Etxaide kaletik Karkizanora, Wight uhartetik pasatuta

Aurten 40 urte bete dira Maria Dolores Goia andereño aitzindaria hil zenetik. 36ko gerra aurrean Donostiako ikastola batean aritu zen, eta gerra ostean, bere etxean ireki zuen ikastola. Haren alaba Miren Egañak hartu zion lekukoa, 1975ean itxi zuen arte.

Maria Dolores Goia 1937an, gerrako umeekin, Wight uhartean, Ingalaterran. MIREN EGAÑAK UTZITAKOA
Maria Dolores Goia 1937an, gerrako umeekin, Wight uhartean, Ingalaterran. MIREN EGAÑAK UTZITAKOA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2026ko azaroaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariak De Guernica a Nueva York pasando por Berlín (Gernikatik New Yorkera Berlindik pasatuta) liburua idatzi zuen eran, Etxaide kaletik Karkizanora, Wight uhartetik pasatuta egin zitekeen Maria Dolores Goia andereño donostiarrari buruz, lekuko eta parte hartzaile zuzena izan baitzen 36ko gerraren aurreko, bitarteko eta osteko euskarazko hezkuntzaren historian, eta, bide batez, Euskal Herrikoan.

Hain zuzen, 40 urte bete berri dira ikastoletako andereño aitzindari hura zendu zenetik: gerra aurrean Donostiako Etxaide kaleko ikastolan andereño aritu ostean, gerra garaian Ingalaterra hegoaldeko Wight uhartean ibili zen gerrako umeekin, eta erbestetik bueltan, Donostiako bere etxean ikastola bat ireki zuen 1951. urtean, Karkizano kalean. Bertan aritu zen lanean, 1964tik aurrera haren alaba Miren Egañarekin, harik eta 1970ean ikastola utzi zuen arte, gaixotasun bat zela medio; alabak 1975ean itxi zuen ikastola. Autobiografiarik ez zuen idatzi, baina kale bat badauka, ondo merezita, bere jaioterrian, Intxaurrondo auzoan.

Maria Dolores Goia, 1970ean ikastola utzi ostean. MIREN EGAÑAK UTZITAKOA
Maria Dolores Goia, 1971n, ikastola utzi ondoren. FERMIN LEIZAOLA

«Nire amak zorte handi bat izan zuen bizitzan: amaren lehengusu baten semea marianista zen, eta hark ikasketa guztiak ordaindu zizkien, bai berari, bai anai-arreba guztiei». Egañak ondo gordetzen ditu gogoan amari ikasiak eta hark kontatuak, eta haren gutunak, tituluak, argazkiak, liburuak eta denetariko altxorrak, halaber, ondo ikertuak ditu; ez da kasualitatea irakaskuntzan eta ikerkuntzan ibilbide oparoa egin izana. Hezkuntzarako sarbidea izatea izan zen haren amaren «zorte handia», ez baitzuen zertan halakorik eduki. Ez zen familia aberatsekoa.

Ikasle garaiak

Maria Dolores Goia 1913an jaio zen, Donostiako Euskal Herria kalean, eta bertan hezi zuten gurasoek, Bretxako arrandegitik hurbil, han egiten baitzuen lan haren aitak. Ama, Martutene auzoko baserri bateko alaba, etxekoandrea zen. «Neskak moja marianistek Mirakontxan zuten eskolara joaten ziren. Bertatik erregea edo erregina pasatzen zirenean aterarazten zituzten ikasleak, haiek txalotzera», kontatu du Egañak.

Beste moja eskola batzuetatik igarota, batxilergoa egin zuen Goiak, librez. «Donostian batxilerra librez egin zuten lehen pertsonak izan ziren». Matematika ikasi nahi zuen arren, etxean ez zegoen hartarako modurik, eta Magisteritza ikasi zuen, hura ere librez. «Gordeta daukat nik haren maistra titulua». Euskara titulua ere atera zuen, Resurrecion Maria de Azkuek emana.

Oiartzunen (Gipuzkoa) urtebetez klaseak ematen aritu ostean, Donostiako Etxaide kalean zegoen Arantzazuko Ama Birjinaren ikastolan aritu zen andereño lanetan. Miguel Muñoak 1914an Kanpandegi kalean ireki zuen Gipuzkoako hiriburuko lehen ikastola, eta geroago ireki zituzten beste bi, tartean Etxaide kalekoa. «Handik pasatzean, askotan esaten zigun amak: ‘Begira, hau zen nire ikastola’». Gerra aurreko ikastola aitzindari hari buruzko informazio askorik ez dagoen arren, EAJren bueltan sortua izan zela uste dute; Goia bera ere EAJko kidea zen.

Goia (ezkerrean), Donostiako Etxaide kalean, hango ikastolako umeekin eta beste andereño batekin, 1935ean. MIREN EGAÑAK UTZITAKOA
Goia (ezkerrean), Donostiako Etxaide kalean, hango ikastolako umeekin eta Mari de Lacalle andereñoarekin, 1935ean. MIREN EGAÑAK UTZITAKOA

«Kurtsoa bukatu ahala, nire ama oposizioetara aurkeztu zen, hezkuntza publikorako. 1936ko uztailean egin zituzten azterketak, jesuitetan, eta Eraso Guardiak babestuta. Seguru asko kolpea emana zegoen ja Afrikan. Irailaren 13an sartu ziren erreketeak Donostian, eta, zer nota atera zuen jakin gabe, alde egin zuen», kontatu du Egañak. Haren aitak bezperan alde egin zuen eta anaia borrokan zebilen; beraz, ama-alabak joan ziren Donostiako portura. «Kaia jendez gainezka zegoen, eta barku bakar bat, arrantzontzi txiki bat. Arrantzalea ezagutzen zuten; Begoña Amunarrizen aitona zen. Jaitsarazi zituen Joxepa eta hiru alabak, eta haiekin soilik atera zen Donostiatik azkeneko barkua. Bermeora joan ziren, eta handik Bilbora», kontatu du Egañak.

Bilboko Kale Nagusian aitarekin topo egin zuten; bi gela utziak zizkieten bizitzeko, bai eta olio eta azukre anoak ere. «Nire ama Hezkuntza Ordezkaritzara joan zen, eta esan zien oposizioak eginak zituela baina ez zekiela notarik, Magisteritza bazeukala. Eta Plentziako eskola eman zioten». Bertan aritu zen lanean 1936ko irailetik 1937ko apirilera, Gernika (Bizkaia) bonbardatu ostean eskolak itxi baitzituzten. Edonola ere, Goia ez zen geldirik geratu: izena eman zuen gerrako umeekin Ingalaterrara joateko, eta urte hartako maiatzaren 21ean hartu zuen Manuel de la Sotaren Habana ontzia, Southamptonera bidean.

Korbetek babestuta

«Erresuma Batuko Gobernuak ez zituen onartu nahi, Ez Erasotzeko Ituna dela eta, baina Gernikakoa gertatu ondoren onartu zituen. Ontzia gurutze gorri handiz hornitua zihoan arren, bonbardatzera etorri zitzaien Francoren ontzi bat. Hala ere, Ingalaterrako bi korbetak babestu zuten ontzia, eta ez ziren ausartu hari eraso egitera. Amak kontatzen zuen ez zuela inoiz entzun hainbeste birao kapitainari bezainbeste: sekulako astakeriak esaten omen zituen! Iritsi ziren hara, eta han herriak antolatutako erakundeak baliatu zituzten. Jendeak dirua eman zuen eta lagundu egin zieten: arropa, janaria, botikak... Denetik behar zuten. Hori dena ingelesek beren erakunde solidarioetatik eskaini zieten, eta iruditzen zait ez zaizkiela publikoki eskerrak ondo eman», uste du Egañak.

Southamptonen taldeka banatu ziren, eta Goia Wight uhartera joan zen Bilbo aldeko hainbat neskatilarekin. «Ama, irakaslea eta dena ziren andereño haiek; 7-8 urteko umeak ziren. Gordeta dauzkagu Ingalaterrako ume horiek nire amari bidali zizkioten gutunak», kontatu du Egañak. Hiru hilabetez egoteko baimena zuen arren, Goia 1938ko irailera arte egon zen Ingalaterran. Umeei klaseak emateaz gain, 24 orduz zaindu zituen beste kideekin batera, eta baita kantatzera eraman ere: «Ama oso kantari ona zen, eta umeekin grabaketa bat egitera joan zen Londresera».

«Jendeak dirua eman zuen eta lagundu egin zieten. Hori dena ingelesek egin zuten, eta uste dut ez zaizkiela ondo eman eskerrak»

MIREN EGAÑA Maria Dolores Goiaren alaba

Ingalaterratik Parisera joan zen 1938ko urrian, han baitzeukan ahizpa zaharrena, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan telefonista lanak egiten. Egañak gordeak dituen gutunak garai hartakoak dira: «Agur esatean, umeek Parisko argazkiak eskatu zizkioten gutunetan, eta berak idatzi egin zien bakoitzarengatik galdezka». Parisko egonaldian, gaztelania irakasten aritu zitzaien familia bateko umeei. «Oso katolikoak ziren, eta jende katolikoa nahi zuten haien koinatuarekin ezkontzeko. Ez zuten lortu gure ama, ezta berekin sukaldari zegoen hungariarra, harekin ezkontzea», kontatu du Egañak, umorez. Are, Goiak eta haren lankide hungariarrak harreman ona eduki zuten; Egañak oraindik buruz daki, amak erakutsita, sukaldari hark abestu ohi zuen hungarierazko ereserki bat.

Bi ahizpak Paristik itzultzean, ia familia osoa elkartu zen Donibane Lohizunen (Lapurdi); artean Bigarren Mundu Gerra hasia zen, eta naziak bertaraino iritsita zeuden. 1941ean bueltatu ziren Donostiara. «Mugan ama hartu egin zuten, ez zekiten Ingalaterrako ezertxo ere, baina erreklamatzen zioten ea bere anaia non zegoen. Angelun zegoen momentu horretan, baina beraiek ez zuten horren berririk; gero, Venezuelara joan zen», azaldu du Egañak. Hain zuzen, duela oso gutxi jakin dute anaia Ricardo EAJren GBBko kide zela gerra hasi zenean.

Aske utzi zuten azkenean. Behin etxean, bere lanbideari ekin zion: 1943an eskola bat ireki zuen Ergobian (Astigarraga, Gipuzkoa), eta ondoren, hura bere ahizpa gazteenari pasatuta, Donostiako Martutene auzoan zabaldu zuen beste gela bat. Bitartean ezkondu egin zen, eta 1944an jaio zen haren seme zaharrena, Xabier. 1946an jaio zen Miren, eta Martuteneko eskola ixtea erabaki zuen. 1948an jaio zen hirugarren semea, Peli. Goiaren senarra gerra aurrean Donostiako Udaleko langilea izan zen, haren aita eta beste bi anaia bezala. Gudariak izan ziren gerra denboran, espetxeratuak —gazteena hil zen—, eta itzultzean Donostiako Udalak zigortu egin zituen, eta lanpostuak galdu zituzten.

Denak Euskal Herria kaleko etxean kabitzen ez zirenez, Gros auzora joan ziren bizitzera, Karkizano kaleko 8.enera. Hain zuzen, etxe horretan ireki zuen Goiak oraindik donostiar askok oroitzen duten ikastola, 1951n, Elisabete Maiztegi maistra errepresaliatuak animatuta.

Interesguneak

«Nire logelan zegoen ikastola», aitortu du Egañak. 3 eta 9 urte bitarteko umeak zituen ikasle; hasieran hamar ume izaten zituen goizez, eta hamar arratsaldez. Denbora aurrera joan ahala, ordutegiak osatuz joan zen. Goia Grosen andereño aritzen zen moduan, Parte Zaharrean jarduten zen Elbira Zipitria.

Haurrak euskaraz hezteagatik nabarmentzen ziren arren, ez zuten metodologia bera, Egañak azaldu duenez: «Elbirak Frantzian ahizpa moja bat zuen, eta hark eskuratzen zizkion Piaget eta Montessoriren testuak. Ama, berriz, errepublikak antolatu zuen pedagogiaren oso alde zegoen, interesguneen pedagogiaren alde. Zuk interesgune bat bilatzen duzu, eta horren inguruan mugitzen duzu dena. Eman dezagun: gaur egun gune interesgarri bat klima aldaketa da, eta horren bitartez esplikatu ditzakezu nekazaritza, geografia, bata eta bestea. Hori amari asko gustatzen zitzaion. Amak ez zuen gogoko umeak lurrean eserita egotea, umeek txotxekin idaztea… Berak eserita nahi zituen umeak. Paretari lotutako mahai batzuk zituen, jaisten zirenak, eta aulki luzeak. Urteka sailkatuta zituen umeak, eta pertsonalizatua zen: bakoitzari bere garaian erakusten zitzaion irakurtzen».

«Ama errepublikak antolatu zuen pedagogiaren oso alde zegoen, interesguneen pedagogiaren alde»

MIREN EGAÑA Maria Dolores Goiaren alaba

Haur haien gurasoek zeukaten konpromisoa nabarmendu du Egañak: «Bere alde zeukan guraso horiek nahi zutela beren seme-alabek euskaraz jakitea. Motibatuta zeuden. Gehienetan abertzaleak ziren, nahiz eta hori ez ukitu. Eta kontzientzia zuten, umeek ere bai. ‘Andereño, atzo ume horrek erdaraz egin zidan!’». Egañak ondo daki hori, 1964tik aurrera amak irekitako ikastolan hasi baitzen lanean, Magisteritza bukatu berritan.

Album bat ireki, eta ikastolako argazkiei begira jarri da. Baserritar jantzita daude ume guztiak, Gabon garaian. Ikastolan erabiltzen zituzten liburuak ere gordeak ditu: «Amak Txomin ikasle-rekin erakusten zien irakurtzen, lortu zituenean. Fermin Iturriozek idatzi zuen, 1931n, eta Durangoko lehenbiziko azokan lortu zituen ale batzuk. Julene Azpeitiak 1961ean idatzitako Umien adiskidea-ren beste ale batzuk ere erosi zituen; hori askoz ere modernoagoa eta egokiagoa zen. Ixaka Lopez Mendizabalen Xabiertxo, Fermin Iturriozen Lutelestia, Bernardo Estornesen Euskal Herriko Historia eta Orixek itzulitako Leoikumea ere erabiltzen zituen, besteak beste».

Miren Egaña 1967ko Gabonetan, Karkizano kaleko ikastolako ikasleekin. MIREN EGAÑAK UTZITAKOA
Miren Egaña 1967ko Gabonetan, Karkizano kaleko ikastolako ikasleekin. MIREN EGAÑAK UTZITAKOA

Egaña amarekin lanean hasi zenean, etxe azpiko lokal batean bi gela hartu zituzten. Batean Goia aritzen zen 40 umerekin, eta bestean Egaña, beste hainbesterekin. Goiak, baina, 1970ean utzi zuen ikastola. Gaixotu egin zen, eta 1986an zendu zen.

«Amak 'Txomin ikasle'-rekin erakusten zien irakurtzen, lortu zituenean. Durangoko lehenbiziko azokan lortu zituen»

MIREN EGAÑA Maria Dolores Goiaren alaba

Berak sortutako ikastolak, ordea, beste bost urte segitu zuen irekita, Egañarekin. Ez zen garai samurra izan harentzat, hain zuzen, Grosen ikastola handi bat eraikitzeko prozesua hasi zutelako: «Bertara joateko eskatu zidaten. Kolpetik 80 ume izango nituen; nik 40 nituen, eta amak beste hainbeste. Ezezkoa eman nienean, ez zitzaien gustatu. Oztopo handiak jarri zizkiguten: esan ziguten ez zizkigutela ikastolako umeak hartuko 9 urterekin». Orduan, ikastola ixtea erabaki zuen, 1975ean.

Egañak ibilbide oparoa eduki du ordutik, bai irakaskuntzan, bai ikerkuntzan, 2006an erretiroa hartu zuen arte. Lan ibilbidea ikastolan hasi zuen arren, lanean ari zen bitartean Filologia Erromanikoan lizentziatu zen, eta sare publikoan aritu da irakasle —Euskal Herrian egin ziren lehen oposizioetan, 1980an, batxilergoko Euskara katedra lortu zuen—; aldi berean, Kanadako ekialdeko euskal toponimia aztertzen jardun da gaur arte. Eta segitu du amaren memoria gordetzen; horrela, Goiaren arrastoak bizi-bizirik segitu du gaur arte.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA