EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko bozeramailea

Iraia Rojo: «Eskola publikoak euskal hezkuntza sistemaren ardatza izan behar du»

Euskal Eskola Publikoaren Jaia Santurtzin ospatu zuten atzo. Eguna festa giroan igaro zen, baina aldarrikapenek ere izan zuten lekua. Iraia Rojo EHIGEko kideak azaldu duenez «euskal hiztun osoak» sortzea da eskolen erronka nagusietako bat.

Iraia Rojo, EHIGEko bozeramailea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
June Montero
2026ko ekainaren 8a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Neuronak akituta eta bestondoa pasatzen, baina oso pozik». Santurtzin (Bizkaia) egin zuten atzo Euskal Eskola Publikoaren 33. Jaia, eta Iraia Rojo EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko bozeramaileak (Barakaldo, Bizkaia, 1986) «nekatuta, baina alai» egin dio aurre gaur goizari. Bilketa eta garbiketa lanak egin bitartean ekarri du gogora jaia, beharra ez delako ospakizunarekin bukatu. Euskal eskola publikoaren aldeko borrokan ere «lan handia» egiteke dago oraindik, Rojoren hitzetan. Kemena ez zaie agortu: «Horretan jarraituko dugu». 

Nola joan zen atzoko jaia?

Atzoko eguna izugarria izan zen. Milaka pertsona elkartu ziren Santurtzin, gurekin batera euskal eskola publikoaren aldeko jaia ospatzeko eta euskal eskola publikoa aldarrikatzeko. Santurtziko gune guztiak bete ziren eta giroa aparta izan zen. 

Ehunetan leloa izan du aurtengo jaiak. Zein da esanahia?

Lelo honen bidez euskal eskola publikoa ehunduta dagoen sarea dela adierazi nahi izan dugu. Sare horrek eskola publikoaren komunitatea irudikatzen du, elkarlanean jarduten duena eta konektatuta dagoena. Guztiok gara hariak, eta elkarrekin etorkizuna eutsiko duen sare sendoa osatzen dugu.

1994. urtean egitasmoa abiatu zenutenetik, Santurtzin jaia antolatzen duzuen lehen aldia da. Zergatik hautatu duzue herri hori?

Santurtziko eskola publikoak aitortza bat merezi du, eta horregatik izan da aurtengo kokalekua. Izan ere, azken urteotan, Santurtzik euskal eskola publikoa defendatzeko eta aldarrikatzeko ahalegin nabarmena egin du, eta eskolen sare sendoa eta aberatsa sortu dute herrian. Gainera, ezin dugu ahaztu Santurtziko eskola publikoek euskalduntzearen alde egin duten lana. Herria euskalduntzen duen sarea publikoa da. 

Ospakizun eguna izan zen atzokoa, baina baita aldarrikapenak egiteko eguna ere, ezta? 

Helburu nagusia eskola publikoa jai giroan aldarrikatzea da. Ospakizuna da, baina eskola komunitateen eskariak mahai gainean jartzeko ere baliatzen dugu eguna. Eskola publikoak euskal hezkuntza sistemaren ardatza izan behar du. Atzo argi geratu zen eskola publikoa sare koordinatu bat dela. Santurtziko eskolek aldarrikapen batzuk dituzte, baina herritik harago ere heltzen dira aldarrikapen horiek. Eskola publikoek behar eta nahi berberak dituzte, eta horiek entzun behar dira. Besteak beste, familien parte hartzea bermatu behar da eskoletan. Familiok asko daukagu esateko. 

«Santurtzik euskal eskola publikoa defendatzeko eta aldarrikatzeko ahalegin nabarmena egin du, eta eskolen sare sendoa sortu dute herrian»

Susana Aribayos EHIGEko presidenteak hezkuntza sistemak «arazo estrukturalak» dituela salatu zuen atzo jaiaren hasierako ekitaldian. Zeintzuk dira arazo horiek?

Besteak beste, euskararen biziraupena ziurtatzeko euskal hiztun osoak lortu behar ditugu. Hori da erronketako bat. Azkenean, gure ikasleak hizkuntzen aniztasun erraldoi baten testuinguruan murgilduta daude. Egoera horretan, euskara bezalako hizkuntza gutxitu baten hiztun osoa izatea ez da erraza, eta, tamalez, gaur egun gazte gehienek ez dituzte hori lortzeko behar diren baliabideak. Orokorrean, errealitate konplexu baten aurrean dago gure gizartea eta hezkuntza sistema.

Zein da hezkuntza eredua euskalduntzeko bidea? 

Euskararen gaiari begira, besteak beste, administrazioek, hezkuntza sistemak, hedabideek, hiritarrok eta hainbat eragile sozial eta kulturalek daukagu erantzukizuna. Hala ere, eskolaren betebeharra hobeto zehaztu beharko genuke aurrerantzean. Gehienbat bi alderdi zehaztu beharko lirateke: euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko eta hobetzeko prozesua, eta gure kultura transmititzeko eta herri identitatea eratzeko prozesua. Ezinbestekoa da eskolatik kanpo euskararen egoeran eragiten duten erakundeen eta elkarteen funtzioa ondo zehaztea ere.

Muturreko tenperaturen harira, azpiegituren gaia ere pil-pilean egon da azken asteotan. 

Gai hori betidanik izan da gatazkatsua. Ezinbestekoa da eskola publiko guztietan azpiegiturak errebisatzea eta behar diren aldaketak egitea. Horretarako inbertsioak egin behar dira, eta eraikinak zaindu, ikasleak leku duin batean egon daitezen. Azken finean, bermatu behar duguna da eskola publikora doan edozein ume zainduta eta osasuntsu egongo dela.  

«Euskara bezalako hizkuntza gutxitu baten hiztun osoa izatea ez da erraza, eta, tamalez, gaur egun gazte gehienek ez dituzte hori lortzeko behar diren baliabideak»

Eskola segregazioa eta ghettoen sorrera ere aipatu zituen Aribayosek. 

Segregazioaren inguruan hausnarketa sakona egin behar da, ghettoen sorrera saihesteko. Hori gai pisutsua da guretzat. 

Sindikatuen eskari nagusia, aldiz, irakasleek iaz sinatu zuten lan hitzarmena betetzea izan zen atzo. 

Hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsona guztiak zaindu behar ditugu, langileak barne. Kalitatezko eta berdintasunean oinarritutako hezkuntza sistema lortzeko egin beharreko lana da hori. 

Jaia antolatzen hasi zinetenetik, aldatu egin dira hezkuntza sistemaren erronkak?

Orokorrean, betiko erronkak mantentzen dira, baina, gizartea aldatuz doan heinean, erronka eta behar berriak sortzen dira, eta horiei aurre egin behar die eskola publikoak. Administrazioen lana da hezkuntza sistemaren beharrak eta nahiak betetzea.

lotsabako

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren abesti gogokoena?
Aurtengoa. 

Puzgarriak, ikuskizunak edo tailerrak?
Ikuskizunak. 

Euskal eskola publikoaren etorkizuna deskribatzeko hitza?
Ardatza.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA