Kontuak eta Kantuak Araban. Ikuskizunaren tituluak dioen eran, kontuak eta kantuak dituzte oinarri Iñaki Garcia (Bilbo, 1965) etnografoak eta Gontzal Mendibil musikariak. Arabako herrietan barna ibiliko dira Gorbeia aldeko kontuak azaltzen. Gaur egingo dute lehen emanaldia, Agurainen (Araba), Harresi aretoan, 18:30ean. Sarrera doan izango da.
Iritsi da ikuskizuna aurkezteko eguna, Araban. Prest al zaudete orain arte egindakoa erakusteko?
Ezer baino prestuago gaude. Irrikatsu gaude nabarmentzeko, Gorbeiako kontuak eta kantuak abesteko Araba guztiari. Orain arte, Bizkaiko hamasei herritan egin dugu ikuskizuna, eta orain Araban egitea tokatzen da. Gaur hasiko dugu bira, Agurainen, eta abenduan amaituko dugu, Aramaion.
Gorbeia mendialdea duzue oinarri ikuskizunean; hain zuzen ere, bertako kontuak eta kantuak.
Gorbeia mendiaren inguruko liburu bat argitaratu nuen, eta baita erakusketa bat egin ere. Harrera ona izan zuen. Hala, Gontzal Mendibili proposatu nion erakusketaren amaierarako ikuskizun bat prestatzea, aurretik liburu batean jasota neuzkan elezaharrak eta Gorbeiaren gainean Mendibilek sortuta zeuzkan abestiak uztartuta. Gainera, urteak daramatzagu elkarrekin lanean. Hortik abiatu genuen proiektua, eta hasi ginen hainbat herrirekin harremanetan jartzen. Manuel Iradier mendizale taldearekin ere jarri ginen harremanetan, eta Vital fundazioak diru laguntza eman zigun proiekturako. Horiei guztiei esker izan da posible proiektua.
Beraz, bata musikaz arduratzen da, eta bestea kontakizunaz?
Hala da. Mendibilek musika jartzen du, eta nik elezaharrak kontatzen ditut. Horietako batzuek 650 urte inguru dituzte, eta ahoz aho transmititu dira. Interpretatu ere egiten ditut; haietako bakoitzaren atzean dagoena erakusten dut. Barandiaranek jaso zituen lehenengoz Gorbeia inguruko elezahar horiek, herriz herri ibili zen guztiak batzen. Finean, elezaharrak Erdi Aroko wifia dira, gizartearen komunikatzeko era.
Irudiak ere izango ditu ikuskizunak.
Bai. Ikuskizunaren osotasunak irudi ikusgarriak ere baditu. Izan ere, ikuskizunaren atzealdeko pantailan Gorbeia inguruko 600 argazki inguru proiektatuko dira. Ikusleek aukera izango dute Gorbeiako basoetan sartu eta antzezlekutik irteteko.
Hala, esan al daiteke Gorbeia mendiak eta kontakizunekiko pasioak elkartzen zaituztela?
Bai, Gorbeia izan daiteke elkarrekin egiten ari garenaren aitzakia. Gorbeia mendia arabarren Everest da: bertan dago arabar mendizaletasunaren jatorria. Baina ez zaio ematen behar besteko garrantzirik. Horregatik, ikuskizuna erakusleiho garrantzitsua da niretzat, Gorbeia herritarrei zabaltzeko. Baita bertako kontuak ere. Esan daiteke proiektuaren sortzailea ni naizela, eta, horren ostean, Mendibili komentatu nionean, hura ere proiektura batu zela.
Aurrez aipatua duzu belaunaldien arteko transmisioa. Halako kasuetan, zer garrantzi du ahoz ahoko transmisioak?
Munduarekin dugun konexio bakarra da. Orain 400 urte baserrietan bizi zen batek ez zekien ezer munduaz. Ez zegoen komunikaziorik, ez zegoen komunikatzeko bitartekorik. Beraz, elezaharrak zeuden. Elezaharrak, gainera, leku guztietan dira berberak, pertsonaien eta lekuen izenak aldatuta. Hegan egiten duten haziak dira, leku batean gelditu eta jaiotzen direnak. Zenbaitek uste dute elezaharrak leku bateko DNA direla, baina ez da hala.
Halere, badirudi elezaharretako asko galtzen ari direla.
Guztia ari da galtzen. Digitala ez den oro jada ez da existitzen. Horregatik dute halako egitasmoek garrantzi berezia. Azken mohikanoak gara; izan ere, egun ez zaio inori bururatzen antzezleku batera joan eta gure arbasoek kontatzen zituzten elezaharrak eta ipuinak kontatzea. Eta polita da, helduak gerturatzen zaizkigu, eta esaten digute oilo ipurdia jarri zaiela. Kontuak gogoratzea oso polita da.
Posible al da, halako egitasmoekin, elezaharrek irautea?
Bai, noski. Dokumentu idatzi batean batu daiteke jasotakoa, eta bertan egongo da betiko. Esaterako, Paseos por Orozko Ibilbideak liburuan 42 elezahar jaso nituen, Gorbeia ingurukoak. Halere, uste dut jada egin dudala egin beharreko lana. Orain, beste pertsona batzuei dagokie lan honekin jarraitzea, Euskal Herriko beste toki batzuetan. Garai azkar eta immaterial honetan zaila da norbaitek lan hori egitea. Lehen esan bezala, azken mohikanoak gara.
ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Garcia. Etnografoa
«Elezaharrak Erdi Aroko wifia dira, gizartearen komunikatzeko era»
Elezaharrak ditu maite Garciak. Hala, ikuskizun bat sortu du Gontzal Mendibil musikariarekin. Gorbeia inguruko kontuak eta kantuak dira ikuskizunaren oinarri. Gaur hasiko dute bira Arabako zenbait herritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu