Erlea estimatua da Usurbilen (Gipuzkoa). «Betidanik izan da erlearekiko nolabaiteko sentsibilizazioa, eta hori indartzeko helburuz hasi ginen antolatzen Erle Eguna». Julian Urkiola Erle Lagunak Taldeko kideak egin du azalpena, eta talde hark dihardu antolaketa lanetan. Igande goizerako antolatu dute egitaraua.
Erleek garrantzi handia dute naturako ekosisteman, eta hori behar bezala transmititzeko lana ere egiten dutela adierazi du Urkiolak. Hala, Aginaga eta Zubietako herri eskoletako eta Usurbilgo Udarregi ikastolako haurrek egindako marrazkiekin osatutako erakusketa ikusgai izango da Sutegi kultur etxean. Lanketa hori «beharrezkoa» dela uste du Urkiolak: «Hamabost urteren buruan indartu egin da herriak erlearekiko zuen indarra, eta hori zati batean haurrekin egin den lanketagatik da; handik hasi behar da».
Kultur etxearen ataraian egingo da azoka, eta han, erlezainekin batera, eztigileen postuak ere egongo dira. Mota guztietako eztia dastatzeko aukera izango da, Urkiolak dioen moduan, «koloreak bezainbeste ezti» baitaude. Eztia osagai duten gozokiak probatzeko aukera ere izango da. Argizaria da erleek egiten duten beste produktu bat, eta hori nola moldatu erakutsiko dute azokan.
Asiako liztorraren erasoak
Urkiolak Asiako liztorra bertatik bertara aztertu du azken hilabeteetan, eta lortutako material horrekin guztiarekin, erreportaje bat osatu du. Sutegiko auditoriumean izango da ikusgai goiz osoan, 10:30ean, 11:00etan eta 11:30ean emango baitute.
Asiako liztorraren habitik oso gertu grabatutakoak dira erreportajeko irudiak. Horregatik, erasoak nolakoak diren argi ikusiko dela adierazi du Urkiolak. «Gorputzeko atalak zatika-zatika kentzen dizkio liztorrak, eta azala aurpegian dituen haginekin nola eraunsten dizkien ere ikusiko da». Erlea ez da liztorren jomugan dagoen intsektu bakarra, gehiagori ere erasotzen diete, tximeletei esaterako. Emanaldi bakoitzean azalpen batzuk emango ditu Urkiolak.
14:00 inguruan azokako produkturik onenen sariak banatuko dituzte. Garaileari dagozkion txapela eta saria Salbatore elizako kanpandorretik datorren erleak emango dizkie, urtero legez. Haren ondotik, enkantean jarriko dute eztia.
ERLE EGUNA
Non. Usurbilen (Gipuzkoa).
Noiz. Igandean.
Asteburuko proposamenak
Erleari gorazarre egingo diote
Usurbil. Eztia eta argizariaren azokak egiteaz gain, lehiaketak ere izango dira, etzi, Erle Egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu