Espazio berri baten sorrerak hiztegi berri bat sortu du Basque Culinary Centerren: goian eta behean. Miramongo parke teknologikoan geldituko baitira batzuk: «Goian». Eta GOE Gastronomy Open Ecosystemera aldatuko baitira beste batzuk: «Behean». Bietan ibiliko denik ere bada. Joxe Mari Aizega da horietako bat (Hernani, Gipuzkoa, 1970). Ez da alferrik zuzendaria. Apur bat minduta dagoen zuzendaria, bide batez esanda.
Urduri zaude? Ilusioz? Kezkatuta? Zer proportziotan?
Ilusioz %70, urduri %25, eta kezkatuta %5.
Dena dago prest? Errekorren bat apurtu duzue?
Aurreikusitako epeak bete dira. BCC egin genuenean, zortzi edo bederatzi hilabeteren buruan eraiki zen. GOE ere bai, baina hamasei urte geroago. Araudia geroz eta exijenteagoa da, geroz eta konplexuagoa da, baina gustura gaude aurreikusitako epeetan eraikitzea lortu dugulako.
Nolako eraikina da?
Benetan diot: zoragarria. Niri gustatzen zait, eta hitz egin dudan jende gehienari gustatu zaio. Oraindik sei-bederatzi hilabete falta zaizkio inguruko landarediari hazteko, baina orduan ikusiko da eraikin hori inguru berde baten erdian. Eta kanpotik polita da, baina barrutik zoragarria da. Hiru material nagusitzen dira, nolabait: egurra, altzairu galvanizatua eta kolore gorria. Solairuz solairu intentsitate ezberdina hartzen duen gorria. Horrek izaera berezia ematen dio eraikinari. Ohartzen zara goi mailako arkitekto batek egin duela.
«Eraikina hasieratik dago kontzeptualizatuta parte hartzailea izateko eta herritarrek hitzaldietan, tailerretan, ikerketa eta berrikuntza proiektuetan parte hartzeko»
Bjarke Ingels da arkitektoa. Nolako tratua izan duzue harekin?
Gu haren bulegoarekin egon gara harremanetan, batez ere. Baina etorri izan denetan, oso pertsona hurbilekoa izan da. Kontuan izan behar da mundu guztian ari dela proiektuak egiten. Netflix katean badaude kapitulu batzuk sortzaileei buruzkoak. Arkitektura lantzen duten kapituluan, Bjarke Ingels agertzen da. Hortik atera kontuak: ez dago gaizki halako maisu bat Donostiara ekarri eta halako eraikin bat egitea.
«Hiriari irekitako eraikin bat» dela diozue. Zer zentzutan?
Proiektu honekin hasi ginenean, garbi geneukan berrikuntza ez dela leku isolatuetan gertatzen. Berrikuntza gertatzen dela herritarrekin eta pertsonekin hartu-emanean. Horretarako nahi genuen parke teknologikotik hirira jaitsi. Ideia horrekin joan ginen udalera, eta udalak lurzoru hau eskaini zigun, aurretik ere erabilpen horretarako aurreikusia zegoena. Eraikina, beraz, hasieratik dago kontzeptualizatuta parte hartzailea izateko eta hiritarrek hitzaldietan, tailerretan, ikerketa eta berrikuntza proiektuetan parte hartzeko. Guk esaten dugu GOE laborategi bizi bat izango dela.
Protestak daude deituta.
Bai, badakit.
Ulertzen dituzu? Bat zatoz? Kritikatzen dituzu? Kezkatzen zaituzte?
Ulertu izan ditut. Ulertzen dut bertako bizilaguna bazara eta eraikin bat jartzen badizute aurrealdean, orduan eskubidea daukazula protestatzeko; legitimoa iruditzen zait. Eta protesta asko egon dira: gizartean, erakundeetan, auzitegietan... Eskubide hori baliatu da. Baina kito. Eraikin hori hor dago. Eta oraingo protestak uler ditzaket protesta prozesu horren amaiera bezala: «Bizilagun talde bat gara, ez zaigu gustatu erabakia, protestatu dugu, eta gure azken protesta egingo dugu: ez zaigu gustatu». Baina kito. Gainera, neurri batean, bidegabea ere iruditzen zait: egia ez diren gauza asko esan dira. Eta gu ez gara Norvegiako multinazional bat, gu bertako jendea gara, eta gure herriarentzat ekarpen positiboa egingo duela seguru gaudelako ari gara proiektu hau egiten. Beraz, gezurrik ez, eta manipulaziorik ez, mesedez. Uste dut lerro batzuk gainditu egin direla. Digeritu ditugu ahal izan dugun bezala, konbentzituta gaudelako egiten ari garenaz.
«Gu ez gara Norvegiako multinazional bat, gu bertako jendea gara, eta gure herriarentzat ekarpen positiboa egingo duela seguru gaudelako ari gara proiektu hau egiten»
Basque Especulinary Center deitu dizuete. Eta Israelgo enpresekin milaka euroren kontratuak dituzuela esan ere bai.
Bai, eta biak dira gezurrak. Gu fundazio bat gara, eta eraikin hau sortu da esandako ekarpen hori egiteko. Hor geldituko da betiko, fundazio horretan. Inor ez da aberasten. Langileok, erretiroa hartzen dugunean, gizarte segurantzako pentsioa jasoko dugu, eta denok pozarren. Eta hor dauden patronatukideek eman besterik ez dute egiten. Jaso ez dute ezer jasotzen. Espekulatu? Nork? Inork ez. Hori gezurra da.
Bestalde, guk Israelekin ez daukagu inolako harremanik, eta ez dugu euro bakar bat ere jasotzen haiengandik. Noski, Israel elikadura munduan berrikuntza gune bat izan da. Beraz, supermerkatu batean cherry tomate bat erosten dugunean, hor atzean patente bat dago, Israelgo enpresaren batek daukana, baina ez dakiguna nor den ere. Hori izan liteke erlazio bakarra. Baina guk ez daukagu inolako harremanik eta negoziorik Israelekin. Hori gezurra da. Baina eskertzen dizut galdetu izana.
«9.000 metro koadro berrikuntzari eskainiak». Zer berrikuntza? Nola?
Berrikuntza, maila ezberdinetan: gastronomian eta elikaduran. Nola? Talentu berria garatuz: master berriak, formakuntza berriak, doktorego tesiak... Hor hazi nahi dugu: ikerketa eta talentua erakarri, eta ikerketa eta talentua garatu. Ekintzailetza, berrikuntza proiektuak enpresekin, azeleragailu bat enpresentzat, topaketak... Eta herritarrentzat hitzaldiak, tailerrak... Martxan jartzen dugunean, poro guztietatik elikadura eta gastronomia transmitituko duen proiektu bat izango da. Gizarteak ez dio elikadurari behar duen garrantzia ematen, eta hain inportantea da gure osasunarentzat, gure plazerarentzat, eta gure planetarentzat... Euskal gastronomiatik halako proiektu bat sortzea, elikadurari buruz aritzeko, eta traktorea izateko, nonbait egin behar bazen hemen egitea zoragarria iruditzen zait.
Baina hori guztia ez al dago BCCn ere? Norbaitek esango du: zer nezesidade?
Modu erraz batean azaltzeko: Basque Culinary Center ostalaritzara eta jatetxe mundura dedikatzen da; GOE elikadurara dedikatuko da. Dena lotuta egongo da, baina bi plano ezberdin dira, bi hartzaile eta bi mundu ezberdin.