Erupzio artistikoa Arrosadian

Laba elkarteak ez du Alde Zaharrean itxita geratu nahi, eta orotariko espresio artistikoak antolatu ditu Arrosadia auzoan: musika, bakarrizketa, aire akrobaziak, dantza... Dena euskararen abaroan.

Olaia Garaialde, soka batetik zintzilik, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Olaia Garaialde, soka batetik zintzilik, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2025eko azaroaren 1a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela berrehun milioi urte, Uztaritzen (Lapurdi), sumendi bat izan zen, gaur egun guztiz itzalia dagoena. Ehun kilometro hegoaldera, baina, beste bat piztu da azken urteetan Iruñearen bihotzean: Laba. Sumendi horretan, baina, ez da magmarik, gas hilgarririk edo sufrerik. Euskara du su nagusi, eta orotariko kultur adierazpen artistikoen bidez borborka jartzen da. Gaur eguerdian, Arrosadia auzoan egin du leher erupzio artistikoak. Bakarrizketak, akrobazia, dantza garaikidea, musika... eta guztia euskararen abaroan biraka.

11:00ak jota, eta lozorroan dago Eraikin Inteligenteetako ingurunea, harik eta Broken Brothers Brass Bandako haize instrumentu metalikoen doinu jostariak plaza dantzan jarri duten arte. Gero, guztiak jarri dira Lander Varona gasteiztarrari begira. Mikrofonoa ahoan, artega dagoela onartu du, eta are urduriago jarri da atzean eraikin inteligentea zuela aditzean. Lehen irribarreak marraztu dira ezpainetan.

Goizez eta zeru irekian. Ez da bakarrizketa egiteko ohiko agertokia, baina Varonak baiezkoa eman zuen Labak Erupzioan parte hartzeko gonbita egin zionean. «Euskal Herrian eszena sortzen ari gara, eta guretzat funtsezkoa da horrelako probalekuak egotea, gero beste tokietara joateko. Probatutako materiala egokitzen duzu, zerk funtzionatu duen dakizu, eta jendeak gure diziplina ezagutzen du», azaldu du. 

(ID_15476182) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-11-01, Iruñea. Laba, erupzioa proiektuaren kalejira
Broken Brothers Brass Bandeko musikariak, kalejiran, Ilargi Enean, eta haiei begira erretiratu bat, irribarrez. IÑIGO URIZ / FOKU

Broken Brothers Bass Bandak gidaturik, kalejira Ilargi Enea parkerantz doa. Leire Ubani Labako kideak azaldu du auzoetara zabaldu nahi dutela, xede argi batekin: «Arrosadikoa izan da lehena. Ez dugu Alde Zaharrean itxita geratu nahi». 

Erupzioan parte hartu duten artistak Iruñea ingurukoak dira. Horietako bat da Olaia Garaialde: soka eta zirkulu batetik zintzilik bere gorputza kiribiltzen du, beste kide batek testu bat irakurtzen duen bitartean. Nortasun agiri batek kontatzen dituen gezurrei buruzkoa da. «Nire bizipen pertsonalekin sortu nuen testua». Jendaurrean aire akrobazia egin zuen lehen aldirako idatzi zuen, eta oraingoa du hirugarrena. Liluraturik begiratzen diote haurrek eta helduek, gorputza luma bat balitz bezala mugitzen duen bitartean.

Jarraian, Alfredo Floristan plazan, Amaia Martinez eta Yuantao Gorrizek Eulian izenburuko dantza garaikideko saioa osatu dute. Arte Ederrak ikasten ezagutu zuten elkar, eta haize instrumentua jotzen duen mutil batekin sortu zuten dantza. Gaurkoan ez da musikaria etorri, eta grabatutako doinuarekin aritu dira. «Hasiera sinpleagoa da, airearekin mugitzen gara. Gero, dantzak bion arteko erlazioa islatzen du». Martinezek onartu du dantza garaikidea ulertzea ez dela erraza, baina txundituta begiratzen diete ikusleek. Haietako batek negar ere egin du hunkituta.

13:30ean, Sikeran taldeak kontzertu akustikoa egin du, eta, hori amaituta, Arrosadiko Haizegoa euskara taldeak bazkaria atondu du. 30 pertsona daude gonbidatuta, eta bazkalostea kantuan pasatu dute, euskaraokean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.