezik, egoera sozialak ere eragiten du osasunean?

Bai. COVID-19ari dagokionez, arrisku soziala faktore oso garrantzitsua da. Ezin bazen telelana egin, arrisku handiagoa zegoen gaixotzeko, eta horretan genetikak ez du botererik. Gaixotasun gehienetan nolabaiteko sentiberatasun genetikoa dago, baina arrisku hori aldatzen duten beste faktore asko daude, eta horietako asko sozialak dira.

Zer harreman dago gaixoaren eta parasitoaren artean?

Oso zoriontsuak izango ginateke birusik gabe. Batetik espezie onura ateratzen duena dago, parasitoa, eta, bestetik, espezie kaltetua, kutsatutako indibiduoa. Baditugu bakterio onuragarriak: hesteetako mikrobiomak digestioan laguntzen digu, adibidez. Ikerketa eremu oso bat dago ulertzen saiatzen dena zergatik patogeno batzuek hiltzen gaituzten eta beste batzuek oso gaixotasun arinak ematen dizkiguten.

Zergatik dago hainbesteko aldea gaixotasun infekziosoen artean?

Ikerketa eremu oso bat dago hori ulertzen saiatzeko. Historikoki, izurri beltzak Europako biztanleriaren herena hil zuen. Zientzian eta medikuntzan egon diren aurrerapenak ikus daitezke adibide horri begira: orain hori pentsaezina da, baina lehen eguneroko kontua zen. Gaixotasun infekziosoen beste muturrean hotzeria arrunta dago, baina inor ez da horregatik hiltzen.

Bakterioarentzat onuragarria da kaltetuak bizirik jarraitzea?

Gehienetan onuragarria da patogenoarentzat kaltetua ez hiltzea. Inork ez dio tiro egingo hegazkineko pilotuari. Gainera, gaixotasun infekzioso askotan ikusten dugu larriak izaten direla hasieran eta gero egoera lasaitu egiten dela. Armamentu lasterketa bat da, halako su eten bat sinatzen duten arte. Edozein espezietako indibiduo guztiak bizirik irautea lortu zuten arbasoen ondorengoak gara.

«Leinu horiek nolabait pertsonalak dira eta aldi berean ez, gure familia osoarekin partekatzen ditugu eta. Eta horrek genetikaren alderdi bioetiko liluragarria eratzen du: nor da informazio genetikoaren jabea nire familiak ere hori bera baldin badu?»

Oinarri genetikoak eragiten dio sendagaiek duten efektuari?

Medikamentu askok bi arazo dituzte: baliteke behar den efektua ez egitea, edo nahi ez diren albo ondorioak eragitea. Bi arazo horiek oinarri genetikoa dute neurri batean. Medikamentu bat hartzen dugunean, entzima batzuek metabolizatu egiten dute, eta, askotan, medikamentuak berak ez du efektua egiten; metabolizatutako sustantzia horiek dira eragiten dutenak. Baina harrigarria da inoiz existitu ez diren substantziak antzemateko eta metabolizatzeko gai diren proteinak gorputzean izatea.

«Gaixotasun batzuk aldatu den ingurune batera egokitzearen ondorio dira», esan zenuen hitzaldian. Zer esan nahi duzu horrekin?

Gizakiok planeta osora hedatu garenez, leku bakoitzeko florara egokitu gara. Klima mediterraneoan landare aromatiko asko daude, eta ez da kasualitatea: konposatu kimiko jakin batzuk dituztelako gertatzen da hori. Horietako batzuk toxikoak izan daitezke behar bezala tratatzen ez baditugu. Desberdintasun horiek azaltzen dute medikamentuen eraginkortasunik ezari edo toxikotasunari buruzko erantzun desberdinak izatea herritarren artean.

Sendagaiak garatzeko orduan populazio desberdinak kontuan hartu beharko litzateke, beraz?

Bai. Arazo bat da, saiakuntza kliniko gehienak gene europarreko populazioan egiten direlako. Eta erantzunik ezaren edo toxikotasunaren mota hori, beraz, handiagoa izan daiteke beste jatorri batzuetako populazioetan. Baina, giza aniztasuna egituratuta dagoen moduan, ia gene batek ere ez du mota bateko populazioa %100ean. Maiztasunetan aldeak izaten dira beti.

Zure arloko zein galderari erantzun nahiko zenioke etorkizunean?

Zenbat bizi izan zen gizaki berrienaren arbaso komuna? Bizidunok nahiko ezagunak ditugu, herri interesgarri gutxi geratzen dira, galdera gutxi. Galdera asko daude oraindik teknikoki zailagoa den arlo batean: inguru arkeologikoetan aurkitutako hezurrak aztertzea.

Zure ustez, zer eginkizun du zoriak eboluzioan?

Zoria nagusi da eboluzioan. Estatistikaren ohiko problema da: kutxa batean hainbeste bola urdin eta hainbeste bola gorri ditut. Ondorengo bat edo maila kolektiboan belaunaldi berri bat dagoen bakoitzean gauza bera gertatzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA