Etxea eta ortua Marten

EHUko Ibea ikerketa taldeak ezusteko asko topatu ditu Marten, eta bizigarritasunean ari dira lanean orain, analogoak erabilita: Martekoen antzekoak diren Lurreko materialetan landareak ernatzea lortu dute.

Mars 2020 misioaren laborategia, Leioako campuseko Martina Casiano eraikinean. Irudian, Gorka Arana ikerlaria 'Perseverance' robotak hartutako irudi bat erakusten. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mars 2020 misioaren laborategia, Leioako campuseko Martina Casiano eraikinean. Irudian, Gorka Arana ikerlaria 'Perseverance' robotak hartutako irudi bat erakusten. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Leioa
2026ko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paisaia desertiko bat ageri da pantailan. Eta panoramika ez da asko aldatu Perseverance roverrak Marten jada zeharkatu dituen 45 kilometroetan. 2021eko otsailean lur hartu zuen robotak planeta gorrian, Mars 2020 misioaren barruan, eta ordutik hark bidaltzen dituen irudiei eta datuei adi dago mundu osoko makina bat zientzialari. Tartean, EHUko Ibea ikerketa taldekoak. Leioako campuseko (Bizkaia) Martina Casiano eraikineko areto batean proiektatu dute robotak bidalitako argazkietako bat, eta askotariko kolorez osatutako grafiko batek ematen du eremuaren konposizioaren berri alboko gelako pantaila batean. Paisaia homogeneo horretan, ordea, ezusteko ugari aurkitu dituzte misioa hasi zenetik. «Oso pozik gaude», adierazi dute Juan Manuel Madariaga, Julene Aramendia eta Gorka Arana ikerlariek.

Madariagak esplikatu duenez, Perseverance Martera heldu aurretik zientzialariak urteak ibili ziren planeta sateliteen bidez aztertzen, eta behaketa horietatik hipotesi batzuk atera zituzten. Robotari esker aurreikuspen horiek ziurtatzea edo gezurtatzea da misioaren helburua. Perseverance-k Supercam izeneko tresna bat darama, eta horri esker hainbat teknika erabil ditzake inguruko harriak eta lurrazala aztertzeko, zer elementuz osatuak dauden eta elementu bakoitzetik zenbat dagoen jakiteko. «Roverraren burua 360 gradu biratu daiteke, argazkiak ateratzen ditu, eta irudi horiek erabiltzen ditugu interesgarriak izan daitezkeen laginak zehazteko», esplikatu du Aranak.

«Roverrak ateratzen dituen irudiak erabiltzen ditugu interesgarriak izan daitezkeen laginak zehazteko»

GORKA ARANA EHUko Ibea taldeko ikerlaria

EHUk antolatutako Zientzia Astearen barruan, ikerketa taldeko beste kide batzuek orain arteko lorpenak aletuko dituzte bihar, 16:45ean, Bilboko Bizkaia aretoan.

Antzekotasunen arrastoan

Jezero kraterra izan du jopuntu Mars 2020k. Meteorito baten talkak eratu zuen sakonune hori, eta 45-50 kilometroko diametroa du; ondoren, urez bete zen. Eremua sateliteekin aztertu zutenek ondorioztatu zuten arroka sedimentarioz osatua egon behar zuela, baina robotak ez du halakorik topatu. Sedimentuen ordez, material bolkanikoa dago Jezeron. «Nondik heldu ziren laba korronte horiek? Seguruenik, uraren azpian sortuko ziren», azaldu du Madariagak. «Baina, hala balitz, ez lirateke kono bolkanikoak egon behar?», galdetu, eta berehala egin dio ñabardura baieztapen horri, Lurrean antzera sortutako eremuak badirela ziurtatuz: Armintzan eta Meñakotzen (Bizkaia), esate baterako. Laba jariakorraren geruza bat egon zen, erupzioa eten zenean sedimentazio prozesuak jarraitu zuen, beste erupzio bat gertatu zen ostera... Geruzak tartekatuta sortu ziren hango arrokak.

Litekeena da Jezeron beste horrenbeste gertatu izana. «Ofizialki onartu digute Armintza eta Meñakotz analogoak direla. Hipotesi hori ziurtatzeko aukera dugu. Baina, aurretik, hau aztertu behar dugu: han dauden arroken oso gauza antzekoa da», azaldu du Madariagak, harri puska bat plastiko batetik atera bitartean. Kanadatik hartutako lagin bat da. Lurreko mantutik igotako material basaltikoa da, apenas moldatu dena; beraz, mantuan jasandako alterazioak erakusten ditu. Lurrean horrelako gutxi daude, ikerlariak nabarmendu duenez, eta argigarria izan daiteke Marteko prozesu batzuk ulertzeko.

Marteko arroka batzuen analogoa izan daitekeen Kanadako lagin bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Marteko arroka batzuen analogoa izan daitekeen Kanadako lagin bat. ARITZ LOIOLA / FOKU

Lurreko analogoak erabiltzen dituzte ikerlariek teoria berriak demostratzeko. Hango eta hemengo materialen konposizioan antzeko ezaugarririk ikusiz gero, aztertzen has daitezke «ea hemengo arrokak osatzeko izan diren prozesuak erlazionatuta dauden han gertatu zirenekin», Aramendiaren esanetan. Horretarako, robotak erabiltzen dituen teknika berak aplikatzen dituzte ikerlariek: Martina Casiano eraikinean punta-puntako tresnaz hornitutako lau laborategi dituzte, eta tramankulu horien bertsio eramangarriak ere badituzte, landa lanean erabiltzeko.

Teknika horietako bat da Raman espektroskopia. Aramendiak makinaren atea ireki du laginak ipintzen diren eremua erakusteko: mikroskopio baten objektiboak ikus daitezke barruan. Ondoan, pantaila batean laginaren konposizioa ageri da, xehatuta. Kolore bakoitzak elementu bat adierazten du; adibidez, meteorito zati ñimiño batean zazpi mineral atzeman dituzte. «Roverrak ere Raman espektro bat sortzen du», azaldu du Madariagak, eta Lurreko analogoen espektroarekin alderatzen dute. «Horrelako zerbait atzematen badugu Marten, badakigu zer den, hemen dugu-eta konposizio bera, analogoan».

«Guztia berrikusi behar dugu aukeratzeko Marteko zein eremu izan daitekeen landatzeko onena»

JUAN MANUEL MADARIAGA EHUko Ibea taldeko ikerketaburua

Osagai urriagoei erreparatzen diete bereziki, horiek ematen dute-eta informaziorik gehien arroka horren formakuntzan parte hartu duten prozesuen inguruan. «Kontzentrazio txikiagoan dauden elementuek ematen dizute arroken degradazio prozesuen berri, meteorizazio prozesuen berri... Orduan, meteorizazio prozesuak ezagututa, garai hartan ingurunea nolakoa zen jakin ditzakezu», erantsi du Aramendiak.

Adreilu estralurtarrak

Baina analogoek ez dute balio soilik jakiteko zer gertatu zen; premiazkoak dira, halaber, zer gerta daitekeen aurreikusteko. Izan ere, orain dela sei hilabete eskasetik hona beste ikerketa bide batean dabiltza murgilduta Ibea taldekoak: bizigarritasunean. Oxigenoa eta ura bermatu beharko lirateke horretarako. «Oxigeno bihur daitezkeen fase mineral mordo bat dago, eta fase mineral hidratatuak ere badaude, ura atera ahal izateko», zehaztu du Madariagak. Ordea, Martera doazen bisitariek jan ere egin beharko dute. «Erabil ditzakegu hango lurrak laborantzarako?», bota du galdera Madariagak. 2021ean, sumendi baten erupzioak La Palma uhartearen (Espainia) zati handi bat estali zuen; orain, orduan azaleratutako material hori eta bertoko haziak erabiltzen ari dira esperimentuetan. «Jada lortu dugu zerbait erna dadin. Duela bost urtetik hona ikusi dugun guztia berrikusi behar dugu aukeratzeko Marteko zein eremu izan daitekeen landatzeko onena. Demostratu badezakegu, hurrengo proposamena zera litzateke: agian, hara joan beharko genuke».

Julene Aramendia ikerlaria Raman espektroskopia egiten duen makinarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julene Aramendia ikerlaria, Raman espektroskopia egiten duen makinarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU

Lerro horretan ari dira indarrak jartzen. Laster taldera batuko den zientzialaria laborantzarako balio dezakeen analogo bat ikertzen ibili da Master Amaierako Lanean, Aramendiaren zuzendaritzapean, eta Donostiako Arkitektura Eskolako profesional batekin ere lankidetzan ari dira, eraikuntza helburu. «Aztertzen ari gara zer giza hondakin eta Marteko zer material nahastu ditzakegun adreiluak sortzeko», Aramendiaren berbetan. «Gernua, ilea, gorotzak... Lortu dugu Ilargiko material analogoekin adreilu bat egitea, eta orain Marteko analogoekin ari gara».

Era berean, gernuarekin beste proba batzuk ere egiten hasiko dira, ikusteko ea haren konposatu batzuk balio dezaketen Marteko lurreko perkloratoa neutralizatzeko: perkloratoa oso toxikoa da, eta, besteak beste, landaketak zapuztuko lituzke.

«Ilargiko material analogoekin adreilu bat egitea lortu dugu, eta orain Marteko analogoekin ari gara»

JULENE ARAMENDIA EHUko Ibea taldeko ikerlaria

Jakitun dira prozesu luzeak direla eta, taxuzko ikerketak eskatzen duen pazientzia ez ezik, bestelako aldagai sozial eta administratiboak ere kontuan izan behar dituztela. Kasurako, Europako Espazio Agentziak 2018rako abiatu gura zuen misioa hamar urte atzeratu da; gerren kausaz, besteak beste. Bien bitartean, badute lana: robotak daborduko bildutako datuen %5 baino ez dituzte zorrotz aztertu oraindik, eta horrekin bakarrik artikulu andana bat publikatu dute, Madariagak azpimarratu duenez. «Gauza jakin batzuk deskubritu ditugu. Baina, batez ere, zera ikusi dugu: etorkizunerako sekulako aukerak daudela».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA