GOE: sukalde berri bat, itsasoari begira

Astelehenean inauguratuko dute GOE Gastronomy Open Ecosystem, baina aurretik bisitatzeko aukera izan dute mila bat lagunek. Eraikinaren ederra eta izaera parte hartzailea nabarmendu dituzte bisitariek.

enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2025eko urriaren 17a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kerik gabeko suak, eta zikinik gabeko harraskak. Sukalde gaineko orbangabeak. Hozkailuak zigilatuta. Armairuak hutsik. Ezkaratz distiratsu bat. Berri usainaren harrera, eta zuraren abegia. Kolore gorria, eta altzairu galvanizatua. Nahasketa ederra. Xehetasun asko: daudenak, eta falta direnak. Tutueria agerian toki batzuetan. Behargina landareak ureztatzen. Berdea badator, baina oraindik ez. Itsasora begira dagoen sukalde erraldoi eta berri-berria da GOE Gastronomy Open Ecosystem. 

Astelehenean inauguratuko dute Bjarke Ingels arkitekto daniarrak diseinatutako eraikina, baina hura bisitatzeko aukera izan dute aurretik izena emandako mila lagunek baino gehiagok. Txandaka: goizean hasi eta arratsaldean bukatu. Berrehun laguneko bost txanda. Eskaileretan gora, sarreratik auditoriumera. Beirate asko eta handiak. Argia. Oso argia. Jendea zain auditoriumean. Edade batetik aurrerakoak gehienak. Marmarra, eta lilura. Euskarazko lehen bisita gidatua. «Auditorium honetan euskara entzungo den lehenengo aldia da. Zero unean gaude», esan du Joxemari Aizega BCC Basque Culinary Centerreko zuzendariak. Hark egin die harrera bisitariei. «Entzutea da asmoa, esateko duzuen hori entzutea. Herritar guztientzako eraikina baita hau».

GOE
Joxe Mari Aizega zuzendaria, azalpenak ematen, bisita gidatua hasi aurretik. GORKA RUBIO / FOKU

Eta Aizegak esplikatu die nola den GOE ikerketarako eta berrikuntzarako zentro bat, eta nola bizi izan duten BCCtik harainoko urratsa: «Aurrerapauso bat eman behar genuela iruditu zaigu. Zer den GOE? Etorkizun goxo bat gastronomiatik, osasungarria eta jasangarria». Lau gune izango dituena: prestakuntza, ikerketa, enpresentzako laguntza eta herritarrek parte hartzeko gunea.

Kritikak izenari

Parte hartzeko gune hori bisitatu dute lehenengo. «Hemen erdian, sukaldeak egongo dira», azaldu du arduradunak. Ikastaroak eta tailerrak emango dituzte han. Bi ordu eta erdikoak, eta praktikoak. Azaroaren 27an emango dute lehenengoa: Batch Cooking tailerra. «Badakizue zer den? Bada, igandean nola egin aste osorako janariaren plangintza». Hanturaren aurkako errezeten tailerra, Gabonetako oturuntzak osasuntsuak izan daitezkeela erakusten duena, garagardoa eta zaporeak adimen artifizialaren bidez uztartuko dituena... «Entzun dut Donostia Kulturako txartelarekin %10eko deskontua daukagula. Hala da?», galdetu du bisitari batek. «Bai, hala da», erantzun dio arduradunak. Alixi kexu agertu da: «Galdetu dut, eta ikastaro bakoitzak 75 euro balio du. Ez da edonorentzat». GOE izenarekin dauka hark kezka: «Ingelesezko izenak jarri behar horrekin. Eta nola onartzen dugun hori horren erraz. Gure hizkuntza ez da agertzen izen horretan!».

GOE
Sukalde berri eta gorria, Gastronomy Open Ecosystem zentroan. GORKA RUBIO / FOKU

Laugarren solairuraino doaz bisitariak. Igogailuan igo ez direnak hauspoa berotuta iritsi dira. Merezi zuen. Ederra da ikusmira: Mariaren Bihotza eliza eguzkitan, eta surflariak itsasoan. Olatu forma du GOEren eraikinak, eta olatua bukatzen den tokia da laugarren solairua: jatetxea. Urtarriletik aurrera egongo da martxan. Berrogei lagunentzako tokia izango du: «Estalkia ibilerraza da. Eta ez dago eraikinetik sartu beharrik, iritsidaiteke kanpotik ere». 

Hirugarren solairura jaitsi dira. Gorria da zorua, eta gurpilak dituzte sukaldeek. Itxura ikusgarria dauka. «Prestakuntzarako solairua da hau. Masterretarako eta herritarrekin egingo ditugun tailerren baterako ere bai», azaldu du hango arduradunak. Labe modernoenei begira emakume bat. Galdezka beste bat: «Hau indukzioa da?». Arduradunak: «Bai, eta beste horiek plantxak». Galdezka beste bat: «Beheko hauek zer dira: denak kaxoiak?». Arduraduna: «Bai, sukaldeko tresneria gordetzeko».

GOE
Behargin bat, GOEren eraikineko estalkia ureztatzen. GORKA RUBIO / FOKU

Bigarren solairuan hartu dute denek atseden. Mahaiak, aulkiak eta sofak. Gune erabat irekia, handia eta argitsua. «Herritarrentzako jardunaldiak antolatuko ditugu hemen, eta mimo bereziz tratatuko ditugu haurrak eta helduak», azaldu du ekintzailetza arduradunak. «Eta laguntza, babesa, orientazioa eta lan egiteko toki berezi bat eskainiko dizkiegu ekintzaileei». Baimenik gabe jandako bonboi batzuekin amaitu da bisita. 

«Inpresio onarekin goaz»

Beiratearen beste aldetik, Zubiri Manteo institutuko ikasleak ikusten dira. Bisitarien artean, Nekane Alzelai institutuko irakaslea. «Guk prozesu guztia bizi izan dugu: obraren hasieran izan genituen arazoak, zarata guztia... Protestetan ere parte hartu genuen, klaseak ematea osoa zaila zitzaigulako. Ez genekien eraikinak zer bolumen hartuko zuen ere. Baina ikusi dugu, eta, printzipioz, inpresio onarekin goaz», azaldu du. Eta arrazoitu ere bai: «Eraikin ikusgarria da, kanpotik zein barrutik. Eta hasierako filosofia horrekin bat datorrena: dirudienez, badute asmoa herritarrekin bat egiteko, lekuan lekukoa sustatzeko, eta printzipio horiekin ados. Ea etorkizunean nola garatzen den hori guztia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.