AEKko barnetegira helburu desberdinekin joaten dira ikasleak. «Ni bakantzak pasatzera etorri naiz, giroa bikaina delako», azaldu du Adrian Riosek: Aguraingoa da, arabarra, eta hirugarren aldia du Urepeleko (Nafarroa Beherea) ikastaroan. Carina Wintersteller Austriakoa da, eta «euskara hobetzera» joan da Urepelera, baita «leku berri baten ezagutzera» ere, Hegoaldea jadanik ongi ezagutzen baitu.
Laurena Horaut Perez A2 mailako irakaslea da; duela hilabete AEKko ikaslea zen oraindik: «Erronka handia da niretzat, oraindik zaila zaidalako dena euskaraz egitea, baina maite dut irakasle izatea».
Goizero joko batekin hasten dute eguna ikasleek. Ondotik, klasera joaten dira, bakoitza bere mailako kideekin: A2tik C1era arteko mailak daude barnetegian. Dudarik gabe, ikasleen momenturik lasaiena bazkalosteko pausa izaten da; batzuk musean ari dira, eta bertze batzuk siestan daude, gauean egindako lo gutia errekuperatu nahian. Arratsaldeko klaseak 15:00etan hasten dituzte, eta, goizean ez bezala, arratsaldean ez dute pausarik egiten. Lisa Renaud A2 mailako ikasleak, haatik, aitortu du legea desbideratzea lortu dutela: «Irakaslearekin negoziatu dugu pausa bat ukaitea».
Gauean pintxo lehiaketa izan dute; beraz, klasea bitan zatitu, eta pintxoak prestatu dituzte. B1 mailakoak gazpatxoa prestatzen aritu dira, eta C1 mailakoak, berriz, binaka eguneroko bizimodua erakusten duten argazki batzuk deskribatu nahian aritu dira mintzapraktika saioan. «Mintzamena da lehentasuna, mintzarazi behar ditugu», erran dute Leiane Madariaga eta Laurena Horaut A2 eta B1 mailako irakasleek. Pintxoak mailaka prestatu dituzte, eta sukaldariek eta koordinatzaileek ere lehiaketan parte hartu dute.
Upelaren inguruan
Pintxoak prestatu ondoren, ikasle batek «txotx» erran eta kanpoan instalatua duten upelaren inguruan elkartu dira denak, sagardo baso baten hartzeko. Ohitura da, eta egunean zehar hainbat aldiz egiten dute.
Dom Campistron artista joan zaie hitzaldia ematera arratsaldean. Bere bizitzari buruz mintzatu da, eta ikasleek prestatuak zituzten galderak egin dizkiote. Hitzaldia ere «txotx» hitza esanez bukatu du Campistronek, eta denak sagardo baso baten hartzera joan dira, beste behin.
Azkenean, pintxo lehiaketako talde bakoitzak bere pintxoa aurkeztu du, umorea eta antzerkia uztartuz. Ondoren, kontrabandokoak instalatzen hasi dira, eta, pintxo lehiaketa bukatu bezain laster, kantuan hasi dira, kantu liburuxkak banatuta. «Eguna ongi bukatzeko, besta pixka bat egiten dugu», adierazi du Emilie Vilaçak. Beste aukera bat mintzapraktikan segitzeko.