Literatura

Iruñeko sanferminetan girotutako lehenbiziko nobela euskaratu du Aingeru Epaltzak: Felix Urabaienen 'Auzo madarikatua'

Jatorrizko bertsioa plazaratu eta ehun urtera ailegatu da euskarazkoa, eta, hartara, azkenerako «ama hizkuntzan» mintzo da istorioko protagonista, Pedro Mari Etxenike arizkundarra. Pamielak eman du liburua, Iruñeko Komunikabideak fundazioaren ekimenez.

Aingeru Epaltza, 'Auzo madarikatua' liburua eskuetan, Iruñeko Gazteluko plazan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Aingeru Epaltza, 'Auzo madarikatua' liburua eskuetan, Iruñeko Gazteluko plazan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko ekainaren 19a
04:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Iruñeko sanferminak eleberri batean orri-pasaka arituz ezagutzeko aukera ez zuen Ernest Hemingwayk eman estreinakoz. Idazlea 1923an izan zen lehenbiziko aldiz Iruñean. Gertrude Steinen gomendioari men eginda, uztailaren 6an ailegatu zen hirira, eta, hortaz, bertatik bertara izan zen festen lekuko. Egonaldiak seko liluratuta utzi zuen Hemingway, eta esperientzia horrek inspiraturik idatzi zuen Fiesta: Eguzkia jaikitzen da eleberria —jatorrizkoan, The Sun Also Rises—. Zehazki 1926an eman zuen argitara, ordea, eta, hara non, sanferminek ordurako bazuten kabidarik nobelagintzan, urtebete lehenagotik: Felix Urabaien idazleak (Ultzurrun, Nafarroa, 1883) Auzo madarikatua eman zuen 1925ean. Gaztelaniaz plazaratu zuten aurrena, El barrio maldito izenburupean, eta liburuak oraintsu egin du euskararainoko bidaia, jatorrizkoaren mendeurrenarekin bat eginda.

Aingeru Epaltzak egin du euskarazko itzulpena, eta Pamiela argitaletxeak plazaratu du, Iruñeko Komunikabideak fundazioarekin elkarlanean. Izatez, fundazioaren ekimenez abiarazi zuten Urabaienen lana euskaratzeko proiektua, orain bi urte inguru.

Gainera, eleberria bera ez ezik, euskarazko argitalpenerako propio idatzitako bi hitzaurre ere jaso dituzte liburuan: Fermin Erbitiren bat eta Kike Diez de Ulzurrunen beste bat. Lehenbizikoa Felix Urabaienen bizialdiari eta orduko Iruñearen egoerari buruzkoa da; bigarrenean, berriz, garai hartan Iruñean eta oro har Nafarroan euskal kulturak izan zuen pizkundea da mintzagaia. Biak ala biak antzinako argazkiz josiak daude; haietako hainbat Urabaien familiak utzita heldu dira argitalpenera.

Nafarroako Liburu Azokan aurkeztu dute lana, Gazteluko plazan, eta, bertan ere, agerian utzi dute Hemingwayren lanarekin kontrastean Urabaienen nobelak egiten duen ekarpena. Bai Epaltzak, bai eta Erbitik ere. Biek nabarmendu dutenez, Auzo madarikatua-k orain dela ehun urteko sanferminetan murgiltzeko aukera eskaintzen dio irakurleari, eta hori «Hemingwayrenean ez bezala» egiten dela zehaztu du Erbitik. Oroitu duenez, idazle estatubatuarrak ez zuen «erreportajerik» egiteko asmorik —Erbiti: «Eta halere, frankismo garaian askok leporatu zioten hau eta beste gezurra zirela, oker zegoela jarria»—, eta, aldiz, Urabaienek bai, egin zuen sanferminak «deskribatzeko» ahalegina.

Agoten bazterketa

Neurri handi batean, orduko garaia erretratatzeko gogoaren emaitza da Auzo madarikatua, eta Pedro Mari Etxenike gazte arizkundarraren istorioak ematen du horretarako bidea. Batik bat horregatik, eleberriak bi eszenatoki nagusi ditu: Iruñea eta Baztan. Etxenike protagonistari orpoz orpo segika, Urabaienek bi agertoki horietan jarri zuen soa. Biei begiratu zien «kritiko eta zorrotz», Epaltzaren esanetan. Horren ondorioz, aurkezpenean nabarmendu duten gisara, bi dira istorioaren zutabe nagusiak: sanferminak batetik, agotak bestetik.

«Istorio erromantiko bat da», laburbildu du Epaltzak Etxenike protagonistaren trama nagusia. Baina, segidan, itzultzaileak argitu du maitasun istorio hori ez dela nolanahikoa. «Istorioak kontatzen du nola baden tradizio ikaragarri errotu eta madarikatu bat, eta nola hausten den tradizio hori, zerk-eta maitasunak eraginda». Hain zuzen ere, agotei loturikoa da Etxenikek pitzatuko duen tradizioa. Izan ere, bizi duen garaian, sakon errotutako agindu batek dio agotek bazterturik behar dutela egon, eta hark urratu egiten du hori, leinu horretako emakume batekin ezkonduta. «Eta, hala ere, segur aski, gaur egungo begietatik ikusita —batez ere feminismoak zeharkatutako begi batzuetatik—, maitasun istorio horri jar lekizkioke baina batzuk, baina, batzuetan, komeni da ikustea gauzak nola ziren, gaur egun zer dugun edo zer falta dugun hausnartzeko», egin du gogoeta Epaltzak.

Etxenikek Iruñean ematen dituen egunen kontaketari esker leitzen ahalko ditu irakurleak sanferminei buruzkoak. «Esan beharrik ere ez dago, zuri-gorriaren aztarnarik ez dago hemen», ohartarazi du Erbitik. Gogora ekarri duenez, gizonek brusa ilunak janzten zituzten orduan, «eta txapela eta espartinak», txistua han-hemenka aditu zitekeen, eta, zurrutean ibiltzeko, ardoa eta txakolina ziren nagusi. «Baina ez gaurko Gipuzkoako txakolina bezain fina, noski», egin du zehaztapena Erbitik, alai. Orduko eta oraingo sanferminen arteko beste diferentzia bat ere nabarmendu du, errematerako: «Ganadu feria oso inportantea zen, eta horregatik ikusten da Javier Zigak egiten zituen karteletan sanferminak uztailaren 6tik 20ra artekoak zirela. Noski, hori ganadu feriaren iraupena zen; festak lauzpabost egun izango ziren!».

Prosa pindarrez betea

Urabaienek jatorrizko bertsioan baliatutako prosaren zenbait ezaugarri nabarmendu ditu Epaltzak; «oso berezia» iruditu zaio. «Nobela honekin, topo egin dut gaur egun gaztelaniaz erabiltzen den prosarekiko arrunt diferentea den batekin. Garbi dago Urabaienek XIX. mendean Espainian erabiltzen zen tradiziotik edaten zuela, eta, euskarazko tradizioak 1936ko gerrarekin eten bat izan zuen bezala, gaztelaniazkoan ere gauza bera gertatu zen; jauzi handia dago». Dioenez, Urabaienen prosa «ikaragarri pindartsua» da, «piroteknia handikoa», eta atentzioa eman diote bai hark darabilen adjektibazioak, bai eta esaldien luzerak ere. Gainera, Bibliatik eta hala greziar nola erromatar literaturatik ateratako erreferentziak ere ugariak dira, itzultzaileak azpimarratu duenez.

«Ordukoaren erretratu xamurra, zorrotza, kritikoa eta ironikoa egiten du, baina maitasunetik. Gustatuko litzaidake hori islatzen asmatu izana»

AINGERU EPALTZAItzultzailea

Urabaienen idaztankeraren kolorea euskarara ekartzen asmatu izana espero du Epaltzak, eta, era berean, aitortu du nabarmen tematu dela «Urabaienen ironia» ekartzen ere. Sakonago ere jo du idazlearen tonuaren deskribapenean. «Ordukoaren erretratu xamurra, zorrotza, kritikoa eta ironikoa egiten du, baina maitasunetik. Gustatuko litzaidake hori islatzen asmatu izana, uste baitut hori dela gaur egungo euskal irakurle batek liburu honi ateratzen ahal dion etekinik handiena».

Felix Urabaienen lan bat euskarara itzuli duten lehenbiziko aldia da hau. Aurkezpenean, Pamielako editore Lander Majuelok bereziki azpimarratu du pauso hori eman izanak daukan garrantzia: «Oraingoa da lehenengo aldia pertsonaiak haren benetako hizkuntzan, ama hizkuntzan, mintzatuko direna». Eta, nolabait, autore horrek bizialdian eta gerora izandako zigorrak konpentsatzeko ale bat jarri dutela ere iradoki du Majuelok. Izan ere, nabarmendu du Urabaien bi aldiz izan dela zigortua: lehenik, bizi zenean, erregimenak era askotara errepresaliatua, are kartzelatua eta ondotik «ahaztua» izan zelako; eta bigarrenik, hil ondoan, «ofizialki alboratua izan delako».

«Espero dut horrelako argitalpenek balioko dutela gure autore klasiko edo nabarmenak geuk ere ez ditzagun alboratuta utzi», adierazi du Majuelok. «Horrelako argitalpenek, nahiz eta badirudien nahiko gauza xaharrak direla, uste baino gehiago diote gutaz ere, eta gaur egun ezagutzen dugun hiriaz, eta Nafarroaz. Badira hari batzuk, finak izanik ere, eta merezi du berreskuratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.