Korterraza Araba film laburren XVI. jaialdiak Arabako hainbat gune zeharkatu ditu, eta gaur Amurrio bisitatuko du. Urtero bezala, jaialdian lau bildumetan sailkatu dituzte film laburrak: Super Selekzioa, Komedia, Txiki eta Mix. Gaur, herriko biztanleek Mix kategorian dauden film laburrak ikusteko eta puntuatzeko aukera izango dute, Amurrioko udako igerilekuetan, 22:00etan eta doan; euria egingo balu, zinema aretoa zentro sozialera mugituko dute.
Adin guztietakoentzako ikus-entzunezko eskaintza izango da gaur Amurrion, terrazako eserlekuak askotariko jendeak har ditzan. Hasteko, umeentzako hiru lan ikusiko dira pantailan: Colis suspect (Antoine Carayole zuzendari), Coup de soleil (Elisa Cavalli) eta El Dodorado (Talhia Brom). Sei minutuko film laburrak dira hirurak, marrazki bizidunezkoak, eta gai askotarikoak aztertzen dituztenak. Lan horiek behatu ondoren, pixka bat luzeagoak diren film laburrak jarriko dituzte jaialdian: El lado mas bestia de la vida (Jose Antonio Campos Aguilera), Komando Marmitako (Uxue Botas eta Ane Nafarrate), La Mort (Jesus Martinez), Depredador (Javier Fesser), ¿Como que abuela? (Xabi Vitoria) eta Palpito (Marisa Crespo eta Moises Romera). Komedia da aurten gailendu den generoa, baina thrillerrak ere aurkeztuko dituzte.
Parte hartuko duten film laburrek hamar sari irabazteko aukera izango dute; guztira, 8.000 euro inguru banatuko dituzte sarietan. Publikoak ere bi sari banatuko ditu: Laboral Kutxa-Publikoaren Saria eta Sensibiliza saria. Amurrion proiektatuko diren lanak hiru kategorien nahasketa direnez, kategoria bakoitzean banatuko diren sariak ere kontuan hartu beharko dira. Sail Ofizialeko film laburrak Alex Angulo eta Keler sarietarako hautagai izango dira; ikusleek Publikoaren Sariaren alde bozkatuko dute, eta komediak protagonismoa izango du komedia onenaren Eleyco taldearen sariarekin.Â
Txiki sailean, Korterraza Txiki-El Correo saria emango diote irabazleari, eta Bertako Igogailuak-Euskara Saria emango diote euskarazko lanik onenari. Gainera, aurreko aldietan bezala, jaialdiak lan bakoitzak izan duen ikusle kopuruagatik ere ordainduko du.
Lanen baldintzak
Pantailetan gaur agertuko diren irudiak sortzeko, zuzendariek baldintza batzuk bete behar izan dituzte, aurretik jaialdiak zehaztutako arau batzuk. Hasteko, modalitate bakoitzean aurkeztutako lanek 30 minutu iraungo dute gehienez. Ikus-entzunezko lanak mutuak nahiz soinuarekin izan daitezke, baina azpidatziak gaztelaniaz edo euskaraz dituzten filmak bakarrik aurkeztu ahal izango dira jaialdira.Â
Izena emateko epea 2025eko otsailaren 26an hasi zen, eta parte hartzaileek maiatzaren 16ra arte izan zuten euren ikus-entzunezko proiektuak bidaltzeko. Ikus-entzunezko lan bakoitzaren atzean sorkuntza, grabazio eta edizio prozesu luzea dago, baina, freskotasun eta berritasun kutsua mantentzeko, 2023tik aurrera egindako lanak baino ez dira aurkeztu. Aurreko edozein lan ez da proiekzio zerrendetan sartu, Txiki atalean izan ezik, edozein urtetan egindako lanak onartzen baititu. Film laburren zerrenda jaialdia antolatzen duten Kultura Kalean elkarteko kideek aukeratu dute.
Gaurko ekitaldian ez da eskaintza musikalik egongo, baina jaialdiaren lehen atala aurkeztu zutenean, ekainaren amaieran, Mississipi Queen & The Wet Dogs, The Bellrays, AC The Band eta Still River taldeen kontzertuak izan ziren. Nahiz eta musikarik ez egon, bisitariek aukera izango dute doan aurtengo Korterraza Araba film laburren jaialdian aurkeztu diren lanetako batzuk ikusteko.