Errealitateari punta zorrozten

Iruñeko peñek prest dituzte sanferminetarako pankartak, umorez eta kritikaz beteak. Yolanda Barcinak pertsonaia nagusia izateari utzi dio, eta aurten Ignacio Polo Hiri Segurtasunerako zinegotziak, Lourdes Goikoetxea Ogasun kontseilariak eta bestek hartu dute lekua.

La Jarana. BERRIA.
Iruñea
2014ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Aurten ere umorea, kritika eta salaketa darie Iruñeko peñen pankartei. Iruñeko eta Nafarroako errealitatea beste modu batean azaltzera etorri dira pankarta egileak. Yolanda Barcina, Ignacio Polo, Roberto Jimenez, Alfredo Perez Rubalcaba eta joan den urteko txupinazoan Udaletxe plazan alderik alde ikurrina zintzilikatu zuten arrantzale bizardunen aurpegiak dira nagusi aurtengo sanferminetarako peñek egindako pankartetan. Horiez gain, kritikaren jomuga dira Iruñeko Udaltzaingoaren kudeaketa, Osasunaren jaitsiera eta Espainiako monarkia.

Aurten ere fin aritu dira pankarta egileak peñetako hamasei pankartak egiten. Ez dago gai bakarra pankartetan. Urteak askorako eman du, eta gai frankok eman du zeresana pankartetan: Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen eta Lourdes Goikoetxea Ogasun kontseilariaren afera; Ignacio Polo Iruñeko Hiri Segurtasun zinegotziaren mozkorraldia; iazko txupinazoan Udaletxe plazan ikurrina zintzilikatu zuten arrantzale bizardunen ibilerak, edo Juan Carlos Borboikoaren abdikazioa eta Felipe VI.a semearen erregetza berriaren hasiera. Aurreko urteetan ez bezala, Yolanda Barcinak pertsonaien erregina izateari utzi dio. Poloren ibilerak, Simon Santamaria Iruñeko udaltzain buruaren gehiegikeriak, edo Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkariak Barcinaren kontrako zentsura mozioan ez aurkezteko egindako lanak pankartetako protagonisten aurpegiak aldatu dituzte. Guardia zibil batek eta haren semeak hildako Angel Berrueta ere gogoratu dute pankartan Donibane peñakoek.

Sexu erasoen kontra

Kritika eta ironia ez eze, salaketa ere ageri da pankartetan eta eraso sexistarik ez leloa irakur daiteke hainbat pankartatan. Salaketa uztailaren 9ko zezenketara ere eramanen dutela iragarri dute peñek. Guztiak elkarrekin sexu erasoen kontrako pankarta eramanen dute zezen plazara.

Baina sanferminen aurretik motorrak berotzen hasiko dira peñak. Bihar, Peñen Eguna ospatuko dute. Goizetik hasi eta gauera arte izanen da festa, eta egun horretan erakutsiko dituzte hamasei pankartak ofizialki. Jarana peñatik kalejiran aterako dira pankartak astinduz, eta San Frantzisko plazan jarriko dituzte ikusgai, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.