Lurringilea eta Durangoko Sanchotena dendaren jabea

Maria Eugenia Sanchotena: «Ez daukagu usaimen hiztegirik: paisaia bat deskribatzen irakatsi digute, baina aroma bat ez»

Oroitzapenak perfume bihurtzen ditu Sanchotenak. Usaimena «bigarren mailako» zentzumentzat jotzea gaitzetsi du, eta esan hura entrena daitekeela, urrinaren molekula bakoitza usaintzeraino.

Maria Eugenia Sanchotena. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
JAIZKI FONTANEDA / FOKU
amaia igartua aristondo
Durango
2026ko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dendara sartu eta berehala nabaritu du usaina, airearen freskotasuna baino are lehenago. «Gaur sekulako nahastea dago!», laburbildu dio Maria Eugenia Sanchotena lurringileak (Rosario, Argentina, 1972). Bisitariak aniztasun hori harrapatu du, baina ez da gai osagai bat bera ere identifikatzeko. Profesionalak aletu dizkio ñabardurak. «Gustatzen zait herrian gauzak ebakitzen joatea. Altzifredi hosto batzuk ebaki ditut, mendarekin ere ibili naiz... Eta gaur, zehazki, perfume bat bota dut, sintetikoa, Matilde markakoa: loreak dauzka, anbara, musketa...». Altzifredi zati bat eman, eta igurzteko esan dio. «Denda ireki dudanean, berdearen usain nabarmena zegoen, baina sudurra ohitu egiten da. Usaimenak hori du: lehen minutuetan zure garuna erne dago zu babesteko, eta detektatzen duenean usain hori ez dela arriskutsua, blokeatu eta ez duzu berriro sumatzen, beste baten bila ari delako».

Baina ia ordubetean usaina ez da erabat desagertu, eta bolada jakin batek girotu du aldiro solasaldia Durangoko (Bizkaia) Sanchotena lurrin dendan.

Gogoan dituzu haurtzaroko usainak, Rosariokoak?

Bai. Garunak usainak gogoratzen ditu, batez ere haurtzarokoak; usain hori identifikatua ez daukazun arren, bat-batean esaten duzu: «Hara, nire ume garaiko usain bat da!». Lurringintza ikasten ari nintzenean gertatu zitzaidan hori; bereziki gogoratzen ditut egur usainak, udako euriarena, porlanarena... Rosario hiri handia baita, eta kontraste horiek ditu: batzuetan hiria, beste batzuetan landa.

Hemen harrapatutako usainen batek eraman zaitu inoiz hara?

Bai, batez ere Urkiolan. Lur usaina dauka, hezetasuna... Horiek bai, horiek oroitarazten didate Rosario, batik bat ni bizi nintzen auzoa, leku apartatuago bat; Rosariok ez dauka mendirik, baina bai belar hezearen usain hori, ihintzarena...

Bezeroentzat, batez ere neurrira egindako lurrin bat nahi dutenentzat, hori izaten da helburua? Usain batzuk berreskuratu ahal izatea?

Bai. Batzuetan, bezero batek ez daki oso ondo neurrira egindako lurrina zer den. Batzuek ez dakite oroitzapen bat sor daitekeenik.

Nola lortzen da?

Galdera asko egin behar ditut. Ez daukagu-eta usaimen hiztegirik: paisaia bat deskribatzen irakatsi digute, baina aroma bat ez, eta asko kostatzen zaigu hitzak aurkitzea zerbaitek zer usain duen esateko. Beraz, interpretatu beharra daukat zer esanahi duen pertsona horrentzat goxoak, mikatzak, gaziak... Galdetzen diot zaletasunen inguruan, zer duen gustuko jatea, nolako musika entzuten duen, zer arroparekin edo zer girotan sentitzen den eroso... eta hori guztia usain bihurtuz joaten gara. Bigarren hitzordu batean, hainbat lehengai aurkezten dizkiot, gure inguruko paisaiez ahazten baikara, eta mendaren, eukaliptoaren eta abarren usaina galtzen baitugu. Hortik aurrera, osagaiak aukeratu eta baztertu egiten ditugu.

«Garunak usainak gogoratzen ditu, batez ere haurtzarokoak; usain hori identifikatua ez daukazun arren, bat-batean esaten duzu: 'Hara, nire ume garaiko usain bat da!'»

Hogei urte baino gehiago daramatzazu lurringintzari lotuta. Harremana Argentinan hasi al zen?

Argentinan lurrin kontsumitzailea nintzen. Maite nituen lurrinak, eta ohiko bezeroa nintzen. Eta hemen aukera izan nuen lurringintza kate batean lanean hasteko, eta gero beste pare batean. Horrez gain, neure kabuz ikertzen ere hasi nintzen, eta lurrinak nola egin ikasi nuen gero.

Kate horietan lan egin zenuen urteetan asko ikasiko zenuen jendearen gustuen inguruan...

Galderak egiten nizkien: adibidez, zertarako nahi zuten lurrina, zer sentitu nahi zuten hura ipintzean, eguneko zer unetan erabiltzeko asmoa zuten —ekitaldi berezi baterako bazen edo, besterik gabe, lanera joateko—... Abisatzen nien galdera asko egingo nizkiela lurrinik egokiena gomendatzeko.

Jendeak, oro har, ez baitaki ondo aukeratzen, ezta?

Ez, ez. Asko kostatzen da, zeren, gainera, lurringintza horren helburua da bezeroak zerbait erostea hamabost minutuan: sartu, usaindu, eta alde egin. Eta, aldiz, egile edo nitxo lurringintzan, kontzeptua beste bat da. Lurringintza lasaiagoa da, pertsonak denbora hartu behar du; are, nik ere nahi dut denbora har dezaten usainez gozatzeko, nola eginda dauden antzemateko... Artistikoagoa da.

Zergatik erabaki zenuen ikasten hastea?

Lehenik eta behin, gehiago jakin nahi nuen; beti gustatu izan zait ikastea. Eta nahi nuen jendeak uler zezala usaimenaren zentzumena, daukan garrantzia, usainen eraikuntza uler zezatela, eta zer dela-eta ari garen beti usain berriak deskubritu nahian.

Hemen inguruan jaso zenuen prestakuntza? Ba al dago aukerarik?

Prestakuntza pandemian egin nuen, beste askok bezala. Ez nuenez lanera joan beharrik, aukera hori ikusi nuen, eta hiru urtez ibili nintzen ikasten —tira, arlo honetan sekula ez diozu ikasteari uzten—. Bitartean, Sanchotena denda zabaldu nuen 2021ean.

«Lehengai batzuk usaintzen ditugu, eta ez dute zerikusirik usaintzera ohitu gaituztenarekin. Lurringileek naturan existitzen ez diren aromak sortu dituzte»

Lurrin dastaketak antolatzen dituzu. Dastaketa hitza jan edo edan daitekeen zerbaiti lotuta egon ohi da, baina usainak ere dasta daitezke, ezta?

Bai. Justu udazkeneko lurrinen dastaketa izan genuen orain dela gutxi; urtean lau antolatzen ditut, urtaroei lotuak. Dastaketak egiten ditut, halaber, marka berri bat sartzen denean, adibidez, jendeak ezagut dezan haren usaimen filosofia, eta tailerrak ere egiten ditut, lurrinak desegiten ikas dezaten, eta gero berriro egiten.

Eta ñabardurak harrapatzeko, ezta?

Adibide asmatu bat: esaten digutenean zerbaitek jasmin aroma duela, ados, barneratuta daukagu. Baina benetan jasmina usaindu duzu? Jasminaren konposizioa antzematen saiatu gara? Lehengai batzuk usaintzen ditugu, eta ez dute zerikusirik usaintzera ohitu gaituztenarekin. Bioletak fantasiazko lurrina dauka: asmatutakoa da. Mitxoletak ere ez dauka usainik, orkideak ere ez... Lurringileek naturan existitzen ez diren aromak sortu dituzte.

Urrinak esajeratzera jo dute?

Ez: usain naturala ezkutatu dute. Simulatu dute, baina forma oso apal batean. Molekula sintetiko batzuk, zeinak ez ditugun kontzienteki igartzen baina usaintzen ditugun, nahiko adiktiboak dira. Norbaiti perfume natural bat erakusten diodanean, fuerteegia iruditzen zaio normalean, eta kimiko sintetikoek ematen duten borobiltasun hori falta zaiola; perfume sintetikoa oso atsegina da, baina natura ez, natura gordinagoa da. Eta, horrez gain, kimiko batzuek kalte egiten diete batzuei: buruko mina ematen diete, eztarriko narritadura, arnas nekea...

Modarekin gertatzen den bezala, perfumea ere nortasunari lotuta dago?

Bai. Azkenean, misterioa da. Usaimena sistema neurologiko bat da, eta bakoitzak bere lehentasunak ditu, nahiz eta etxe berean hezi, familia berean... Eta guztiok ez daukagu usaintzeko gaitasun bera. Beraz, usain batzuek gehiago errepresentatzen gaituzte, erosoago sentiarazten baikaituzte, edo babestuago, seguruago...

Ikasten hasi zinenean, hobeto usaintzen hasi zinela igarri zenuen?

Bai. Usaimena entrena daiteke, sommelierrek egiten duten antzera, ñabardurak detektatzeko. Egiaz, sommelierrak akatsak harrapatzen ditu, ardoan egon behar ez luketen molekulak. Ordea, lurringileak guztiak antzematen ditu, molekula guztiak erabiltzen ahalegintzen da sorkuntza bat egiteko. Jasmin naturala usaintzen duzunean, adibidez, molekuletan bana dezakezu; molekula bakoitza usaintzen ikasten duzu.

«Zahartzaroan, azalak lehen adina kolageno, elastina eta abar ekoizten ez duenez jada, beste usain bat hartzen du. Perfumearekin nahastuta, batzuetan usaina ez da oso atsegina izaten»

Kontzeptu bat aipatu duzu: usaimen filosofia. Zertan datza?

Marka bakoitzak filosofia jakin bat dauka. Adibidez, moda lantzen duten markek ere beren filosofia daukate: brodatua, larruaren artisautza... Segun. Lurringintzan beste hainbeste gertatzen da, gutxi gorabehera. Markek agian euren oroitzapenak, edo bizipenak, edo esperientzia transmititu nahi dute usaimenaren bidez. Hori asko gertatzen da egile lurringintzan: lurringile horrek istorio bat kontatu nahi du aromak erabilita. Uste dut filosofia hori bakoitzaren muina dela.

Zein da zurea?

Nik natura maite dut, batez ere. Oso garrantzitsu deritzot arbasoekiko loturari; nire abizena agotengandik dator. Beraz, eskuzko lan hori guztia, bai egurrarena, bai zeramikarena, bai pinturarena... Gustuko ditut hiru adar horiek.

Urteen poderioz, jendearen janzteko modua aldatu egiten da. Beste horrenbeste gertatzen da lurrinarekin?

Bai. Gazteagoak garenean, salbuespenak salbuespen, perfume goxoak bilatzen ditugu. Esaten dute amaren usainarekin lotura duelako gertatzen dela hori. Gero, beste usaimen nortasun batera jotzen dugu: seduzitzeko perfume bat nahi dugu, limurtzekoa, konkistatzekoa... Eta, hortik aurrera, perfume diskretuagoak bilatzen ditugu, apalagoak. Eta nagusiak garenean, hor gauzak aldatzen dira. Hasteko, usaintzeko gaitasuna murrizten zaigulako. Orduan, hainbat gauza gerta daitezke: norbaitek zure perfumea aukeratzea, lurrina jada ez usaintzea, edo zure usaimen galeraz ez konturatzea eta kiratsa darion bat erabiltzea. Zahartzaroan asko gertatzen da hori. Eta azalak lehen adina kolageno, elastina eta abar ekoizten ez duenez jada, beste usain bat hartzen du. Perfumearekin nahastuta, batzuetan usaina ez da oso atsegina izaten.

Zure lehentasunak ere aldatu dira?

Ni lehen urrin goxoen oso-oso zalea nintzen. Gogoan dut inork nahi ez zuen perfumea eskatzen niela Rosarioko lurrin dendetako saltzaileei; saltzen ez zutena, horixe erosten nien nik, eta poz-pozik ateratzen nintzen [barrez]. Noski, gero esperimentatu beharra zegoen. Behin, taxi batera igo nintzen eta taxilariak zera esan zidan: «Ez dakit usainaz zer esan. Desberdin usaintzen du». Orain konturatzen naiz bide beretik noala: perfume arraroak maite ditut, desberdinak. Eta aldatu naiz, e? Orain nahiago ditut arinagoak, zitrikoak...

Aroma batzuek arrakasta handiagoa izaten dute bezeroen artean?

Bai. Tira, inkontzienteki beti bilatzen dugu babestuta egotea, gustura, eta hori azalaren usainak eragiten digu. Oso usain leuna da, garbia, diskretua: musketa famatuak. Baina ohitu gaituzten musketak. Horrekin sentitzen gara gustura, gure azalarekin identifikatzen garelako.

«Perfumeen 'irteera aldea' deitzen diogun horretan molekularik arinenak daude, batik bat zitrikoak. Zitriko gehienek oso gutxi pisatzen dute, eta horregatik dira alde egiten lehenak»

Eta zeintzuk dira usainik zailenak, gutxien gustuko dituztenak?

Badago lehengai bat oud izenekoa. Agar arbolaren erretxina bat da, Somaliatik eta Indiatik dator, besteak beste. Bakterio batek usteldu eta desegin egiten du arbola horren egurra, eta ilundu egiten du: oso usain indartsua da. Hemen, Mendebaldean, ez gaude aroma horretara ohituta, arbuioa eragiten digu. Baina zergatik da? Usaimenak babes zentzumen gisa jokatzen duelako. Haren helburua ez da zuk ondo usain dezazun. Aro Modernoan aldatu zen hori. Aurretik, usaimenari esker, arriskua detektatzen genuen, euria egingo zuela, jaki bat ustelduta zegoela... Gaixoek usain berezi bat zuten, eta ez zinen haiengana gerturatzen... Umeek ama topatzeko baliatzen zuten... Gero, oso bisualak bihurtu ginen, eta usaimena bigarren mailara baztertu genuen. Are, jende bati zera entzun izan diot: «Nik zentzumen bat galdu beharko banu, nahiago nuke usaimena galdu». Kontuz: zentzumen oso babeslea da.

Beraz, zer gertatzen da? Usaimenak ez duenean zerbait ezagutzen, lehen mezua da: «Ez dut gustuko. Hortik ez». Baina denbora igaro eta gero berriro antzematen duzunean, garunak gordea du, eta hau dio: «Tira, ez da hain txarra». Eta hura onartuz zoaz. Agian ez zaizu gustatzen, baina jada ez dizu lehen aldiko arbuioa eragiten. Asko gertatzen da oud-arekin. Baita animalia usainekin ere, baina ohitu gaituztelako denak usain ona, atsegina eta leuna izatera. Eta, azkenean, izerdi usaina, gure gorputzeko jariakinena, ez da txarra, baina estali egin dugu, kamuflatu.

Perfumeen sorkuntzan, zer garrantzi dauka molekulen pisuak?

Pisu horien arabera sortzen dira perfumeak. Lurrinak piramidalak dira: oinarrian molekularik astunenak daude —musketak, egurrak, erretxinak, sustraiak...—; gero, bihotza dago, pisu ertaina duten lehengaiez osatua —loreak, belarrak, konifero batzuk eta haien hostoak...—; eta irteera aldea deitzen diogun horretan, molekularik arinenak daude, batik bat zitrikoak. Zitriko gehienek oso gutxi pisatzen dute, eta horregatik dira alde egiten lehenak.

Usaintzen diren aurreneko aromak dira?

Bai, baina bizialdi oso laburra dute; berehala desagertzen dira, eta sudurra bihotzeko usainak detektatzera pasatzen da. Ordu erdi ingururen ostean, jada oinarriko aromak geratzen dira, aurreko molekulen arrasto batzuekin. Hori ederra da: perfumeak eboluzionatzeko zain egon behar dugu beti.

Tailerrez, dastaketez eta lurrinen sorkuntzaz gain, baduzu denborarik ikerketarako?

Bai. Batez ere usaimenari buruz ikasten dut, zentzumen horren jokaeraz, baita azalaren koloreak, arrazak, giroak, bizilekuak eta beste aldagai batzuek duten eraginaz ere. Horrek guztiak jakin-min handia sortzen dit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA