Esku bat eskatu eta milaka jaso. Vianako Erentzun ikastolak laguntza eskatu zuen Nafarroa Oinez antolatzeko, eta Zizur Txikiko San Fermin ikastolak eskua luzatu zion. Urtebete geroago, milaka eskuk bat egin zuten atzo Zizur Nagusian (Nafarroa). Eider Sagastibeltza (Iruñea, 1988) San Fermin ikastolako lehendakaria eta Garbiñe Zulaika (Zarautz, Gipuzkoa, 1974) Erentzun ikastolako zuzendaria eskuz esku aritu ziren lanean, eta nekea antzematen zaie gaur, baina pozik daude emaitzarekin. Bildutako diruak, gainera, Erentzunen bideragarritasun ekonomikoa bermatzen lagunduko du.
IKUSI GEHIAGO
Nafarroako ikastolen besta handiaren ondoren, nola esnatu zarete?
EIDER SAGASTIBELTZA: Nekatuta, atzo lan handia egin baikenuen, baina betetasun sentimenduarekin. Oso harrera ona izan zuen, eta asko izan ginen bidean bat egin genuenak. Oso eskertuta gaude bai familiekin eta bai ikastolako langileekin.
GARBIÑE ZULAIKA: Zarauztarra izanik, atzokoa olatuaren gainean surfean aritzeko une horietako bat izan zen niretzat. Olatuak oraindik erresaka handi batean bezala narama gaur. Benetako astelehen horietako bat izaten ari da: gorputzean nekea pilatuta, burua oraindik atzoko bizipenetan, eta egunerokoak eskatzen digula behar duen erritmoa hartzea. Baina atzokoak merezi izan zuen.
Hortaz, espero bezala joan zen dena?
SAGASTIBELTZA: Barne urduritasun handiarekin hasi genuen eguna, baina poliki-poliki egin beharrekoetan murgildu ginen, eta niretzat zoragarria izan zen.
ZULAIKA: Eguna hotzetik hasi zen, haize pixka bat ere bagenuen, baina ondo etorri zen jendea ekitaldiak hasi aurretik esnatzeko. Oso babestuta sentitu ginen, euskaldun pila bat elkartu baikinen, eta horrek komunitatea garela erakusten du. Arlo serioa bukatuta, eguzkia atera zen, eta festa girora batu ginen. Merezi izan du, eta berriz ere egingo nuke.
Antolakuntzan jende anitzen laguntza eduki duzue, ezta?
SAGASTIBELTZA: Oso harro gaude, eta bihotzez eskertuta. Haiek gabe ezinezkoa izango litzateke hau guztia aurrera ateratzea. Buru-belarri aritu ziren, eta gaur ere hala ari dira bilketa lanetan. Erakutsi dugu auzolana dela oraindik ere gure ikastolen esentzia, eta herritik jaio ginela eta herriarentzat gaudela.
«Oso harro, eta bihotzez eskertuta gaude. Haiek gabe hau guztia ez litzateke posible»
EIDER SAGASTIBELTZA San Fermin ikastolako lehendakaria
ZULAIKA: Barruan egon arte ez gara konturatzen zenbat jende dagoen honen atzean, eta zenbat xehetasun hartu behar diren kontuan. Atzoko egunean bakarrik mila boluntario ibili ziren lanean eguna ondo atera zedin. Eta urte osoan zazpi mila pertsona ibili gara batera eta bestera.
Izan ere, atzoko jaia ez ezik, egitasmo gehiago ere antolatu dituzue, ezta?
SAGASTIBELTZA: Lekukoa hartu genuenean hasi zen gure bidea, eta urte osoan hainbat ekintza egin ditugu; hala nola Vianako Dena, Hazi Artea erakusketa, Juul sariak, eta Oinez kros solidarioa. Hilabetez hilabete, beti aritu gara zerbait prestatzen; helmuga eta egun handia zein zen kontuan hartuta, betiere.
Prozesu horretan, zer ikasi duzue?
SAGASTIBELTZA: Komunitate handia garela, eta guztiok gure alea ereinda eta gure gogoa jarrita posible dela.
ZULAIKA: Gogoko tokian aldaparik ez. Lantaldeetan jo eta su ibili gara, errealitate eta lan egiteko era desberdinak eduki arren, helburu bera baitugu. Beraz, umil baina harro, izugarrizko esperientzia izan da. Aberasgarria erabat, bai arlo profesionalean eta bai pertsonalean.
Helburu bera duzue, baina, agian, abiapuntua ez. Zein da zuen ikastoletako egoera soziolinguistikoa?
SAGASTIBELTZA: San Fermin ikastola Zizur Txikian dago, euskara ofiziala den eskualde batean. Nafarroako ikastolarik handiena da, Iruñerriko eta alboko herrietako 1.500 ikasle baititugu euskararen normalizazioaren alde lanean.
ZULAIKA: Erentzun ere horretan ari da, baina gure egoera bertzelakoa da; zailtasun gehiago ditugu. Batetik, mugan gaude: Errioxatik bederatzi kilometrora, eta Arabako mugatik lau kilometrora. Bestetik, hemen euskara ez da ofiziala, zonifikazioa dela eta. Duela 47 urte, hamazazpi ikaslerekin hasi ziren, eta, gaur egun, 121 ditugu. Beraz, hor jarraitzen dugu gure eremua euskaldundu nahian.
«Duela 47 urte, hamazazpi ikaslerekin hasi ziren, eta, gaur egun, 121 ditugu. Beraz, hor jarraitzen dugu gure eremua euskaldundu nahian»
GARBIÑE ZULAIKA Erentzun ikastolako zuzendaria
Hain zuzen, lan horretan jarraitu ahal izateko antolatu duzue 2026ko Nafarroa Oinez, ezta?
ZULAIKA: Irabazien beharra eta Nafarroa antolatzeko nahia Erentzun ikastolatik sortu zen. Guk San Fermin ikastolari eskatu genion laguntza, eta haiek baiezkoa eman ziguten. Aurtengo Oinez jaiaren helburu nagusia da Erentzun ikastolaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzea, euskarak indarra izaten jarrai dezan.
Aurtengo leloan, Oinezen e hizkiari Irulegiko eskuaren forma eman diozue. Baina bertze hainbat hitzen lehen hizkia ere bada. Zein hitz datorkizue zuei burura?
SAGASTIBELTZA: Euskara, erabilera, elkartasuna, eta etorkizuna. Euskarak badu etorkizuna, eta euskara erabiltzea lortuko dugu hainbat eremutan, ez soilik ikasgelan. Elkarrekin aurrera egitea ere posible da, elkartasuna baita nagusi, eta bidean bat baikara.
ZULAIKA: Lehenengoa, noski, euskara da, eta euskararekin uztartuta zuzenean doa Erentzun. Baina Irulegiko eskuaren sinbologian oinarrituta dagoenez, e hori ez da gurea bakarrik, guztiona da, euskara sentitzen dugun, maitatzen dugun, eta aurrera atera dadin nahi dugun guztiona.
Hurrengo urtean Lizarrako ikastolak hartuko du zuen lekukoa. Zer gomendio emanen zeniekete?
SAGASTIBELTZA: Gogotsu egin dezatela lan, eta bideaz goza dezatela. Urtea ziztu bizian pasatuko zaie lanean murgilduta, baina helmugara iritsitakoan ikusiko dute egindako lanaren fruituak hor daudela, eta harro sentituko dira.
ZULAIKA: Hartu berri duten lekukoak zirrara eta ilusioa pizten du. Manten dezatela ilusio hori, argi hori beharrezkoa baita norantz goazen jakiteko. Eta, noski, Nafarroan hamabortz ikastola gara, orotara 115, eta hortxe egongo gara laguntzeko prest.
lotsabako
Atzo gehien gozatu zenuten ekintza?
BIEK: Urtz taldearen kontzertua.Baduzue bertze Nafarroa Oinez jairik buruan?
ZULAIKA: Erentzunek eta Lodosako Ibaialde ikastolak egindakoa, 2016an.SAGASTIBELTZA: San Ferminek 2000n egindakoa, ikasle nintzela.