Telesailak

Etxe bihurtzen diren pertsonak

Garazi, Nerea eta Maider Bilboko alde zaharreko pisu batean bizi diren hiru lagun dira. Hilabete dute handik alde egiteko, jabeak etxebizitza turistiko bihurtu nahi baitu, baina egoerari etekina ateratzea erabakiko dute maizterrek.

'Aloka(h)iru' telesaileko hiru protagonistak. PRIMERAN
'Aloka(h)iru' telesaileko hiru protagonistak. PRIMERAN
gaizka izagirre
2026ko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telesailaren lehen segundoetan, isiltasuna izango da nagusi. Kamera, ia oharkabean, protagonisten pisuan barrena ibiliko da, etxeko bazterrak arakatuz. Gelek hitz egingo dute pertsonaien ordez. Haien unibertso intimoan sartuko da ikuslea, bakoitzaren logelan eta partekatzen dituzten guneetan barrena. Segundo gutxi batzuk aski dira hiru nesken izaeraren lehen arrastoez jabetzeko. Batek gela txukun eta ordenatua du; besteak, aldiz, kaosa eta desordena ditu ezaugarri. Etxe berean, hiru mundu. Sukaldea, egongela, korridoreak... Etxeko txoko bakoitzak zerbait kontatuko du. Laster azalduko dira Garazi, Nerea eta Maider pantailan. Aloka(h)iru izenburua agertzen denerako. Alba Lozano eta Nitya Lopez zuzendariek dagoeneko erakutsi digute telesailaren bihotza: espazio nagusia —ia pertsonaia bat dena— eta bertan bizi diren hiru emakumeen izaeraren lehen zertzeladak. Lau atalek osatzen dute fikzio lana.

Hiru lagunek pisua partekatzen dute Bilboko Zazpikaleetan. Unibertsitatea amaitzeko lau hilabete falta zaizkiela, ezusteko albiste bat jasoko dute: etxejabea hil egin da, eta haren semeak hilabete bakarra eman die etxebizitza uzteko. Epe motzerako alokatzeko aukerarik gabe, egoerari etekina ateratzea erabakiko dute maizterrek, eta hiru negozio klandestino sortu etxe barruan. Neska bakoitzak bere trebetasunak baliatuko ditu dirua lortzeko.

Garazi (Lorea Intxausti) Zuzenbideko ikaslea eta turismo gidaria da. Bisita gidatuak etxean amaituko ditu, turistei oroigarriak urrearen prezioan saltzeko. Nerea (Izaro Nieto), Ikus-entzunezko Komunikazioko ikaslea, bere gela kaotikoa ihes gela bihurtzen saiatuko da. Maider (Nerea Sanz) Arte Ederretako ikasleak, berriz, ligatzeko aplikazio baten bidez eskainiko du logela, hirigunean intimitate bila dabiltzan bikoteentzat.

Bakoitzak bere izaera

Hiru protagonistek lan bikaina egiten dute. Bakoitzak bere izaera, nortasuna eta kolorea ematen dizkio pertsonaiari. Baina ez dira soilik egiten dituzten gauzengatik bereizten; hitz egiteko moduak ere ematen die nortasuna. Euskarak, gainera, badu hemen berezko bizitasuna: bakoitzak bere hizkera, doinua eta ñabardurak eransten dizkio pertsonaiari. Komedia pertsonaien izaeratik eta egoeren zentzugabekeria txikietatik sortzen da.

Presentzia txikiagoa badute ere, Arnatz Puertasen eta Kepa Errastiren lana ere aipatzekoa da. Biek ala biek aparteko gaitasuna dute egoera deserosoetatik umorea ateratzeko. Puertasen pertsonaiaren sartu-irtenek —hainbat sekuentziatan—, eta Errastiren pertsonaiak bideoklip bat grabatu behar duenekoak, adibidez, barre eragingo diote ikusleari.

Formalki lan argitsua da Aloka(h)iru: freskoa eta oso arina. Kameraren joan-etorriek bat egiten dute lekuarekin eta pertsonaien jardunarekin; ez dute etxea erakusteko soilik balio, bertako bizitzaren erritmoari jarraitzen diote. Koloreen erabilerak ere bizitasuna emango dio kontakizunari, eta etxeko giroari nortasun bisuala erantsi. Hainbat elipsiren eskutik doazen abestiek ere nortasuna eta erritmoa eransten diote, Ezezezen abestiaren tartea horren erakusgarri.

Umorea da narrazioaren motorra, baina horren azpian badira bestelako sentimenduak ere: ziurgabetasuna, beldurra, etorkizunari buruzko kezka, eta, tarteka, tristura. Tarte dramatiko txiki horiek ez dute komedia mozten, pertsonaiak hobeto ezagutzeko aukera ematen digute. Etxebizitza turistikoen eta alokairuen inguruko kritika ez da bereziki sakona, baina ongi funtzionatuko du. Nahikoa du eguneroko errealitate bati ispilu txiki bat jartzea ikusleak berehala ezagutuko duen egoera baten aurrean.

Izan ere, telesailak badu abiapuntu komikoaz bestelako zerbait ere. Garai batean ikasle garaiko trantsizio etapa zen pisua partekatzea; gaur egun, ordea, bizimodu iraunkor bihurtu da askorentzat. Etxea, gazte askorentzat, beste batzuekin negoziatu eta partekatu beharreko espazioa da.

Pareta horien barruan sortzen den adiskidetasunak badu berezko hizkera bat, kanpotik nekez uler daitekeen kode bat. Elkarrekin bizitzeak sortzen dituen ohiturak, konplizitateak, haserre txikiak eta barne txantxak. Etxe berean bizitzeak, nahi gabe ere, bestearen bizitzaren parte bihurtzen gaitu. Eta, noizbait, elkarbizitza amaitzen denean, eguneroko errituak, isiluneak eta etxe horretan bizi izan direnetako bakoitzaren zati bat ere geratzen dira atzean. Hori guztia ederki jasoko du fikzio lanak.

Formatu txikiak, talentu berriak deialdiaren babesean sortutako telesailen artean, biribilenetakoa da Aloka(h)iru. Lau atal baino ez ditu, baina badaki zer kontatu eta, batez ere, nondik abiatuz eta nola. Etxe bat galtzeko beldurraz ari da, baina baita etxe bihurtzen diren pertsonez ere.

aloka(h)iru

  • Sortzaileak. Alba Lozano eta Nitya Lopez.
  • Herrialdea. Euskal Herria.

  • Urtea. 2026.

  • Aktoreak. Lorea Intxausti, Izaro Nieto, Nerea Sanz, Arnatz Puertas eta Kepa Errasti.

  • Non ikusi. Primeran.

  • Atal bakoitzaren iraupena. 25 minutu.

  • Generoa. Umorea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA