Ehun urteko genealogia feminista

Euskal mugimendu feminista uste baino zaharragoa dela defendatu du Cira Crespok, 1919an andre preso baten alde egindako diru bilketan oinarrituta. Ekarpena egin zuten emakumeetako batzuk errepresaliatu egin zituzten 1937an.

Eako emakume batzuk. Frankistek eskuineko biak errepresaliatu zituzten 1937an. ASUN LANDAK UTZITAKOA
Eako emakume batzuk. Frankistek eskuineko biak errepresaliatu zituzten 1937an. ASUN LANDAK UTZITAKOA
amaia igartua aristondo
Gasteiz
2026ko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Altxor bat topatu duenaren emozioa igartzen zaio, azkenik hipotesia ziurtatu duenaren zirrara. Cira Crespo historialari eta ikerlariaren arabera, Euskal Herriko mugimendu feministaren hastapenak 1960ko edo 1970eko hamarkadetan ezartzen dituzte gai hori jorratzen dutenek, baina hainbat dokumentuk zalantzan ipintzen dute irizpide hori. 1919koa da aurreneko zantzua: «Gora Euzkadi askatuta» oihukatzeagatik atxilotutako Maria Aizpururen alde diru bilketa bat antolatu zuten, eta 55 herritako 4.700 emakumek baino gehiagok egin zuten ekarpena. 1937koa da bigarrena: diru bilketako parte hartzaileen izen-abizenak gurutzatu zituztenean frankismoak Ean (Bizkaia) errepresaliatu zituen andreen zerrendarekin, zortzi kointzidentzia aurkitu zituzten. Transmisio bat erakusten du horrek, ikerlariaren arabera. «Esango nuke emakume feminista abertzaleen genealogiak ehun urte dauzkala, gutxienez».

1919ko abuztuaren 24an atxilotu zuten Aizpuru, giro nahasia eta «errepresio bortitza» nagusi ziren garai batean. Orduko hartan, «Gora Euzkadi askatuta» oihukatzea delitu larria zen, errebeliotzat jotzen zuten, eta horrek esplikatzen du Euzkadi egunkariak zer jarrera izan zuen gertakariaren berri ematean: ukatu egin zuen Aizpuruk horrelakorik egin izana. Ezin jakin, hortaz, benetan gertatu zen, edo gezurretan ari ziren andrea salatu zuten foru poliziak.

«Garai hartan, Ean 600 emakume zeuden, gutxi gorabehera. %30 inguruk parte hartu zuten diru bilketan»

CIRA CRESPO Historialaria

Gertakariak gertakari, ondorioak bai, ondorioak benetakoak izan ziren. Atxiloketa izan eta pare bat astera, irailaren 8an, Getxoko (Bizkaia) emakume batzuek Llamamiento a las mujeres vascas (Euskal emakumeei deia) artikulua publikatu zuten Euzkadi-n bertan, Aizpururen aldeko diru bilketa abiatuko zutela iragartzeko; hurrengo egunean, berripaper hark Feminismo nacionalista zutabea argitaratu zuen, gizon batek idatzitakoa. «Oso irakurketa argia da: ‘Zuek egin duzuenak lotura dauka feminismoarekin’», nabarmendu du Crespok. «Eta ez da kritika bat; artikuluan emakumeen eskubideei buruz hitz egiten du, botoari buruz... Garai hartan, feminismo hitza oso gaizki ikusita zegoen».

Bitxikeria ez da diru bilketa, dena den, metodo arrunta zen-eta sos batzuk lortzeko euskararen alde, edo atxilotu baten alde, besteak beste; emakume izenak ere agertzen ziren tarteka zerrenda haietan. Ezohikoa zera da, ikerlariaren ustez: sinatzaile guztiak andrazkoak izatea, eta hainbeste izatea. Euzkadi-n argitaratu zen lehen zerrendan, ekarpena egindakoen izenak txukun ordenatuta irakur zitezkeen; hurrengo egunetan, ordea, izenak elkarren segidan agertzen hasi ziren toki faltagatik, eta, are, egunkariak desenkusatu beharra ere izan zuen: «Gure eskuetara heltzen diren harpidetza zerrendak atzerapenez argitaratzen dira, donazio kopuru benetan ikaragarriak hala behartuta».

Eako lagun talde bat. ASUN LANDAK UTZITAKOA
Eako lagun talde bat. ASUN LANDAK UTZITAKOA

Aldea nabarmena da urriaren 17ko zenbakiari erreparatuta, adibidez: emakumeen zerrendak «preso nazionalisten» aldekoak baino toki nabarmen handiagoa hartzen du, bizpahiru zutabe. Egun hartan publikatu ziren, hain justu, Eako atxikipenak, 170 izen-abizen baino gehiago. «Garai hartan, Eak 1.200 biztanle inguru izango zituen; 600 emakume, gutxi gorabehera. Portzentajea oso altua da: %30 inguru», azpimarratu du Crespok.

«Bultzada politizatzailea?»

Ikerketa hastapenetan dago, baina daborduko hari mutur asko ditu. Esaterako, diru bilketa asko batzokietan egin ziren arren, Eibarren (Gipuzkoa) hiru emakumek euren etxeetan jaso zituzten eskupekoak; gehienek izen-abizenak jendaurrean eman zituzten arren, inizialekin ageri dira Maruri-Jatabeko (Bizkaia) andre guztiak, eta anonimotasuna hautatu zuten dozenaka batzuek. «Euskal errepublikazale bat», «separatista bat», «abertzalea», «Gora Euzkadi oihukatzen duen bat» eta «zoro bat» ageri dira zerrendetako batzuetan, kasurako. Anonimotasuna adierazteko modu horiek ere jakin-mina piztu diote ikerlariari.

Eta dirua hor dago, orobat. Sustatzaileek gehieneko kopuru bat ezarri zuten: bakoitzak pezeta bat eman zezakeen, gehienez. Oso diru gutxi da, baita garai hartarako ere. «Beste presoentzako diru bilketetan, askoz jende gutxiagorekin diru kopuru ia bera batu zuten», Cresporen esanetan. Ez du topatu bildutako diruarekin zer gertatu zen. «Aizpururenak aitzakia bat dirudi. Zerbait gertatzen ari zen; susmoa daukat atzean bazegoela zerbait egiteko gogoa».

Cira Crespo Gasteizen, ostiralean. RAUL BOGAJO / FOKU
Cira Crespo Gasteizen, ostiralean. RAUL BOGAJO / FOKU

Baliteke Aizpururen kasuak hauspoa eman izana gogo horri. Cresporentzat, bederen, diru bilketa ez zen izan zerbait anekdotikoa, baizik eta arrastoa utzitako «ekintza politiko bat». Handik bi urtera, 1921ean, Emakume Abertzale Batza sortu zuten. «Kritikoa naiz haren inguruan egin den irakurketarekin, hasiera Bilbon ipintzen baitute. Eta zer gertatzen ari zen herrietan? Bazegoen zerbait, eta hemen daukagu». Crespok mapa batean nabarmendu ditu Aizpururi babesa adierazi zioten herriak: kostaldea markaz beteta dago, baita gaur egun nagusiki erdaldunak diren gune batzuk ere. «Emakume Abertzale Batzaren haztegi bat izan al zen? Bultzada politizatzailea?». Baliteke sare bat sortu izana, eta atxiloketaren samina apaldu ostean ere iraun izana. Baliteke, are, loturak ia hogei urte iraun izana.

Emakumeak familiaka joaten ziren dirua eta izen-abizenak ematera: zerrendetan ama-alabak agertzen dira, eta, askotan, sendi bereko ahizpa guztiak, abizenek agerian uzten dutenez. Eta, hain justu, badirudi familia barruko transmisioak jagon zuela, hein batean, genealogia feminista.

Ikurrinak eta maistrak

Cresporen ikerketaren berri izan zutenean —BERRIAko artikulu batean argitaratu zituen datu eta ondorio batzuk—, Eako Andrak eta HEA elkarteetako kideak harremanetan jarri ziren harekin. Aspalditik zuten frankismoak errepresaliatutako emakumeen izenak biltzeko asmoa, Asun Landak azaldu duenez, eta batik bat zerbait berezia egitekoa aurten, 90 urte beteko dira-eta 36ko gerra hasi zenetik —faxistak 1937ko apirilaren 28an sartu ziren Eara—. Ganbaretan arakatu, andre horien ondorengoekin hitz egin, eta hemeretzi emakumeko zerrenda taxutu zuten; haietatik hamahiru kartzelan sartu zituzten, Bilboko Larrinagan edo Oruen. Izenok Crespok topatutakoekin erkatzean azaleratu zen lotura: zortzi emakume. Haietako batzuek Aizpururi elkartasuna adierazi zioten bi hamarkada lehenago, eta beste batzuk, haurrak artean, amen eskutik joan ziren pezeta hori lagatzera.

«1921ean, Natxitua auzoko maistrak gutun bat idatzi zuen soldata arrakalaz kexaka, gizonezko maisuak baino gutxiago kobratzen zuelako»

ASUN LANDA Eako Andrak eta HEA elkarteetako kidea

Bi zerrendetan ageri da, kasurako, Eako Natxitua auzoko maistra. 45 urte zituen 1919an, diru bilketan parte hartu zuenean; eta 62 urte 1937an, frankistek irakaskuntzan jardutea debekatu ziotenean. «1918an, eskolan euskaraz egin ahal izatea eskatu zuen udalean, baita euskal ikasketen plan bat ere», azaldu du Landak. Udalak asmoa onetsi zuen, baina bizilagun batzuek kritikatu egin zuten erabaki hori. «Eta 1921ean, gutun bat idatzi zuen soldata arrakalaz kexaka, gizonezko maisuak baino gutxiago kobratzen zuelako. Justiziazkoa dela esaten du, eta hainbat lege aipatzen ditu: oso gutun ederra da».

Ez da izan ezusteko bakarra. Ikerketari esker jakin du Landak txikitan ezagutu zuen andre batek kronikak idazten zituela Euzkadi egunkarian, Lorea ezizenarekin. 19 urte zituen Aizpuru atxilotu zutenean, eta 37rekin eraman zuten Larrinagako kartzelara, lau hilabetez.

Eako Natxitua auzoko Emakume Abertzale Batzaren egoitzan zegoen ikurrina. ASUN LANDAK UTZITAKOA
Eako Natxitua auzoko Emakume Abertzale Batzaren egoitzan zegoen ikurrina. ASUN LANDAK UTZITAKOA

Badira anekdota gehiago. Cresporen zerrendan ageri da, halaber, Natxituko Emakume Abertzale Batzaren egoitzan zegoen ikurrina brodatu eta, faxistak heldutakoan, hura ezkutatu zuen emakumea; 13 urte zituen diru bilketa egindako sasoian —hura ez zuten errepresaliatu 1937an—. Ikurrin berezia da, gurutzez barik marra horizontalez osatutakoa, lauburu batzuk dituena. Baserrian gorde zuen andre hark, botila batean babestuta, oilotokiaren azpian. «1974ra arte egon zen han», kontatu du Landak. «Haren alaba ezkondu zenean, Zazpiak Bat armarria eskatu zuen ezkontza opari moduan. Eta izebak, ama hilda zegoen-eta, ikurrina atera zion, negar batean. Lobak ez zekien ezer».

Larunbatean egindako ekitaldian izan zuten istorio horren berri. Emakume Abertzale Batzaren egoitza izandakoan elkartu ziren, hain zuzen, gaur egun udaletxea dagoen eraikinean. Igandean, Crespok bere ikerketaren nondik norakoak esplikatu zizkien leku berean. Laster bi jardueren bideoak egongo dira ikusgai HEA kultur elkartearen webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA