1978ko uztailaren 8 hartan Iruñean zirenek, garaiko haur zein helduek, memorian iltzatuta dituzte egun hartako gertaerak. Espainiako Polizia egun hartan zezen plazara kolpeka eta tiroka sartu zen, jendea sakabanatuz eta ehunka zauritu eraginez, horietako batzuk su-balen eraginez. Istiluak gerora plazatik kanpo hedatu ziren, herritarren artean izua sortuz. Plazatik 200 bat metrora, Orreaga etorbidean, polizietako batek German Rodriguezen aurka tiro egin eta hil egin zuen. Alboan zuen adiskideak laguntza eskatu zuen, eta, ospitalera eraman zuten arren, ezin izan zuten ezer egin. 23 urte baino ez zituen.
German Rodriguez erori zen toki berean, gaur egun haren omenezko hilarri bat dago. Hasieran, leku hori gorde egin zen haren oroimenez, eta gerora hilarria egin zuten. Lehen urteetan gai kimikoekin eta bonbekin erasotu zuten oroitarria. Duela bost urte, berriz, etorbideko obrak zirela eta, Iruñeko Udalak kendu egin zuen hilarria. Dena den, bere tokira itzultzea lortu zen, eta hilarriak hor dirau, zutik, German Rodriguezen memoriaren sinbolo gisa. Urtez urte, gainera, uztailaren 8an omenaldia egiten zaio.
Egia, memoria eta ordaina
Atzo ere, urteroko hitzordu horretara jendetza bildu zen. Ekitaldiak ordu erdi inguru iraun zuen, eta mezu nagusia ele bitan eman zen. Sanfermines 78 Gogoan herri ekimenaren izenean, euskaraz Zelai Ordoñez gazteak irakurri zuen. Miren Egaña amak, 1978an German Rodriguezen neskalagun zenak, hunkituta eta urduri jarraitu zituen alabaren hitzak. Zelaik ozen eta irmo irakurri zuen, baina testua irakurtzen amaitu eta oholtzatik behera jaitsi zenean, hunkitua zegoela nabari zen.
Hitzaldian, Zelai Ordoñezek «egia, memoria eta ordaina» eskatu zituen German Rodriguez eta Joseba Barandiaranentzat—German hil eta hiru egunera hil zuen Poliziak, Donostian egin ziren protestatan—. Bertsio ofizialaren arabera, «nahigabeko gertaerak» izan ziren haiek, «gutxi batzuen probokazioaren eta polizien gehiegikeriaren» ondorioa. «Hori esan behar dute trantsizioaren mitoa gordetzeko», eta horretarako zigorgabetasuna eta isiltasuna beharrezko izan zirela nabarmendu du.
33 urte igaro diren arren, ez da lortu isiltasun ofizialarekin haustea. Ez da inongo ikerketarik eta aitorpen ofizialik egin. Hala ere, oroimenaren aldeko taldeek ez dute etsi. Hain justu, aurten Derryko Bloody Sundayren biktimen elkartea Gasteizen —martxoaren 3ko gertaerak direla eta— eta Iruñean izan dira, eta haiek utzitako mezu «itxaropentsuaren» berri eman zuen atzo Zelai Ordoñezek: «Ez gaude bakarrik. Egiaren eta justiziaren alde egitea ez da erraza. Haien esaldia hauxe da: 'Mundu bat, borroka bat'».
Aurrera egiteko bultzada hori jasota, Iruñeko Udalak egiaren batzorde bat bultza dezan bilatuko du herri mugimenduak. Hala, osatu berri den udal gobernuari dei egin diote «jarrera positiboa eta irekia» izateko eta egiaren batzorde hori eratzen laguntzeko: «Denok irabaziko dugu. Horrelako gertakariak ez errepikatzeko lehen harria jarriko du».
Hitzaldiarekin batera, lore eskaintza egin zuten German Rodriguezen senide eta lagunek. Julieta Itoiz La Chula Potra-k une horretarako espresuki sortutako rap abestia kantatu zuen. Alkandora zuri eta gorbata gorri batekin jantzia, Itoizek Germanen argazki bat jarri zuen hilarriaren parean. Irune eta Iker Tubia anai arrebek aurreskua dantzatu zuten.
Fermin Valenciak, berriz, duela urte gutxi sortutako Hilarria abestia kantatu zuen. Itoizek zein Valenciak arazoak izan zituzten mikrofonoarekin. Valenciaren kasuan, arazo teknikoen ondorioz ez zitzaion entzun, baina, jendearen ahotsek lagunduta, aurrera egin zuen abestiak. 20:30ean, berriz, manifestazioa egin zen, zezen plazatik.
Egiaren batzordea dute xede
Sanfermines 78 Gogoan herri ekimenak egiaren batzorde baten eraketan lagundu dezala eskatu dio Iruñeko Udal berriariGerman Rodriguezen omenez espresuki sortutako rap kanta abestu du Julieta Itoizek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu