Beraien agiriak kolonbiarrak, ekuadortarrak edo turkiarrak direla adierazi arren, hizkuntza eta kultura propioa duten herrietakoak dira Eskoriatzara (Gipuzkoa) iritsi berri diren hamalau lagunak. Kurdu, kitxu, amazigh eta nasa jatorria dute, besteak beste; eta egonaldian beren herrietako hizkuntza eta kultura biziberritzeko estrategiak ikasiko dituzte, Garabide elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak elkarlanean antolatu duten izen bereko aditu tituluan. Hiru hilabeterako etorri dira.
Suna Altun, Zenaida Iscoo eta Marco Leon Siza dira egonaldira etorri direnetako hiru; nasa, kurdu eta kitxua herrietako ordezkariak dira, hurrenez hurren. Jon Sarasua Garabideko kidea eta Huheziko irakaslea daukate bidelagun. Beren herrietako hizkuntza eta kulturaren garapenean lanean ari dira; eta euren esperientziatik abiatuta, beren herrian daukaten egoeraren berri eman dute.
Kurdistangoa da Altun, Iran, Irak, Siria eta Turkia artean banatuta dagoeen herrialdekoa. Lauretan oso egoera desberdina dutela dio. «Iranen errepresio larrian bizi dira, herri gisa ez dute inolako eskubiderik. Iraken, berriz, autonomia moduko bat dute, Kurdistango Eskualdea izenekoa, eskubideetako batzuk aitortuta dauzkate, hala nola kurduerazko hezkuntza dute. Sirian, berriz, kurduek gerra zibilean kokatu beharrean, euren aldetik borroka egiteko hautua egin zuten; hala, eskola kurduak-eta eraikitzen ari dira, baina bitarte horretan errepresioa jasaten ari dira».
Kurdistan iparraldekoa da Altun, eta hura Turkiako zatian dago: «Nik Kurdistangoa naizela esaten badut, zigortua izateko arriskua dut, Turkiako batasuna haustea egotzita», azaldu du. «Euskaldunek frankismoan izan zenuten egoera berdinean gaude», zehaztu du Altunek. Izan ere, debekatuta daukate Administrazioan, medikuarenean edota eskolan bertan kurdueraz aritzea. Gizartea «beldurrez» dagoela gaineratu du. «Eskolan hasten diren haur kurduek turkieraz ikasteko arazoak izan ditzaketenez, batzuek ez diete ama hizkuntza erakusten». Hori adibide bat baino ez da, beste hainbat egoeratan ere hizkuntza eskubideak urratzen zaizkie.Turkiako Gobernuaren arabera, Turkian hizkuntza «bat eta bakarra» dago, eta hori, turkiera da.
Urte hasieran, 30 urteko jardunaren ondoren, PKK Kurdistango Langileen Alderdiak su-etena iragarri zuen. Turkiako Gobernuarekin izaten ari diren negoziazioetan, besteak beste, hezkuntza kurdua aldarrikatzen dutela azaldu du Altunek. «Gobernuak diokurduera astean bi orduz ematearekin nahikoa dela». Hizkuntza berreskuratu eta normalizatzeko ordea, ez: «Guretzat, ama hizkuntza ez da negoziagarria, guk bizimodua kurdueraz, gure hizkuntzan, egin nahi dugu».
Nasa-yew hizkuntza
Nasa izena du Iscooren herriak, eta hizkuntzak, nasa-ywe. Kolonbia hegoaldean, Kaukako departamentuan dagoen Morales herrian bizi da. Inguru horretan, nekazari mestizo ugari daudelaazaldu du. CRIC Kauka Eskualdeko Indigenen Kontseiluko kide da, «jaiotzetik ia-ia», eta gaineratu du «familia osoa» duela barruan. Lehen hezkuntzako irakaslea da, eta eskolak bere ama hizkuntzan ematen ditu, horregatik, egonaldia «beharrezkoa eta interesgarria» zaiola iruditzen zaio, material eta metodologia berriak ikasteko aukera izango duelako.
Nasa-ywera kalean gutxi entzuten dela dio Iscook. «Narkotrafikoak, kaleko indarkeriak, gizarteko desberdintasunek... horrek guztiak eragin egiten du gure hizkuntzaren garapenean». Hizkuntza ahulduz zihoala ikusita, hezkuntza elebiduna jarri zuten martxan. Hezkuntza sistema propioa izatea dute helburu. Proiektu hori aurrera ateratzeko, ordea, Kolonbiako Gobernuaren baliabideak behar dituzte. «Zoritxarrez, CRICek ez dauka erabateko independentzia, urtero-urtero txostenak bidali behar izaten dizkiegu ministerioei, beraz, halako galbahe bat igaro behar izaten dugu. Asko dago egiteko bide horretan». Nasako kideek osasun sistema propioa izateko proiektua ere badarabilte esku artean.
Kolonbiako Gobernuaren aldetik, berriz, «etengabeko errepresioa» jasaten dutela jakinarazi du. «Historikoki indigenak baztertu egin dituzte, gu ez gara beren parte, nahiz eta barruan egon». Borroka eginda lortu dituzte eskubide batzuk. Konstituzioak, esaterako, nasa herri gisa aitortzen du, eta nasa-ywera hizkuntza ofiziala da, baina praktikan haren aldeko politikarik ez dutela egiten nabarmendu du Iscook. Autokritika ere egin du. Haren ustez, herriak ere «ez du ezer egin» eskubide horiek betearazteko: «Kontzientzia eta argitasun falta handia dago; hilda dago hau». Orain daukaten egoerak, indigenen errealitateari ez diola erantzuten uste du Iscook: «Autonomia behar dugu; baina, horretarako, guk horretan sinistu behar dugu lehenengo».
Ekuadorren, ez da ofiziala
Kitxua da Marco Leon Siza. Hego Amerikako zati handi bat hartzen duen komunitatea da kitxuena, baina Siza Ekuadorko hiriburuan bizi da, Quiton. Perun, Bolivian eta Kolonbian ez bezala, Ekuadorren kitxua ez da ofiziala, «kultura arteko hizkuntza» dela adierazten du 2008ko konstituzioak. Horregatik, kontraesan handikoa iruditzen zaio beren egoera. «Bada aurrerapen moduko bat, orain dokumentu batzuk baditugu gure hizkuntzan, eta itzulpenak ere egin ditzakegu, horrek ez du esan nahi, eskubide guztiak betetzen direnik». Hizkuntza politikarik ez dago, eta agintariek sarri «elementu folkloriko» bezala erabiltzen dutela nabarmendu du: «Hori ez da lagungarria hizkuntzaren garapenean».
Hain zuzen, kitxua sustatzeko Kitxu ikerketa zentroan lan egiten du. Ekuadorrera bizitzera joan diren kitxuek osatzen dute taldea. Hizkuntza, elikadura eta eraikuntzaren inguruko ikerketak egiten dituzte. «Ikuspegi osagarria daukagu. Argi daukagu ezin dugula iraganera itzuli, baina gure iragana zainduz eta hura ikasiz, gure tradizioa gaur eguneko baliabideekin eraiki nahi dugu». Kitxua irakasteko Internet erabiltzea jarri du adibide modura Sizak. «Kultura gauza dinamikoa da, eta guk gure garaiko zatia ipini nahi diogu gure kulturari». Oraingoz, kitxua irakasten duten bi zentro ezagutzen ditu, horietako bat berak lan egiten duen guneak jarria.
Turkian ere irakasten dute kurduera, baina etengabeko arriskuan bizi dira. Kurduera hutsean argitaratzen den egunkaria da Azadiya Welat, eta lanean dirauen arren, jazarpen handia jasaten dutela adierazi du Altunek. «Zuzendaria eta langileak jopuntuan daude une oro». Urrun ikusten du normalizazioa. «80ko hamarkadako estatu kolpeko legeak indarrean daude oraindik, eta, teorian, Turkian demokrazia dago». Sizak zailtasun handiagoak ikusten dizkio kutxueraz egunkari bat ateratzeari, «batez ere, kitxuarren gehiengo handi batek kitxua irakurtzeko zailtasun nabarmenak lituzkeelako». Hori bai, kitxuerazko irratia badute.
Ikasten eta ezagutzen
Ikasturteko lehenengo egunak izan arren, gustura daude, batez ere, bakoitzaren esperientziak partekatzeko baliagarri ari zaielako izaten. Kontinente desberdinetatik etorri dira, eta horrek «aberastasun ikaragarria» ematen diela nabarmendu dute. Altunek zera esan du: «Bitxia da, elkarrengandik oso urrun bizi arren, egoera berdinean gaude hemengo herri guztiok». Euskal Herrira ekarri zituen ideietako batzuk koloka jarri zaizkiola esan du. «Kurdistan Turkiako autonomia bat izatea ez nuen horren begi txarrez ikusten, baina hemengo esperientzia ikusita, ikasi dut hori ez dela nahikoa». Sizak honela jarraitu du: «Hemen argi ari dira hitz egiten, eta hori eskertzen da».
Ikastera etorri dira, baina ikasgaia bertatik bertara izateko, hainbat txango dauzkate antolatuta. Aurreko asteburuan Oiartzunen izan ziren, Aritxulegin(Gipuzkoa); Ipar Euskal Herrira ere joatekoak dira, baita Nafarroara ere. Sorterria gogoratzen dio Iscoori. «Gure lurraldean ere landaredia handia dugu, eta ibiltzeko ohitura ere, ikaragarria. Espero dut oinez asko ibiliko garela». Ezagutza aldetik, ikasturte oparo izango dute.
Ezarian. Hizkuntza komunitate gutxituak
Euskararen iturritik edatera
Naziorik gabeko herrietatik etorritako hamalau lagunek hiru hilabete igaroko dituzte Eskoriatzan; hizkuntzaren eta kulturaren normalizaziorako estrategiak ikasiko dituzte, gero euren herrian aplikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu